Udal eta foru hauteskundeak 2019

EAJren lanerako gaitasuna azpimarratuta egin dute jeltzaleek kanpainako ekitaldi nagusia Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko mai. 16a, 13:17

Atzo, asteazkena, udal eta foru bozetako nahiz Europako hauteskundeetako ekitaldia egin zuen Azpeitiko plazan. Bertan izan ziren, besteak beste, Amaia Etxeberria Azpeitiko EAJren alkategaia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako hautagaia, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea, EAJren eskualdeko hainbat alkategai –Garikoitz Mendizabal, Javier Zubizarreta, Xabier Txurruka...–, Gipuzkoako hainbat diputatu –Jabier Larrañaga eta Ainhoa Aizpurua, besteak beste–, Batzar Nagusietarako hainbat hautagai, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Joseba Agirretxea Espainiako Kongresuko diputatua eta Maribel Vaquero senataria. Gainera, dozenaka herritar izan ziren EAJk plazan egin zuen ekitaldian.

Amaia Etxeberria izan zen hitza hartzen aurrena, eta hark azpimarratu zuen Azpeitiak "bultzada berritzaile eta eraginkorra" behar dituela, azken urtetan bizi izan duen "geldialdiarekin" bukatzeko. "Indarra eta lan egiteko gogoa Azpeitiaren ezaugarriak dira. Iraganean, egon zen garai bat zeinatan Udalak, EAJrekin, asmatu zuen energia hori guztia kanalizatzen eta Azpeitia alor askotan eredugarri izaten", azaldu zuen. Hala ere, Etxeberriaren ustez, azkenaldian herria "geldo" dago: "Ez du lortzen aurrera egiterik". EAJren alkategaiaren ustez, egoera horren erantzulea EH Bildu da, aurreko Udal Gobernuen "errentetatik bizitzen" egon delako. "Orain, ordea, errenten poltsa hori hustu denean, gaur egungo Udal Gobernuaren ezintasuna agerian geratu da". Etxeberriak azaldu zuenez, programa "sendoa" aurkeztu du Azpeitiko EAJk, hortik abiatuta berriz Azpeitia "indartsua" eraikitzeko. "Azpeitiak galdu duena berreskura dezan", Etxeberriak azaldu zuen industria, gizarte justizia, pertsona erdigunean jartzen duen hirigintza politika, elkarbizitza eta kultura direla Azpeitiko EAJren bost apustu nagusiak.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EAJren hautagaiak hilaren 26ko udal eta foru hauteskundeen garrantziari egin zion azpimarra, eta herritarrei gogorarazi zien egun horretan bi aukera dituztela: "Aukeratu egin behar dute: geldialdira eta liskar amaigabeetara itzuli edo EAJrekin elkar ulertzetik aurrera egin". Hark azaldu zuen jokoan dagoena zera dela: "Gatazka soziala ezaugarri zuten garaietara itzultzea edota etorkizunera begiratzea herritarrak entzuten dituzten, ekonomia lehenesten duten eta era egokian kudeatuta dauden erakundeekin". Olanok azpimarratu zuen Gipuzkoa orain dela lau urte baino "sendoago" dagoela arlo sozialean nahiz ekonomikoan, "eta batez ere elkarbizitzaren esparruan". Hark azaldu duenez, elkarbizitzak "nabarmen" egin du hobera: "Alde batetik, indarkeriaren zikloa gainditzea lortu dugulako; eta bestetik, atzean utzi digulako aurreko agintaldian Gipuzkoaren ezaugarri izan zen polemika, etengabeko eztabaida eta liskar giroa". Haren ustez, EAJren politika egiteko moduak eragin du hobekuntza hori. "Gurea eredu ezberdina da, aurreratuagoa, gizarteari era aktiboan entzutea eta denontzako gobernatzea ezaugarri dituena". Olanok beste bi aldaketa ere nabarmendu zituen: "Alde batetik, lehentasun osoa eman diogu ekonomiari; hau da, gure enpresen alde egin dugu, horien lehiakortasuna hobetzearen alde, kalitatezko enplegua sortzearen eta gizarte ezberdintasunak murriztearen alde. Bestetik, gurea kudeatzeko era eraginkorra da, arduratsua eta zorrotza, eta lau urte hauetan berriro ere demostratu egin dugu hori".

Izaskun Bilbao Europako parlamenturako EAJren hautagaiak 2008an ETAk Loiolan tiroz hil zuen Inaxio Uria enpresari azpeitiarra ekarri zuen gogora hitza hartzean. Haren aldeko txaloak eskatu zituen, eta gogorarazi zuen "ekintzailea izateagatik, Euskadi Europarekin lotzeagatik eta garraiobide garbiagoak sustatzeagatik" hil zutela Uria. Bilbaoren iritziz, gertaera hark zer pentsatua eman behar lieke "horrelako kausa bat defendatzen zutenei edota gisa horretan herria eraikitzea posible zela uste zutenei". Hori esanda, Gipuzkoaren eredu berritzailean jarri zuen arreta Europarlamentariak, "ezagutzan oinarritutako Europako garapen ereduarekin duen loturagatik eta lurraldeak duen bokazio sozialagatik". Bilbaok esan zuen "argi" geratu behar duela zer dagoen jokoan hauteskunde hauetan: "EAJren ereduak ideia modernoak ditu, garapen ekonomikoa eta soziala uztartzen ditu, eta ibilbide guztiz demokratikoa eta Europarekin lotura indartsuak dauzka. Beste txokoan, berriz, pentsatzeko eta egiteko bestelako moduak dituztenak daude; 'ez dakit', 'ez dut uste', 'horrela edo batere ez' eta 'nik esaten dudalako' esaten dutenak; zalantzak eta konplexuak dituztenak. Horien ibilbideari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu beharrezkoa dela gutxienez azalpen bat ematea, eta sinesgarriak izateko, barkamena eskatzea. Eta hori iraintzat har dezaketen bakarrak kontzientzia guztiz garbi ez daukatenak dira".

Ekialdiaren amaieran Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak hartu zuen hitza, eta hark ere EAJren eta "ezker abertzalearen" ibilbideak konparatu zituen: "Orain diote ez dela horretaz hitz egin behar, ezker abertzalearekin sartzen naizela PPren botoak lortzeko... Hori dena baino askoz serioagoa da hau guztia". Egibarrek argitu zuen EAJk 1977an hartu zuela "bide demokratikoak eta politikoak bakarrik" erabiltzeko erabakia, eta adierazi zuen erabaki hura "estrategikoa" izan zela. "Besteek beste bide batzuk hartu zituzten, eta orain gutxira arte horretan ibili dira. Horregatik, orain normala da herri honi azalpen bat edo beste zor izatea. Izan ere, estrategia horretan zeuden tokitik bide demokratikoetara pasatzea ez da zapata aldaketa soil bat". Europara begira ere jarri zen buruzagi jeltzalea: "Europa eraiki nahi bada, estatuak sortu aurretik Europaren orubean geunden herriek eta nazioek gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta kontinenteko errealitatean nola txertatu aztertzeko". GBBko presidentearen hitzetan, EAJk "lidergo argi baten alde" egin du Gipuzkoan, Azpeitian, eskualdez eskualde eta Europan: "Indartsuak gara taldean lan egiten, eta horregatik eskatzen dugu gure proiekturi bide emateko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide