Azken urteotan, gure inguruko pinudiak lehortzen ikusi ditugu onddo kaltegarrien ondorioz. Hori dela eta, pinudien lur jabeei bi irtenbideren artean aukeratu beharra sortu zaie. Batetik, gaitzari aurre egiteko kobre sulfatoa aplikatzea. Bide horri argi berdea eman zaion arren, gaitzak duen garapen maila dela eta, izango duen arrakasta oso dudakoa da, eta kalte ekologiko oso handiak sor ditzake oso eragin zabaleko botika baita kupre oxidoa. Bigarren aukera, Azpeitia inguruan dagoeneko egiten hasi den pinudien mozketa azeleratua da. Gogoratzen dugunetik zuhaitzez estalita egon diren malda askotan zuhaizpean gordeta egon diren harriak, etxeak eta txabolak ikusten hasi gara.
Eta pinudien hostean, zer? Hori da momentuan dagoen galdera nagusia, eta erantzuna gero eta gehiago ikusten ari garen eukaliptua izango delakoan nago. Kanpotik ikusita, eukaliptu eta pinu, biak, landaketetan asko erabiltzen diren espezieak diren momentutik, antzekoak direla pentsa daiteke. Baina hori ez da horrela. Ni parte naizen Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ekologiako ikerketa taldeak urteak daramatza erreken eta ibaien gainean landaketek sortzen dituzten eraginak aztertzen, eta datuek garbi erakusten dute kaltegarriagoak direla eukaliptadiak pinudiak baino.
Errekak behar duten energia kanpotik erortzen zaien orbeletik lortzen dute. Beste modu batera esanda, erreketan ditugun amuarrainek inguruko basoetako haltz, haritz eta abarren hostoetatik lortzen dute energia. Zuzenean ez, hostoez elikatzen diren xomorrotxo batzuk dauzkagu erreketan, eta amuarrainak zomorro horiek jaten dituzte. Hostorik ez bada iristen, zomorrorik eta amuarrainik ere ez.
Baina iristen den orbel mota ere kontuan izatea garrantzia berezikoa da. Zomorro horiek, duten gourmet jokaera dela eta, hosto bigun eta jaki askokoak behar dituzte. Haltza da horien hazkuntza, ugaritasuna eta biomasa gehien igotzen duen espeziea. Eukaliptu hostoarekin, aldiz, zomorroak gutxiago hazten dira, eta gehiago hil. Hostoetan biltzen dituzten sustantzia toxikoak dira kalte horien erantzule. Usain ederra dute, baina platerean inork ez lituzke nahiko.
Pinuen hostoak, azikulak, ere ez dituzte horren gustukoak, eta kontu horretan eukaliptuaren parekoa da. Diferentzia nabarmena mozketa epeena da: eukaliptua hamabi urtean behin mozten da, eta pinua 35-40 urtean behin. Pinudietan errekuperatzeko denbora izan ohi du bertako landarediak, baina eukaliptadietan errekuperatzen hasterako, berriro mozten dira. Bertako landaredia horrek eskaintzen die erreketako bizidunei behar duten kalitate altuko orbela.
Mozketek ere izugarrizko kalteak sortzen dituzte. Mozketa ondorengo erosio tasa altuak lurzoruaren galera dakar, eta mendi magalen emankortasunaren jeitsiera. Lurzoru hori erreketara iristen denean sortzen den kaltea ere gogorra da; zomorroak eta arrainak hil eta desplazatu egiten ditu ibaian behera. Mozketaren maiztasuna handitzen den heinean, kalteak ere jarraikorragoak eta larriagoak izango dira; eukaliptua izateak sortuko duen beste eragin bat.
Eukaliptua landatzeak ekar ditzakeen ondorioak ez dira erreketara mugatzen. Aranzadik egindako ikerketa batzuen arabera, anfibioak eta hegaztiak ere urriago izaten omen dira eukaliptadietan. Eukaliptuak lurzorua iragazkaitzagoa egiten duten substantziak askatzen dituenez, uholdeak eta lehorteak arruntagoak izan ohi dira eukaliptupean. Suteak ere errazago zabaltzen dira, azala askatzeko eta airean irtetzeko duen joera dela eta. Laburbilduz, eukaliptadiak pinudiak baino kaltegarriagoak dira natur baliabideentzat.
Eta zein da, orduan, soluzioa? Hirugarren aukera bat bada, bertako espezieak landatzearena. "Baita zera ere!", izango da askoren erantzuna, hirugarren aukera hori irakurritakoan. Izan ere, norberak landatutako zuhaitzetatik onura ekonomikoak, beranduenez ere, seme-alabek ateratzea nahi izatea guztiz logikoa da, baina onura horiek gero eta txikiagoak ari direla izaten edozein basojabek onartuko duen kontua da.
Bestetik, herritar bezala ere, gure herriko lurretan egiten denari buruzko gogoeta egitea beharrezkoa iruditzen zait, kaltegarriak izan daitezkeen beste zenbait jardueratan egiten den moduan (ezin da industria kutsakor bat jarri edozein lekutan edo edonolako isurketarik egin ibaietara, adibidez). Horie horrela izanik, lurzoru pribatuetan eukaliptuak? Beno... Baina erabilera publikoa duten lurretan ere hori nahi al dugu? Zein da herritarrentzat onura? Eukaliptua al da alternatiba bakarra? Edo badaude tarteko aukerak ere?
Guzti horiek eztabaidatu beharreko kontuak dira, eta pinudiek erakusten duten egoera ikusita, urgentzia berezia hartu du kontuak. Eztabaida horretan zientziak zer erakutsi duen garbi izan behar da, eta horretan ez dago inolako dudarik: ditugun pinudietan eukaliptua sartzeak kalte handiak sortuko lizkioke Azpeitiko ondare naturalari. Hori horrela izatea nahi den edo ez erabakitzea dagokigu herritarroi eta kudeatzaileoi orain.