Azpeitiko EH Bilduko hainbat kidek datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako prestatu duten herri programaren gaineko azalpenak eman dituzte gaur, astelehena, Basazabal jauregian. Eneko Etxeberria egungo alkateak azaldu duenez, programa "garrantzitsua" izaten da beti, asmo orokorrak zehaztu behar izaten direlako. "Gauzak zehazteak arriskua dauka, baina gauza onak ere bai; izan ere, gauza konkretuetan ekarpenak egin daitezke, eta guk horixe egin dugu. Proiektu batzuk aurkezten ditugu, ondoren herritarrekin elkarlanean garatzeko". Etxeberriak adierazi duenez, 2015eko udal bozetarako osatu zuten herri programa %100ean bete du EH Bilduk, "askotan gertatzen ez den moduan". Hark jakinarazi du "azpeitiar guztien bizitza hobetzeko" egitasmoak direla koalizioak programan txertatu dituenak.
Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak hartu du segidan hitza, eta hark esan du herritarren lehentasunak direla beraienak. Programa "herritarren iritzietatik abiatuta" osatu dutela jakinarazi du Alkortak; izan ere, hark adierazi duenez, lehenik, 750 herritaren iritziak jaso zituen EH Bilduk Zugandik hasita, herria egiten galdeketaren bidez; ondoren, herriko eragileekin bilerak egin zituen koalizioak; eta prozesua bukatzeko, proposamenak lantzeko arloz arloko bilerak egin ditu. Alkortaren arabera, programa "irekia" da: "Prest gaude edozein momentutan ekarpenak jasotzeko edo egokitzapenak egiteko, eta gainera, proiektuak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugu". Jaso dituzten iritziak kontuan hartuta, bost zutabetan osatu du EH Bilduk programa: lana eta ekonomia; gizarte babesa; etxebizitza; azpiegiturak; eta elkarbizitza.
EH Bilduk adierazi duenez, koalizioaren lan filosofia "berditasun balioetan" dago oinarrituta. "Programa osatzerakoan, erabakiak hartzerakoan zein eguneroko lanean, balio horiek erdigunean jartzea da gure erronka. Herri justuago bat helburu, badira sail zein proiektu guztietan zentralitatea izan behar duten zenbait balio. Gure ustez, gizarte hezitzaile bati begira, politika guztien erdigunean behar lukete parte-hartzeak, parekidetasunak, euskarak, ingurumenak eta inklusibotasunak". Koalizioak azaldu du ez duela arlo horiek baztertzen dituen proiektuak sustatzerik nahi, eta esan du horregatik izango dutela lerro horiek zeharkako izaera proposatutako proiektu guztietan. "Lan egiteko modu hau berritzailea da, eta ahalegina eskatuko duen arren, Azpeitia justuari begira emaitza oso onak eman ditzakeela sinesten dugu".
Ekonomiaren sustapena
Ekonomia sustatzeko neurri zehatzak jaso ditu EH Bilduk programan. Alkortak azaldu duenez, Azpeitiko langabezia tasa %7,8 da. Haren arabera, eskualdeko eta Gipuzkoako langabezia tasaren azpitik dago Azpeitikoa, eta hori "berri ona" bada ere, "lanean jarraitu" beharra dagoela azpimarratu du: "Lan baldintzak okertzea eta prekarietatea dira ziurrenik ekonomia krisiak utzi dizkigun ondorio larrienetakoak, eta errealitate hori gainditzeko, herri moduan lan egitea dagokigu". EH Bilduk herriko ekonomiaren motorra Udala izan dadin nahi duela esan du alkategaiak, eta Azpeitia 2025 Plan Estrategikoan onartutako lan lerroetan sakontzen segituko dutela azaldu du.
Ekonomiaren sustapenari lotuta, sei puntu zehatz jaso ditu EH Bilduk herri programan. Hain zuzen ere, langabetuei "zuzeneko arreta" eskainiko diela azaldu du Alkortak: "Langabezian dauden pertsonekin banan-banan egon, bakoitzaren egoera aztertu eta lan merkatuan txertatzeko aholkularitza eskainiko diegu horiei". Horrez gain, industria lurren gaiari helduko diotela ere esan du koalizioaren zerrendaburuak, Landetan "zaharkituta" gelditu diren industria eremua eraberritzeko plan berezia martxan jarriko dutela esanda. Gainera, tokiko merkataritza sustatzeko plan berezi bat egingo dutela ere adierazi du, eta jakinarazi du saltokiak irekitzeko laguntzak ematen segituko dutela. Lehen sektorean ere jarri du arreta, eta Azoka Plaza 2.0 proiektua martxan jarriko dutela zehaztu du, herriko hainbat jantokitan bertako produktuak kontsumitu ditzaten. Bestalde, turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten dutela azaldu du, eta Basazabal jauregian formazio zentroa garatu nahi dutela ere jakinarazi du.
Gizarte beharrak
EH Bilduk esan du pertsonak "oinarri eta helburu" dituen Azpeitia nahi duela. "Herritar guztiak baldintza duinetan biziko diren herria izan dadin nahi dugu. Inor baztertuko ez duen herria, ez baldintza ekonomikoengatik, ez pentsaeragatik, ez jatorriagatik eta ez sexuagatik", azaldu du alkategaiak. Adinekoetan jarri du arreta koalizioak, eta zerrendaburuak gogorarazi du Udalak azterketa bat martxan jarri duela, 10-15 urtera Azpeitiak adinekoen beharrei erantzuteko beharko dituen zerbitzuak eta azpiegiturak ezagutzeko.
Horrez gain, Alkortak esan du pentsiodunei 1.080 eurora iristeko dirulaguntza ematen jarraituko duela, lerroa indartuta eta alargunentzat zabalduta. Gainera, adinekoen egoitzan ere jarri du arreta; izan ere, Alkortak adierazi du Azpeitiak behar duen tamainako erresidentzia publikoa jartzeko konpromisoa hartzen duela taldeak. Bestalde, EH Bilduk azaldu du eguneko zentroan plaza gehiago sortzea, adinekoentzako zerbitzu berritzaileak garatzea, etxez etxeko zaintza zerbitzua indartzea eta etxebizitza tutelatuak eskaintzea direla koalizioaren helburuak. Halaber, dirulaguntzak, bekak nahiz arreta zerbitzuak indartuko dituela ere azaldu du EH Bilduren alkategaiak.
Etxebizitza
EH Bilduren aburuz, "oinarrizko eskubidea" da etxebizitza duin bat izatea, eta horregatik, Udala etxebizitza politika eraikitzen hasi dela azaldu du. Udalak eskaintzen dituen alokairurako dirulaguntzekin jarraituko duela esan du Alkortak. Horrez gain, gogora ekarri ditu Esklabetan eraikiko dituzten alokairu sozialeko 47 etxebizitzak, Alde Zaharrean Udalak erosi dituen eraikinak eta horietan eraikiko dituzten etxebizitzak, Babes Ofizialeko Etxebizitzen bi faseak –lehen fasean 29 etxebizitza esleitu dituzte eta 39 egingo dituzte bigarrenean– eta udal sustapenekoenak –lehen fasean 33 esleituko dituzte eta 28 bigarrenean–. Bestalde, molde berriko etxebizitzen gaineko parte-hartze prozesua ere martxan dela aipatu du.
Azpiegiturak
EH Bilduk azaldu duenez, herritarren bizi kalitatea "hobetzea" da koalizioaren helburua: "Horretan, hirigintza ereduak eragin zuzena du. Herritarren bizitza errazagoa egingo duen hirigintza ereduarekin jarraitu nahi dugu". Alkortak "akupuntura urbanistikoa" izan du hizpide, eta esan du mantenu lanek edota obra txikiek lehentasuna izango dutela. "Auzo guztietan hobekuntzak" egingo dituztela ere adierazi du, eta auzoetako bilerekin jarraituko dutela jakinarazi, "auzo alkateekin harremanak sendotuz". Bestalde, EH Bilduk gogorarazi du 50 autorentzako lur azpiko aparkalekua egingo dutela Alberdi Enean. Horrez gain, Azpeititik Urrestillara arteko bidegorria urte bukaerarako amaitzea aurreikusten duela azaldu du Alkortak.
Kulturari dagokionez, bi proiektu jaso ditu EH Bilduk programan: liburu denda eta euskara nahiz kultura lotuko dituen aterpetxea. Gainera, koalizioak adierazi du Dinamoa sormen guneko bigarren fasean –lehen faseko obrak bukatuta, aurki zabalduko dute gunea– musikaren eremuko lanak egingo dituela. Horrez gain, Corrugadoseko eremuari aterabidea emateko azterketa egin eta planteamendu egokia adosten saiatuko direla azaldu du koalizioaren alkategaiak.
Elkarbizitza
Alkortak gogorarazi du "sufrimenduz betetakoa" dela Euskal Herriaren historia, eta esan du Azpeitian ere urte luzez "sufrimendu asko" eragin duela indarkeriak. "Iraganetik ikasteko eta etorkizunari baikortasunaez begiratzeko unea da, eta oraindik ere agerikoak diren giza eskubideen urraketak gainditzeko lan egingo dugu", gaineratu du. Alkortak esan du memoriaren arloan "sakontzen" segituko dutela: "Edozein motatako biolentzia jasan duten biktimei aitortza eta errekonozimendua egiten segituko dugu. Iraganetik ikasi egin behar dugu etorkizunari modu baikorrean begiratuta". Bestalde, gaur egun gertatzen diren eskubide urraketak salatuko dituztela ere esan du: "Euskal preso politikoen eskubideen urraketak salatu eta beraien eskubideak errespeta daitezen lan egingo dugu". Alkortak adierazi du burujabe izango den Euskal Herria eraikitzeko lan egingo duela: "Aurrera egiteko beharrezkoa da herri honi aitortza egitea eta erabakitzeko eskubidea gauzatzea".
Nazio eraikuntza eta hezkuntza ere aipatu ditu EH Bilduren alkategaiak aurkezpenean, eta esan du koalizioak herri hezitzailearen ideian eta proiektuan sakondu nahi duela, euskal hezkuntzaren aldeko apustua eginda. "Formazio zentroa egokitzeko eta Hezkuntza Saila indartzeko apustua egingo dugu, gainera". Aurkezpenaren bukaeran euskara izan du hizpide alkategaiak, eta esan du euskararen normalizazioan "lo hartzerik" ez dagoela. "Gu eredu izan gaitezke, eta benetako apustua egin behar dugu euskara zerbitzu eta lan tresna izan dadin".