Otsailean Azpeitira etorri aurretik, Maider lagun zestoarrak jakinarazi zidan Zestoan hitano ikastaroa egongo zela eta nik ere baneukala han parte hartzea. Pozik eman nuen izena, eta oso ondo pasatu nuen ikastaroan. Gogoan dut orain dela 30 bat urte, Tokion bertan euskaraz ikasten hasi nintzenean, gure irakasle zenak (Suzuko Tamurak, hain zuzen ere) esan ohi zuena: "Gu bezalako kanpotarrak euskaldunekin hitanoz aritzea portaera ausartegia denez, ez dugu hitanoz egin behar".
Gauzak horrela, aditz forma batzuk ezagutu arren, ez nuen ikasi hitanoz hitz egiten. Baina ikastaroa zela eta, hitanoz ondo ikasteko gogoa piztu zitzaidan, eta klasetik kanpo ere saiatzen hasi nintzen hitanoz egiten. Lagun batzuek lagundu zidaten horretan; adibidez, Laratzeko Olatzek animatu ninduen hitanoz egitera, baina ez geundenez batere ohituta gure artean noka egitera, askotan esaten genion elkarri: "Aizan! Antzerkia egiten ari garela ematen din!", eta barrez lehertzen ginen. Beste lagun batzuk ere hasten zitzaizkidan noka egiten, eta ondo pasatzen nuen, nahiz eta oraindik ondo ez jakin.
Zergatik izan zen hain dibertigarria? Ba, ikusten nuelako gero eta hobeto ari nintzela, eta hobekuntza beti da pozgarria. Bestalde, banekien hitanoz hitz egiteko ohitura desagertzen ari dela Euskal Herrian orokorrean, batez ere noka hilzorian dagoela: batetik, neskei noka egiteari erabat utzirik, zuka egiten zaielako haiei; bestetik, neskei nokaren partez toka egiten zaielako (belanunaldi bateko zenbait hiztunek, behintzat). Beste gauza bat ere azpimarratu nahiko nuke: mutilek neskei ez badiete noka egiten, hitanoz hitz egitera animatuta dauden nesken artean soilik geratuko litzateke noka. Hori ere bizirautea denez, erabat galtzea ere hobe da, beharbada.
Euskararen ezaugarririk azpimarragarrienetako bat den hitanoak nondik norako bidea hartuko ote du? Zeinen esku egon daiteke haren etorkizuna?