Iñaki Elorza 'Txapas': "Teknikak eman digun aurrerapena atzerapausoa izan da harremanetarako"

Erabiltzailearen aurpegia 'Berria' egunkaria 2019ko eka. 3a, 11:20

Iñaki Elorza 'Txapas' sanfermin batzuetan lanean.

Aurtengoak izango ditu azken sanferminak Elorzak, erretiroa hartzear baita: uztailaren 14ko Gaixoa ni berezia izango da harentzat, festak ez ezik lan garaia ere bukatuko baitzaio. "Pribilegiatua" dela dio, irratia maite eta ogibide izan duelako. Berria egunkarian elkarrizketa egin diote azpeitiarrari.

Asko hitz egiten duen arren, ez zioten horregatik jarri Txapas ezizena Iñaki Elorzari (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952). Txapalangarra deitzen zioten Lodosako (Nafarroa) gerrillari Joaquin de Pablorengatik datorkio ezizena; Kixote deitzen zioten literaturako irakasle batek jarri zion. Harro onartzen du, ordea, eta gustatu ere gustatzen zaio istorioa kontatzea. Euskadi Irratian hasieratik ibilia, gutxi izango dira haren ahotsa entzun eta ezagutuko ez dutenak. Azken lan egunak ditu, ordea, uztailaren 14an hartuko baitu erretiroa, sanferminetako Gaixoa ni-rekin batera.

Kiroletako hainbat kontzeptu euskarara ekarriak dituzu: istorio bitxi bat omen da erantzulea.

1980an, maiatzaren bukaeran, Joxe Angel Iribarri omenaldia egin zioten; garai hartako 11 milioi eta 700.000 pezeta edo bildu ziren. Gauza bat segurua da: Azpeitian hiru etxe eder erosteko ematen zuen diru hark. Iribarrek, ordea, diru hori eman zuen kirola euskaraz egin zedin, zeren orduan ez zen ezer egiten: ez komunikabideetan, ez kalean; denok gaztelaniazko hitzak erabiltzen genituen. Miramongo itzultzaile eskolan nengoen ordurako, eta Jaxinto Setienek niri deitu zidan lan horretarako. Iribarren inguruak ez zekien hori nola bideratu, hau basamortu bat baitzen, eta UZEIra jo zuen Iribarrek: UZEIk kanpora atera zuen produktua, eta Gordailu argitaletxeari eman zion lana.

Ordurako Herri Irratian zinen?

Ez, ez. Setienek bazekien kirolzalea nintzela, eta edozein tokitara joaten nintzela kirolagatik. Esan zidan: "Futbol partidak euskaraz eman behar hituzke: balio duk horretarako". 1980 amaiera aldera Atotxara joan nintzen Gordailun genuen magnetofono xahar batekin, eta partida grabatu nuen. "Oso ondo zagok! Honek erdaren beldurrik ez zeukak!". Beti botatzen zuen halakoren bat Jaxintok, jarraitzera animatzeko. Igandero egiten nuen, baina beti niretzat edo guretzat.

Noiz hasi zinen, orduan?

1981eko hasieran izango zen: Eusko Jaurlaritzak Herri Irratiarekin akordio bat egin zuen, sei ordu euskaraz egiteko: musika programak, albisteak eta kirolak. Sei ordu horien arduraduna zen gero Euskadi Irratiko zuzendari izango zen Joxe Mari Otermin: ez dakit nola, enteratu zen bazegoela norbait futbola bere buruarentzat eta euskaraz grabatzen zuena [barreak]. Ordurako, hasia zen irrati-telebistarako eskola: berdin zen esatari, bikoizle... Han ere sartu nintzen. Gordailun eta eskola hartan nengoela, Oterminek deitu zidan, grabazio bat eskatuz. Eraman nion, entzuten hasi zen, eta esan zidan: "Irratian lan egin nahi al duk?". Eta nik baietz.

Ez zenuen duda gehiegi egin.

Batere ez. Realak etxean jokatzen zuenetan, gazteleraz eta euskaraz ematen genuen Joxean Alkortak eta biok. Hura oso ondo egon zen, zeren ordura arte hemengo jende guztiak belarria gaztelerara eginda zeukan. Elkarrizketak egiten genituenean, segituan konturatu ginen: edozein kirolarirekin hitz egin, eta topiko guztiak gazteleraz zekizkiten: "Hau nola esango dut, ba, euskaraz?". Alkortak eta biok saioa elkarrekin eginda, gazteleraz baino ez zekienari ez zion gehiegi molestatuko euskaraz aritzeak, eta euskaraz zekienari pixkanaka-pixkanaka joango zitzaion euskara sartzen. Dena kolpetik euskaraz egin izan bagenu, haientzat arrotza izango zen: atezaina, marrazaina, erasoa, esparrua... Hala hasi ginen.

Zer moduz moldatu zinen?

Urtebete pasatxon, denetik egin nuen: albisteak, futbola, pilota, arrauna... Arraunean, gainera, akordatzen naiz nire lehenengo zuzeneko kontakizuna zeinekin egin nuen: Mikel Albisu Antzarekin.

Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide