Badator greba. Ikastetxe pribatuetako irakasle langileen greba etorri den modura, badator. Aurreko batean ere horixe esaten zuen Sustrai Colina bertsolariak Jakin aldizkariaren zenbakietako batean. Ez, juxtu-juxtu, greba egingo genuela, baina etorriko zela greba egingo dugun eguna. Horretaz ari zen. Sortzaileen mixeriaz. Orain prekarietatea esaten diote. Izenak aldatzen gabiltza beti bizi guztian, besterik aldatzeko gauza ez garelako, nonbait. Lehengo mixeria gorria, prekarietatea da orain. Hitza askoz garbiagoa da prekarietatea, dotore antza du, leunagoa da, mixeriaren indarrik ez du. Mixeria hitzaren karga mingarririk ez prekarietate modernoak. Horrelaxe. Lanak gutxi ordainduak dira. Eskatzen duenak agintzen du. Berak jarri ohi du tarifa. Ez dago negoziazio aukerarik. Eta, beti, berak irabazten duena baino askoz gutxiago eskainiko du, baita bere dirutik ari ez bada ere. Beti gutxiago agintzea du lege. "Diru asko da hori", diote "hamar mila" aditu dutenean. Diru asko da hori. Urtean 82.000 euro baino gehiago jasotzen duenak esan dizu. Diru asko da hori. Egia da, diru asko da hori, 82.000 euro, lana eskatu dizunak urtean jasoko duen urteko dirutza. Zuzendaria da, jakina. Lana agintzea du lana. Agintzea du eginkizun. Eragitea. Ez egitea. Ez pentsatzea. Ez arakatzea. Ez ikertzea. Ez eskribitzea. Ez. Horrela, etorriko da greba eguna. Ezer eskribituko ez dugun eguna. Ez proiekturik aurkeztuko. Ez gidoirik. Ez hitzaldirik. Ez iritzi artikulurik. Ez marrazkirik. Ez aldarririk. Ez erreportajerik. Ez istoriorik. Ez nobelarik. Ez poemarik. Ez kanturik. Ez konturik. Ez zutaberik. Ez bertsorik. Ez irudirik. Ez.
Mundu bat isiltzeko
Etorriko da greba eguna eta geroztik ez da lanik egingo hutsaren truke eta debalde. Etorriko da greba eta geroztik inork ez dio sortzaileari lanik eskatuko musutruk. Fundizioan ari denari eskatzen ez dioten moduan. Edo telebistan lanean ari denari. Edo egunkarian. Edo aldizkarian. Edo eskolak ematen ikastolan, eskolan edota bestelako ikastetxeren batean. Etorriko da greba eguna, eta ordura arte egindako lanen ordaina eskatzen hasiko gara. Salatuko ditugu argitaletxe eta egunkari eta aldizkari eta diskoetxe eta udaletxe eta sortzaileen lana aintzakotzat hartzen ez baina haien kontura gizentzen diren -etxe modu guztiak, eta ez dugu ezer sortuko, isiltasuna besterik. Eta mundu hau kanposantua izango da, hitzik, irudirik, doinurik gabe. Mundu bat isil. Isil bete mundu. Orduantxe itzalaldia. Eta munduaren akabera izango da orduan. Eta munduaren akabera ez bada, haren antza izango du. Badator greba. Ikastetxe pribatuetako irakasle langileen modura, badator. Aurreko batean ere horixe esaten zuen Sustrai Colina bertsolariak Jakin aldizkariaren zenbakietako batean. Jakinaren gainean zaudete.