Bi ezaugarri bitxi dituzte Nuarbeko festek: data ezberdinetan ospatzen direla, batetik –maiatzeko bigarren hamabostaldian edo ekaineko lehen bi asteen barruan–; eta beti ilargi betea izaten dutela lagun, bestetik. A!, eta... Trinidade egun handia, beti igandean! Zein festek dute hainbeste pribilegio? Kar, kar, kar...
'Trinietako' lehen oroimenak hirurogeiko hamarkadakoak ditut. Zestogintza zen ogibide nagusia Nuarben, eta urteko "oporraldia" festa horiek osatzen zuten: hiru egun. Hamarkada hartakoa da kontaketa hau ere, Elizako autoritatearen eta autoritate zibilaren arteko talkaren istorioa. Dantza zen egitarauko gertakari estimatuena. Pil-pilean zegoen garai haietan dantza lotuaren gaia, "agarraubena"; erretorearentzat kontu ukiezina eta auzotarrentzat eutsiezinezko desioa. Baina festa batzordea, alkatearen onespenarekin, ausartu egin zen dantza lotua bultzatzera. Inguruetan gaia guztiz hedatua zegoenez, unea iritsi zenean, a ze morboa! Dantza lotuaren lehen konpasak entzun eta hasieran bikote bakan bat edo beste plazan. Lotsati. Gero mordoska, pixkanaka, eremua bete arte.
Bazen, ordea, asaldatuta zegoenik: abadea. Hurrengo egunetan, etxe bat edo beste bisitatu omen zuen, seme-alabek egindako "bekatuaz" gurasoak ohartaraziz eta neurriak hartzeko eskatuz. Handik lau egunera, Gorputz eguna ospatzen zen, eta ohitura zen plazan aldarea prestatzea, lorez eta zapi dotorez apainduta. Han egiten zen ospakizun erlijiosoa. Bada, urte hartan, aldarea ez zen plazan egokitu, baizik eta handik urrun, leku hura bekatuz "kutsatua" zegoelako. Beste garai bat, beste mentalitate bat, beste... Eta dantza lotuak izan al zuen jarraipenik? Garaiko auzo alkatearen hitzak dira honako hauek: "Jode, jode. Zenbat xextra ibili genuen dantza lotube bai ta ez, ta orain libre dagoenien... danak 'ostikoka', rediosss. Iñor ez agarrauben". Izan ere, orduantxe etorri ziren modan hainbat dantza moderno: rocka, twista, yenka... Garai haietan trinidadeek oihartzun zabala zuten inguruan. Baina disdira galtzen joan ziren. Zenbait auzotan galtzear daude edo galdu ere egin dira festak. Auzoen despopulatzeak, bistan dago, horretan lagundu du.
Egungo 'triniak'
Fortunaz, nuarbetarrek jakin izan dute garai eta moda berrietara egokitzen. Patxi auzo alkatea akuilari-gidari gisa, eta loretotarrak zutabe nagusi direla, zinez lan eskerga egiten dute antolaketan. Duela sei urte maskota bat sortu zen: Trini erlea. Zergatik erlea? Erlearen ezaugarri onberak eta auzotarrenak pareko direlako-edo, nonbait... kar, kar, kar. Kanta ere badute festek, Trini eta Triniak izenekoa, Izer trikitilariak sortua, auzokoa den Jasone Gereñoren letrarekin. Honela dio abestiaren leloak: Trini ta Triniak (bis) / sorginduko zaitu / Triniren irriak / Trini ta Triniak (bis) / Sorginduko zaitu erliak.
Ekaineko hirugarren asteburuan, badakizu non duzun zita: Nuarben. Sokamuturra, kantu-jira, herri afaria, erromeria, ume zein gaztetxoentzat jolasak eta ekitaldi bereziak, lagunarte aparta... Zer ez? A!, eta ortzian, Ilargi amandrea, gauzain ahaltsua, disdiratsua, leiala. Urtero bezala.