Izan dira Azpeitian ere udal hauteskundeak, eta EH Bilduk udal agintaldiaren parentesia luzatu du: irabazi egin du, eta beste lau urtez gobernatuko du udala. Gainera, nahiz eta hautetsi kopuruan berdin geratu diren (EH Bilduk hamar, EAJk zazpi), boto aldea nabarmen handitu da; duela lau urte diferentzia 776 botokoa izan bazen (3.760-2.984), joan den maiatzaren 26an, ia bikoitza: 1.464koa (4.489-3.025). EH Bilduk 2015eko bozetatik 729 botoko hazkundea eduki du, EAJk 41ekoa.
Gipuzkoako foru hauteskundeetan bien aldea txikiagoa izan da: EH Bilduk 3.850 boto, EAJk 3.345; aldea, 505 botokoa. Joera hori herrialde osoan ikusi da, eta EAJk Gipuzkoan foru bozetan 14.600 botoko aldea atera dio EH Bilduri, udalekoetan 700ekoa. Dena dela, Azpeitiko EH Bildurentzat eta EAJrentzat bada kontuan hartzekoa herriko foru emaitza. EAJk, esaterako, Espainiako azkeneko hauteskundeetan bezala berriro 3.300eko langa gainditu du.
Baina berriz ere ikusi da jeltzaleek badutela arazo bat Azpeitiko udal hauteskundeetan: 3.000 bototan dabiltza, hortik gora ezin eginda, eta horrela ezinezkoa zaio udal bozak irabaztea. EAJk Gipuzkoan foru errekorra hautsi du, baina Azpeitiko EAJ ozta-ozta pasatu da 3.000tik herriko bozetan. Badu zer hausnartua Uri Buru Batzarrak.
EH Bildu Azpeitian hegemonia instituzionala ezartzen ari da. 2011n Bildu aurkeztu zenetik, ezker abertzale zibil eta zabalak herrian hamabitik hamar hauteskunde irabazi ditu —bost mota desberdineko bozak izan dira—. Alkategaia aldatu du orain, Eneko Etxeberriaren partez Nagore Alkorta jarrita, eta erasanik ez; gainera, apurtu egin du (EH) Bilduren boto marka (2011ko herrikoetakoa: 4.333koa).
Eraldaketa kulturala
Horiek datuak eta azterketak. Parentesia luzatu egin da, beraz. Eta lehenengo aldiz alkatea emakumezkoa izango da. Azpeitiak aldatzen segitzen du, eta konpartitutako oinarri berritu batekin segitu behar du, hauteskundeak hauteskunde, udal gobernua udal gobernu eta testuingurua testuinguru.
Amets Arzallusena da ondorengoa, 2014an Sanagustin kulturgunean esana Aho Bizarrik Gabe solasaldian: "Fase luze bat itxi da [ETAren jarduera armatuarena], eta beste bat hasi da politikoki, nahiz eta sakon-sakonean doan erreka beti den bide bera: izan nahiaren bidea. Hori sakon-sakonean beti egon da; uste dut erreka horiek direla benetan garrantzitsuak. Hor dago gure herri honi mapetan forma eman nahia, eta forma horrek barruan sustantzia pixka bat izan dezala eta euskaldun izatea izan dadila zerbait berezia. Zerbaitegatik daukagu amets hori".
Mendeetan antolakunde nazionalerako egitura politiko-juridiko beregainik ez izan arren (erresuma, estatua, errepublika), eta noiznahi zapalkuntza egoera batean, hemen, oroz gain, herria eta nazio joskura behean egin izan da: herritarren artean, harreman sare batekin. Eta jakin da molde berrietara egokitzen, orain ere asmatu beharko den bezala, XXI. mendean baikaude. Hasier Arraizek bere saiakera liburu berrian —Maitasun keinu bat besterik ez—, nazio kontakizun berria aldakarrikatu du: "Euskal lurraldeetan bizi den komunitateari atxikiko zaion nazio kontakizun berria behar dugu".
Burujabetza da gaur egun euskal politikagintzaren —politikagintza, zentzu zabalean hartuta— mintzairan dabilen termino bat. Subiranotasun politikoaz hitz egiten da, ekonomikoaz, elikadurakoaz, energetikoaz eta beste. Kontzientzietan txertatu beharko litzateke beste termino bat ere: burujabetza lokala. Herrikoa. Herritarren eta eragileen hitza eta erabakia herriaren eraikuntzan eta antolaketan. Subjektibitate klasikoak eta berriak, eta instituzioen aitortza haiekiko. Berdinetik berdinerako jarduerarako aukerak, eta, kasuan, herri erabakigune horizontalak: eremurik sozialenetan... Funtsean, "izan nahiaren bidea" jorratzeko eraldaketa kulturala, mentala.
Bi baldintza
Erritmoak erritmo, norabidea da beti garrantzitsuena. Baina baldintza sozialik eta organizatiborik ezean, formula magikorik ez dago, ezta udalak borondatea agertuta ere —udal hau ari da erakusten baduela—. Herri ekimenari dagokio kondizioak ereitea. Badira bi baldintza, behintzat. Bat da, eremukako artikulazioa —edo gaikako aktibazio zabala—, eta ondoren eta ondorioz, subjektu izatea herriaren eraikuntzarako. Eta beste baldintza da, herri dinamikan parte hartzen duten eragileek balio sistema bat adostea, oinarrizko hegemonia sozialerako.
Lehen kondizioaz, imajinatu artxipelago bat. Irla pila bat, eta irlatik irlara joateko zubirik eta txaluparik ez. Hori zen orain dela hogei urte pasatxo arte Azpeitiko kultur komunitatearen egoera: talde pila bat, baina bakoitza bere irlan, bere kasa baino ez, eta kultur mugimendua, ardaztu gabe. 1998an Uztarria Kultur Koordinakundea sortu zuten, herriko kultur dinamikan guztien artean eragiteko, subjektu gisa eratuta. Jose Luis Otamendik ondorioztatu zuen handik hamar urtera, koordinakundeak bere zikloa bukatutzat eman zuenean: "Negar jotze tristean luzaroan sorgortuta egotetik, herri biziago bat izatera etorri gara. (...) Udala herriko talde eta eragileekin beste modu batera jokatzen hezi du Uztarriak". Kultur Mahaiak osatu eta sakondu du filosofía hori. Beste adibide bat aipatzearren, alor sozialean aktibazio eta eragite eredu da Elkar-ekin.
Kontua, azken batean, Ezequiel Ander-Egg soziologoaren esaldi hau da, beste pare bat alditan azpimarratu izan duguna: "No estar en algo, sino decidir en algo" ("Ez egon zerbaiten, baizik eta zerbaiten erabaki"). Erabaki eragitea, erabaki egitea... Instituzioekin elkarlanean, edo gabe.
Beste baldintza: balio sistema. Sakon-sakonean doan erreka beti bide bera dela dio Amets Arzallusek. XXI. mendean gara, mundu berri bat dugu, globalagoa eta pluralagoa geure baitan ere, baina Azpeitian, herri izan nahiari eutsiz eta errealitate berria aintzat hartuz, modu kohesionatuagoan bide bat urratzeko herri eragileek balio jakin batzuk konpartitzeko lanketa egiteko dute. Balioak lirateke, modu zabalean interpretatuz (sekula ez modu hertsian): parte hartzea eta erabakia, errespetua, berdintasuna, duintasuna (justizia soziala), ardatz nazionala (euskara eta lurraldetasuna)... Izan nahi horretarako, oinarrizko balioak.
Euskal Errepublikaren ametsa egia bilakatzeko, elementalak dira, aurrez, errepublika txikiak.