Bardozeko etxe batean (Lapurdi) adineko bikote bat hilik aurkitu zuten atzo, asteartea. Poliziaren hipotesi nagusia da gizonak emaztea hil zuela, eta bere buruaz beste egin zuela gero, tiroz. Gizonak 90 urte zituen, eta emakumeak, 72. Berriaren arabera, Euskal Herrian indarkeria matxistagatik hildako bigarrena da aurten.
Hilketa matxista "gogor" salatu du Azpeitiko Udalak, eta gogorarazi du astebetean Lapurdin gizonak hil duen bigarren emakumea dela Chantal Joantegi. Hildakoaren senideei eta gertukoei "elkartasuna" adierazi die erakundeak, eta herritarrei erasoa salatzeko antolatutako egitasmoekin bat egiteko deia egin die. Indarkeria matxista gizon eta emakumeen "berdintasun gabeziatik sortutako arazo benetan larria" dela azaldu du Udalak, eta giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen esan du, "ez Azpeitian, ez beste inon". Hori dela eta, giza eskubideen urraketen aurrean "modu aktiboan" jokatzea herritarren ardura ere badela gogorarazi erakundeak.
Bestalde, erasoren bat ikusiz gero, herritarrek Udaltzaingora, Ertzaintzara nahiz larrialdi zerbitzuetara deitzea horien "ezinbesteko betebeharra" dela adierazi du Udalak: "Denon ardura eta betebeharra da indarkeriari aurre egitea". Horrez gain, erakundeak azaldu du pertsonen arteko berdintasuna lantzeko eta indarkeriaren kontra egiteko lanean segituko duela egunerokoan, ikastetxeetan sustatzen duen hezkidetza programen bidez.