Aspaldi izan zen. Aurreko mendean. 1990eko urtarrilaren 2a zen. Goiz, goizeko zortzirak. Madrazoneko geltokian, Gipuzkoanan sartu eta, ni neu, atzekaldeko eserleku batean jarrita. Urduri. Euskadi Irratian bekadun izateko aukeratu ninduten eta Andia kaleko jauregian aurreneko bilera nuen. Autobusa abiatzear, nor sartuko eta bera, bera sartu zen. Hurrengo 30 urteetan nagusi eta lankide izango nuena. Aurreko eserlekuetan eseri zen. Nik banekien nor zen bera, berak ez zekien nor zihoan bere atzean. Honuzkero jakingo ote du nor naizen!
Atxuiako mukizu irrati entzule konpultsiboarentzat, erreferente garrantzitsua zen aurreko eserlekuetan zihoan bizarduna. Aspaldi-aspalditik garbi neukan nik, Zamora izaterik ez neukanez, Xanjuandeik egiten zuena egin nahi nuela: EKI, euskara-kirola-irratia. Erabat zoriontsu egin nauen hirutasun santua.
Lehendabizikoek beti dute meritu berezia. Ezerezetik zerbait eraikitzea beti da handia bezain nekosoa. Larguero, fuera de juego eta portero, langa, jokoz kanpo eta atezain bihurtzeak sekulako meritua izan du. Eta lan pila bat. Eta oztopo ugari gainditu beharra. Eta aurreneko haiek sasi eta oztopo gehientsuenak gainditu zituztelako, guk kirola jokoz kanpo erori gabe, uztaipean ezker-gantxoa bota eta azken txanpan, beldur barik, euskara, uhinen bidez, xabalinarik gabe, modu naturalean jaurtitzeko aukera dugu. Dena, guztia, amets haren alde apustu egin zutenei esker.
Haietako bat, nagusiena, Errebalean jaio zen, xapoon herrian. Euskal kirol kazetaritza modernoaren aitzindaria. Uhinetako dinosauroa. Mila esker eta bizi zoriontsu, Iñaki Elorza Txapas.