Miren Gorrotxategi: "Misteriozko nobela izango da, baina ez polizia eleberri tipiko bat"

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 3a, 14:00

(H)ilbeltza Beka eskuratu du idazle azpeitiarrak Vianako bihotza eleberri proiektuarekin. 2020ko abenduan argitaratuko dute haren liburua.

Miren Gorrotxategik (Azpeitia, 1981) Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatutako (H)ilbeltza Beka eskuratu du, Vianako bihotza eleberri proiektuarekin. Duela hiru aste jaso zuen Gorrotxategik berria, eta "oso pozik" hartu zuen albistea. Hark azaldu duenez, liburu egitasmoa oraindik "garapen prozesuan" dago, baina adierazi du Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartuko dituen eleberria izango dela: "Misteriozko nobela izango da, baina ez polizia eleberri tipiko bat" adierazi du idazle azpeitiarrak.

Hain zuzen ere, Joseba Otondo Baztango alkateak, Castillo Suarez (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatutako epaimahaiak horixe bera nabarmendu zuen azpeitiarraren proiektutik: "Ohiko" detektibe eta polizia istorioetatik "ihes" egiten duela adierazi zuten, eta liburua "arriskatua eta egingarria" dela gaineratu. Bestalde, Gorrotxategik adierazi du Vianako bihotza eleberrian emakumeen presentzia "nabarmena" izango dela.

Idazle azpeitiarrak "nobela beltz bat idazteko gogoa" zuen azken denboraldian, eta (H)ilbeltza Bekaren deialdia "une paregabean" heldu zitzaiola adierazi du. 3.000 euroko laguntza jasoko du orain, eta beste 3.000 euro lana amaitzen duenean. Gorrotxategik aitortu duenez, jasoko duen dirulaguntzaz gain, epaimahaiaren eta Txalaparta argitaletxearen babesa "oso garrantzitsuak" izango dira Vianako bihotza liburua idazteko orduan. 2020ko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak azpeitiarraren eleberria; beraz, urtebete pasatxo du Gorrotxategik lana ontzeko.

Bigarren eleberria

Miren Gorrotxategi Itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia, azken urteotan euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Vianako bihotza ez da Gorrotxategiren lehen eleberria izango. 2016. urtean Agustin Zubikarai Beka eskuratu zuen azpeitiarrak, eta haren 33 ezkil liburua argitaratu zuen Elkar argitaletxeak. Gorrotxategik aitortu du "inportantea" izan zela beka hura lortzea, idazten jarrai zezan. Gainera, 33 ezkil ere nobela beltza da, eta espero ez zuela aitortu badu ere, bere bigarren eleberria genero berekoa izango da.

Azpeitiarrak dio lehen eleberria argitaratu zuenean ohartu zela "benetan" liburu bat argitaratzea zer zen, eta 33 ezkil liburuak izan zuen harrera ikusita, idazten jarraitzeko gogoa sortu zitzaion. Gorrotxategik bere lehen liburuak izandako "oihartzuna" dela eta, beste liburu bat idazteko bere buruari denbora apur bat eskaini behar ziola ikusi zuen. "Liburu bat idazteko denbora behar da, eta kaleratu ostean ere jarraitu egiten du liburuaren ibilbideak" azaldu du azpeitiarrak. Hori dela eta, beste eleberri bat idazteko asmoa bazuen ere, apur bat itxarotea erabaki zuen Gorrotxategik.

(H)ilbeltza bekaren helburua, euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte. Aurten, sormen beka egokitu da, eta guztira, hamar proiektu aurkeztu dituzte bekara. Lehendabiziko edizioa ere sormen beka izan zen, eta Miel Anjel Elustondok irabazi zuen; Kezko bola batek itoak birikak liburua argitaratu zuen. Joan den urteko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen ari da Josu Barambones. Urte akaberan kaleratuko du liburua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide