Aspaldi ikusi gabeko lagun bat gurutzatu dut kalean, bere bi txikiekin. Ondo al den galdetu diot. "Hauek ondo dabiltza; hortaz, gu ere bai". Niri ileak laztu dizkidan erantzuna logikoena eta arruntena irudituko zitzaion berari. Horixe izango da ama izatea. Katixa Agirreren Amek ez dute etorri zait burura. Identitatea galtzeko beldur hori, haurraren apendize soil bihurtzekoa.
Nire antzera udan Ukrainiatik txiki bat ekartzen duten familia asko honela entzun izan ditut hizketan: "Ekarri muxu bat amatxori", "Etorri aitaren lepora"… Nik ezin. Ez naiz ama. Ez dakit zer naizen: izan ninteke sasi-ama, pseudoama, ama postizoa, amantzekoa, edo, gehienez, amaordea. Baina inondik inora ere ez ama. Amaren funtzioak ondotxo ezagutzen ditudan arren. Eta horrek dakartzan disfuntzioak. Esaterako, norberarentzako denbora falta, edozer egiteko. Dutxa bat lasai hartzetik liburu baten orri bat etenik gabe irakurtzera. Neure buruari denbora tartetxo bat eskaini eta haurra norbaiti uzten badiot, kontzientziaren zama arrastatu beharra. Ondorioz, denbora hori lotarako orduei kendu beharra ―eskuetan duzun hau idazteko, adibidez―. Kalean ezagunen agurra Aio soil batetik Aio, printzesa-ra pasatzea ―eta ez naiz ni printzesa, haren ondoko izaki ikusezina baizik―. Onartu behar dut gorrotagarriak derizkiodan ama-ohiturak ere hartu ditudala, lehenengo pertsona pluralean hitz egitea kasu ― "hortz bat erori zaigu" edo "parkean jolasean min hartu dugu"―. Amek ondotxo dakizue zertaz ari naizen.
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.