Kostatzen ari zaigu igerilekuruntz behingoz abiatzea. Errekan ikusiko ditugun antzara, ahate, ur-oilo eta koartza urdina ez dira nahikoa erreklamo gaurkoan. Gero eta ozenago diren "jantziko al zarete behingoz?" artean, zaharra sartu da etxera, ogia besapean. Eta natura deitu die umeen genitalei. Ez dakit zergatik, baina aspaldi irakurritako Atxagaren poema baten hasiera ekarri dit gogora: "Esnatu da trikua habi hosto lehorrez egindakoan,/ eta dakizkien hitz guztiak ekartzen ditu gogora;/ gutxi gora behera, aditzak barne,/ hogeitazazpi hitz./ Eta gero pentsatzen du: Amaitu da negua,/ Ni trikua naiz, Bi sapelaitz gora dabiltza hegaletan;/ Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,/ Zein putzu edo zulotan ezkutatzen zarete?/ Hor dago erreka, Hau da nire erresuma, Goseak nago. (...)". Hogeita zazpi ez, hogeita zazpi mila hitz dakizki zaharrak. Ez dauka erresumarik, jakina, eta gero eta apetito eskasagoko dabil. Triku begirada zeukan umeei begiratu eta "natura tapatu beharko diezu bi horiei" esan didanean.
Trikuentzako datu bat: azken 28 urteetan aurreko historia osoan bezainbat lurzoru artifizializatu da Euskal Herrian. Etxebizitzetara, azpiegituretara edota bestelako jarduera ekonomikoetara bideratutako lurren azalera bikoiztu egin da denbora tarte horretan. Kaletartu ala hil, bi zein lau zein hamalau zangodun trikuentzako leloa. Porlan Herriaz hitz egiten hasi beharko dugu laster –Porland Basque Regionaz, barkatu–. Eta, hitzeko jendea garenez, agintari txit gorenek zortzi abizen euskaldun bai baina euskarazko hogeita zazpi hitz ere izango ez dituen gazte parea aukeratuko dute aldiroko publizitate kanpaina erraldoirako. Horrek saltzen du. Eta saltzen ez duenak ez du balio. Naturalidade osoz entzuten dugun mantra ez-naturala.
Natural-natural
"(...) Baina gaua dator,/ joan dira sapelaitzak, eta trikuak,/ Marraskilo, Zizare, Zomorro, Armiarma, Igel,/ Erreka utzi eta mendiaren pendizari ekiten dio,/ bere arantzetan seguru nola egon baitzitekeen/ gerlari bat bere eskutuaz, Espartan edo Corinton;/ Eta bapatean, zeharkatu egiten du/ belardiaren eta kamio berriaren arteko muga,/ Zure eta nire denboran sartzen da pauso bakar batez;/ Eta nola bere hiztegi unibertsala ez den/ azkeneko zazpi mila uneotan berritu,/ ez ditu ezagutzen gure automobilaren argiak,/ ez da ohartzen bere heriotzaren hurbiltasunaz ere".
Eta zure eta nire denboran sartutako triku, katakume, eskinoso, azeri edo (zapalduaren zapalduaz zer den ere asmatu ezineko) bestelako animalia gorpurik ez dut ikusi gaur kostatik honainoko bidean. Eskertu dut, benetan. Zaharraren etxean gosaldu berri izango diren umeak igerilekura joateko prest ote dauden pentsatu dut; eguzki galgatan barreiatutako tripa, larru eta hezur puskak ikusi orduko galdezka hasiko litzaizkidakeela autoan baletoz nirekin. Halaxe egiten dute beti. Triku plastifikatu porlanezko-bihotz sentiarazten naute halakoetan. Natural-natural bizi dudan desnaturalizazioa deshumanizaziorako ezinbesteko urratsa dela gogorarazten didatelako.