Gaztelaniadunen abantailak

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2019ko uzt. 26a, 11:07

Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaztelania ama-hizkuntza dutenek, edo behintzat gaztelaniaz euskaraz baino askoz hobeto dakitenek, euskara ikasteko izugarrizko abantailak dauzkate gaztelaniaz gutxi edo batere ez dakigunon aldean (jakina, kontu hau Hego Euskal Herriaren kasua da). Gramatikaren aldetik ez hainbeste, baina lexikoari dagokionez eta mintzamena lantzean, bai.

Hasteko, euskarak gaztelaniatik hitz ugari hartuta dauzka: manifestazioa, funtzionarioa, kadukatu eta abar. Gaztelaniaz dakitenek ez daukate hitz horiek berriz ikasi beharrik. Gaztelaniaz gutxi edo batere ez dakigunok, berriz, horiek ere beste hitz atzerritarrak bezala berriz ikasi behar ditugu. Beraz, gaztelaniatik hainbeste mailegu hartuta daudenez, gaztelania-hiztunek guk baino askoz hitz berri gutxiago ikasi behar dituzte. Hori abantaila galanta!

Bigarrenik, eman dezagun gaztelaniaz ondo dakitenei, euskaraz hizketan ari direlarik, hitz bat ez zaiela ateratzen; hartan ataskatu gabe, gaztelaniazko hitza lasai asko sartuta, aurrera segi dezakete. Adibidez, "amaginarreba" hitza ez bazaie ateratzen, "ni nire... suegrarekin ondo konpontzen naiz" esan dezakete, mututu beharrik gabe eta euskaldunek ulertuko ote duten batere kezkatu gabe. Hitzak bakarrik ez, esamoldeak ere bai. Adibidez, "tipo hura ez dut gogoko" esaten ikasi gabe, inongo kezkarik gabe esan dezakete "tipo hura ez zait ondo erortzen", gaztelaniazko esamoldearen kalkoa eginda, euskal hiztun guztiek arazorik gabe ulertuko dietelako. Gaztelaniaz gutxi edo batere ez dakigunok ez daukagu konponbide hori. Euskarazko hizketaldi batean ez bazaigu hitz bat ateratzen, askotan mutu geratzen gara, edo ondo kostatuta jarraitu behar. Martxa horretan, elkarrizketaren haria eten egiten da.

Beraz, animo, euskaraz ikasteko asmoa edo beharra daukazuen gaztelania-hiztunak, gozatu dauzkazuen abantailekin!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide