Ez dakit ezer askorik. Arabako Mendialdean jaio zela, Maeztun gora, Musitu izeneko herri txikian, 1876an, foruak galdu ziren garaian, eta 1926an hil zela herrian bertan, gaixorik. Bien artean, ordea, Madrilen bizi izan zen, hantxe egin zuen bizimodua. Ez dakit noiz, oraingoz inork ez daki noiz, baina gazterik, nonbait, Madrilera joan zen. Han, izeko bat zuen, izeko Juana, hura ere Musitu txikian jaioa, Madrilera noizbait neskame joana, eta diote haren arrimuan joan zela iloba Espainiako hiriburura, etxean nahiko gerorik ez eta.
Gazterik joana Madrilera, eta bada datu bat, zerbait ere adierazten diguna. Athletico Madril futbol taldea sortzen parte hartu zuen, eta jokatu ere egin zuen bertan. Ekipo hura Madrilen ikasle tunante ari ziren Euskal Herritik joandako estudianteek osatu zuten, Bilboko Athletic-en filial modura. 1903an fundatu zuten Madrilgo kluba, eta badakigu ekipoa eta kluba fundatzen ez ezik, bertan jokatu ere egin zuela, orduko kroniketan hamaikakoak ageri direlako eta hantxe ageri delako gure Musituko mutilaren izena. Gero, gainera, taldeko zuzendaritzakoa izan zen, bai 1903an, bai 1907an.
Askorik ez dakigu, baina hori, behintzat, badakigu. Badakigu, bestalde, Madrilen bertan ikasi zuela euskaraz, Ateneoan ematen zituzten eskoletan. Han, beste ikasle euskaldun batzuk ezagutu zituen, eta lehenxeago edo geroxeago, elkarteren bat ere osatu zuten. Gero, elkarte horrek Agrupacion de Cultura Vasca izena hartu omen zuen, baina musituarra hil eta gero, nonbait. Beste batzuek, Euzko-Ikasbatza izeneko elkartean ere parte hartu zuela diote. Baina baliteke denak bat izatea, alegia, estudianteak biltzeko modua. Diote oso euskaltzalea izan zela, abertzalea, eta Euskal Herrian zer su pizten zen, Madrilgo euskaldunen artean su hura zabaltzen saiatzen zela. Amorratua zen horretan, inor baino gehiago.
Han eta hemen egin zuen lan, zenbait dendatan, nonbait, kontularitzan edo. Eta Euskal Herrian euskarazko aldizkariak bata bestearen atzetik argitaratzen hasi zirenean 1919az gero, eta haietako batean, Argian, umeentzako komikia egin behar zutela buruan sartu zitzaienean, Madriletik jaso zutela bultzada eta laguntza, eta tartean zela musituarra.
Maeztun hil zen
Eta diote bera izan zela umeentzako euskarazko lehen komiki-aldizkariaren eragilea. Txistu izena zuen aldizkariak. Urte askoan, batzuek eta besteek esan dute komiki haren alerik ez dela gorde, baina okerra da hori. Hamabi zenbaki argitaratu ziren, eta denak ikusi ditut, etxean ditut digitalizatuta. Musitukoa saiatu zen gehien Txistu hura argitaratzen, eta argitaratu zuten, baina musituarra hil eta gero.
1926an, gaixorik, lagunak bai baina familiarik ez Madrilen, eta hartu eta isil-isilik, inori ezer esan gabe, inori agur esan gabe, Musitura itzuli zen. Jaio zen etxean bi hilabete egin eta hil zen. Gaur egun, hura jaio zen etxean lauburu bat ageri da, idazkun bat ere bai haren omenez Madrilgo lagunek ipinitakoa, eta zuberotar estiloko hilarria du kanposantuan. Abdon Gonzalez de Alaiza Maeztu zuen izena, eta gustura sartuko nintzatekeen oraintxe bertan haren barruan, Madrilen zer ibili zen jakiteko. Pozik bizi izan ote zen