Txisteak dio ehun urte bete zituen gizasemeari elkarrizketa egin ziotela, eta adin horretara iristeko sekretua zein zen galdetuta, inorekin ez zuela ezta- baidatzen erantzun zuela. "Ez da hori izango!", bota, kazetariak, eta "ba ez da hori izango", erantzun, mendea bete berriak. Ni, erdira iristera noan honetan, ileak burutik bizkarrera erori eta kimu berririk ernai ez, baina sustraiak belarri- zein sudur-zuloetatik irteten hasi zaizkidan honetan, konturatu naiz ika-mikan aritzeko gero eta gogo gutxiago dudala. Jaso alea. Eta hamarrekoa. Baita ustela ere.
Mende erdia bete eta ikasleen idazlanak irakur- tzeko betaurrekoak beharko ditudala konturatzea, dena bat –eta beharbada belarrietako tentakulu horiek dira entzumena eragozten didatenak–. Bertan omen zakila ikusteko ispilua beharrezko bihurtzen den garaia, eta sexua, ahozko –egin, apenas; hari buruz hitz egin, oroiminez, asko–. Oroimenez ere larri gabiltza: izenak eta errekaduak gogoratzeko lanak izaten ditugu batzuetan –gehiegitan–. Baina adinaren ajeak aje, konturatu naiz gero eta gutxiago inporta zaidala ingurukoek nitaz diotena. Esan dezaketena. Eta gauza bera gertatzen zait haiek egiten dutenarekin. Buruan soropil urria izateak hori dauka, denak irrist egiten duela.
Jose Saramago pentsalari eta idazle portugaldar handiak zioen bestea konbentzitzen saiatzea haren- ganako errespetu falta dela, kolonizazio ahalegina –ez nahastu kolonoskopiarekin, berrogeita ha- marlariok, biak ere atea leku beretik jotzen badute ere–. Hortaz, saiatzen naiz inor ez konbentzitzen. Bestalde, ez nituzke 100 urte bete nahiko denari eta guztioi ameto emanez. Popatik zuei eta Koloni. Hala ere, bi hilabete barru berriz txoko honetan aurkitzen banauzue, ez da seinale txarra izango –niretzat behintzat–, erdiak beteak izango ditut eta. Horrela jarraituko dugu, beraz: nik neurea bota, eta zuek pentsatu eta egin zeuena. Niri bost. Eta zero.