Emakumeak txapelketan?

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2019ko abu. 26a, 12:45

Joxe Arregik Uztarria aldizkariaren 2019ko abuztuko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Euskal txapelak desagertzen ari dira euskaldun gizonezkoen buruetan, baina ez hizkuntzan, eta are gutxiago gure harremanen eta ametsen mundu sinbolikoan, zeinatan txapela garaipenaren ikur preziatua baita. Lehiaketari txapelketa deitzen diogu, eta irabazleari –gizonezko nahiz emakume, pilotari, bertsolari nahiz dantzari– txapel handia ezartzen zaio, txorten eta guzti. Irabazlea txapeldun.

Zergatik jarri, ordea, emakume garaileari buruan txapela? Ez da galdera makala. Erantzuna denok dakigu: gizonezkoen txapelketak izan direlako ia denak, eta gizonezkoak irabazle ia beti. Gizona txapeldun.

Ez da batik bat hiztegi arazoa, hiztegiak islatzen duen gizartearena baizik, gizona txapeldun den gizartearen arazoa, alegia. Askoz gehiago: gizakiaren eta gizadiaren arazo nagusia da, txapelaren ametsak bizi duen giza espezie osoaren arazoa. Txapelketa bera da arazoa.

Ezinbestekoa da, noski, orain arte ia gizonezkoenak bakarrik izan diren kirol lehiaketetan ere –pilota eta futbola, kasu–, eta baldintza berdintasunean –hasteko, soldata berdinarekin– parte hartzeko eskubidea emakumeei aitortzea; areago, egiazki ahalbidetzea.

Ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Txapelketaren logika gainditzen, elkar neurketaren sua itzaltzen, txapeldun irrika menderatzen, garaitu beharra garaitzen ez dugun bitartean, indar eta abilezia gehien dutenek, hots, irabazleek, jarraituko dute futbol zelaiak eta frontoiak betetzen. Dirua txapeldun. Hortik jai dago.

Ez marka eta balentriekin, baizik eta jolas hutsarekin gozatzen ikasiko dugunean, haurrek bezala; eta kirolari guztiak, gizon eta emakume, lehiarik gabe lehiatuko direnean, orduan izango da berdintasuna.

Gizatasuna txapeldun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide