Emoziotegiak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2019ko ira. 26a, 13:30

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren 'Puntuka' atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau:

Egunotan, Eva Manzano eta Mónica Gutiérrez Sernaren Recetas de lluvia y azúcar (Thule, 2010) liburuari erreferentzi egiten zion testu batez aritu naiz ikasleekin. Liburuan zehar metaforak etengabean zergatik erabili ziren galdetu nien, eta nik buruan nuen erantzunera inor ez zela gerturatuko pentsatu nuen arren, asko izan ziren bete-betean asmatu zuten ikasleak: "Idazleak metaforak erabiltzen ditu sentimenduei buruz errazago hitz egiteko". Aho zabalik uzten naute batzuetan artista txiki hauek. Kudeatzea kostatzen zaien emozio horiei buruz aritu ginen luze: gorrotoa, tristura, beldurra, haserrea, lotsa... Baina badira izenik ez duten emozio ugari ere. Batzuk ez dira hain indartsuak, eta ez diogu hiztegi falta horri garrantzirik ematen. Baina sentipen horiek gure egunerokoa guztiz astintzen dutenean, "sentsazio deskribaezin" horrek benetan ukitzen gaituenean, nola azaldu besteei barruko anabasa? Nola kudeatu izenik ere ez duen sentsazio hori? Baina, izenik ez badu, bada? Bada, ez badu, sortu egin behar. Hala pentsatu zuen, antza, John Koening diseinatzaile eta editore estatubatuarrak, hiztegi propio bat asmatu baitu izenik gabeko emozio horiek adierazteko. The dictionary of obscure sorrows, Atsekabe ilunen hiztegia, izena du, eta paperezko bertsioa laster izango omen da ―ingelesez― eskuragarri.

Oinarrizko sei emozio nagusi daudela onartzen dute aditu gehienek: ustekabea, nazka, tristura, haserrea, beldurra eta poztasuna. Baina zer gertatzen da emozio konplexuagoekin? Emozio nagusi horiek elkarrekin eskutik datozenean? Edo beste batzuekin batera agertzen zaizkigunean? Ez da erraza horien guztien identifikazioa. Gai honen inguruan aztarka, granularitate emozional terminoarekin egin dut topo. Granularitate emozionala duten pertsonak emozioak aletzeko gai diren pertsonak dira. Kontziente omen dira bizi dituzten emozio guztiez, xehetasun osoz. Hiztegi zehatza erabiliz emozioen ñabardura guztiak emateko gai omen dira. Horrek zertarako balio duen? Bada, emozioak ondo identifikatuta izateak egoera zailei modu egokian aurre egiteko balio omen du, besteak beste, unean-unean gertatzen denari neurrian erantzutea ahalbidetuz. Pertsona horiek agresibitate gutxiagoz erantzuten omen diete egoera gatazkatsuei, gutxiago gaixotzen omen dira eta drogetarako joera txikiagoa omen dute. Zorionez, edonork landu dezakeen zerbait omen da granulitatearen kontu hau. Sentitzen duguna alboratu ordez, onartu eta emozio horretan sakondu behar omen da. Eta, noski, haiek izendatzeko geure hiztegia aberastu. Eta zergatik ez egin John Koeningek bezala, geure hiztegi propioa sortu? Azpeitiarrok erakutsi genuen hiztegi Natul bat sortzeko gai baginela, beraz, aitzakiak albo batera.

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide