Liburua eta erakusketa, Marea Urdinaren asteburuko bi printza

Uztarria.eus 2019ko urr. 15a, 12:50

Herritarrak sentsibilizatzea xede, Marea Urdinak hainbat ekintza egin zituen joan zen asteburuan. Ostiralean dokumentala aurkeztu ostean, larunbatean liburua eta erakusketa aurkeztu zituzten Sanagustin kulturgunean. Bertan hartutako irudiekin osatutako bideoa da honako hau, Kulturaz kooperatibak, Uztarriak eta Urola Kostako Hitzak sortutako Mikrouhinak bideo sortarako.

Hilabete luzeko lanaren ostean, Louise Desiree Florindok idatzitako Luan, autismoa duen haur berezia liburua aurkeztu zuten joan zen larunbatean. Aurkezpenean izan ziren liburuaren idazlea –Louise Desiree Florindo– nahiz Marea Urdinako kide Gorka Aranbarri eta Inma Urteaga, eta jende ugari bertaratu zen Sanagustinera haien azalpenak entzutera. Florindok Luan, autismoa duen haur berezia liburuaren nondik norakoak aletu zizkien kulturgunera bertaratutako lagunei, eta haien galderei erantzuteko prest ere agertu zen. Idazlea bera da liburuko protagonista den Luan haurraren ama, eta bere esperientzia ardatz hartuta idatzi du autismoaz plazaratu berri duen lana. Hori dela eta, piktogramak erabiliz egin zuen liburuaren aurkezpena. Luan, autismoa duen haur berezia izeneko lanak bi atal ditu: ipuina eta unitate didaktikoa. Bigarren zati horretan, autismoa duten haurrekin komunikatzeko estrategiak edo moduak lantzen dira, eta horien inguruan mintzatu zen Florindo zapatuan egindako agerraldian. Liburuaren lehen 50 aleak herriko hainbat lekutan irakurtzeko aukera izango da, hala nola ludoteketan, ikastetxeetan, liburutegian... Salgai ere jarri dute liburua, eta Interneten dago eskuragarri, hamabi eurotan. 

Liburuaren aurkezpena ez ezik, Ezagutu nazazu erakusketa aurkeztu zuten Marea Urdinako kideek. Azken egunotan Sanagustin kulturgunean izan da ikusgai, eta orain Foru Ibilbideko erakusketa aretora mugituko dute. Datorren igandera arte izango da zabalik erakusketa: astegunetan 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara. Erakusketaren helburuak bi dira: bailaran bizi diren eta aniztasun funtzionala duten pertsonen istorioak eta historiak ezagutaraztea eta ikusleen artean jakinmina sortzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide