Bertan!

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2019ko aza. 1a, 10:23

Hiromi Yoshidak Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Irailaren 21ean, Azpeitiko plazan, Stock Azokan ibili nintzen. Oso giro polita zegoen, eguraldi onak lagunduta. Herrian giro bizi-bizia izateko ekonomia giltzarri garrantzitsua izanik, herritarrek bertako dendetan erosketak egin ditzaten ahalegin handiak egiten dira hemen; zoragarri.

Japonian, aldiz, nola dago kontua? Adibidez, nire jaioterrian –79.091 km2-ko zabalera, 43.000 bat biztanle–, tren geltoki aurreko kalearen eta horrekin gurutzatzen den beste kale baten inguruko gunea zen herriko zentroa. Dendaz josita zegoen, eta jende mordoa hantxe, bueltaka. Baina azkeneko 20 bat urte hauetan, herriko zentroan lau katu besterik ez dabiltza. Lehen dendak ziren lokal asko hutsik daude orain. Zergatik? Askotariko instalazioak dituzten denda handiak eraiki direlako herriko zentrotik urruti, kotxez joan beharreko guneetan. Erosketak egiteko ez ezik, ondo pasatzeko aukera asko dituztenez, jendea erakarri izan dute horiek. Gero, telefono bidezko erosketak zabaldu ziren, ondoren Internet bidezkoak. Ondorioz, herriko zentroko salerosketak jaitsi egin ziren. Ondorioz, herriko denda bateko jabea jubilatzen denean, familiako inork ez du nahi izaten dendarekin jarraitzea.

Egun, egon badaude herriko dendak, eta Azpeitiko stocka bezain ekitaldi handiak ez badira ere, dendariek jaialdiak-eta egiten dituzte, salmentak bultzatzeko. Beraz, han eta hemen, antzera gabiltza. Azken finean, denda handiek eskaintzen ez dituzten gauzak eskaintzea izango da denda txikiek bizirauteko estrategia bat. Adibidez, nire ahizpa batek okindegi txiki bat dauka eta ogi naturalak saltzen ditu. Ogi normalak baino garestixeagoak dira, baina bezero finkoak baditu. Jendeak gauzen kalitateari lehen baino askoz gehiago begiratzen diola dirudi. Eta bai han, bai hemen, herriko dendek daukaten gauza onenetariko bat da dendariarekin aurrez aurre hizketan arituz erosketak egin ahal izatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide