Lagun Onaken ereserki berria, entzuteko eta ikusteko

Uztarria.eus 2019ko aza. 1a, 12:31

Lagun Onak Futbol Taldeak badu ereserki berria. Aurrekoa 50. urteurrenarekin batera aurkeztu bazuten, 25 urte eta gero dator berria, kluba bere sorreraren 75. urteurrena ospatzen ari den urte honetan.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten, Sanagustin kulturgunean, aurrerantzean Garmendipeko soinu bandan txertatuko duten kantua. Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro bertsolariek eta Unai Frantsesena musikariak sortu dute ereserkia, Kulturaz kooperatibako Yuri Agirrek egin du atzo Sanagustinen eman zuten bideoa, eta Lagun Onakeko jokalarien, kideen eta jarraitzaileen ahotsak dira grabazioan entzuten direnak. Frantsesenak eta Agirrek hartu zuten hitza atzoko atzoko aurkezpen ekitaldian, Iñigo Arregi Lagun Onakeko presidentearekin batera.

Frantsesenak azaldu zuenez, azken honekin lau ereserki izan ditu Lagun Onakek bere sorreratik. Elezgaraik egin zuen aurrenekoa, Jose Maria Altunak bigarrena eta Jose Luis Frantsesenak, Unairen aitak, hirugarrena; 50. urteurrenekoa izan zen hori, 1994an estreinatu zuten eta Xabier Euzkitzek idatzi zuen letra. Atzo estreinatutako ereserkiak "bere istoriotxoa badu", musikariaren esanetan, eta istorio hori kontatu zuen atzo, Lagun Onakeko zuzendaritzako kide batek "2011n edo 2012an" ereserkia egitea nola proposatu zion gogora ekarrita: "Letra egiten ari zirela esan zidan eta urtebete tardatu zuen letrak iristen, 2013an jaso nuen. Beste bi urtez tiraderan egon zen. 2015ean beste kantu bat egiten hasi nintzen, ikastolarako; eta behin txanpa hartuta, Lagun Onakekoa ere egitea pentsatu nuen. 2015erako bukatuta zegoen. Klubekoei aurkeztu nien, baina hor gelditu zen eta tiraderara itzuli zen, orain arte". Emaitzarekin "gustura gelditu" dela dio Frantsesenak, nahiz eta aitortzen duen "abeslariek prestatzeko denbora asko ez" dutela izan. Idoia Olaizolarena, Iraide Leundarena, Lantz Unanuerena eta Julen Brizena dira grabazioan entzuten diren ahots nagusiak, eta Josu Garate, Aritz Unanue eta Frantsesena bera dira instrumentu jotzaileak.

Lagun Onakek Kulturaz kooperatibara jo zuen ereserkiaren bideoa egiteko, eta Yuri Agirreren hitzetan, "gustu handiz ekin" zioten erronkari. "Bideoklipa egiterakoan, garbi genuen Lagun Onaken balioak isladatu behar zituela nolabait. Era berean, Lagun Onak 11 jokalariren ideiatik haratago doala erakutsi nahi nuen, ume txikietatik hasi eta jarraitzaile beteranoenetaraino, guztiek osatzen dutela kluba. Lagun Onaken bueltan ibiltzen diren ehundaka lagun horiek bideoan azaltzea eta islatzea nahi genuen". Bideoan lehen planoak dira nagusi, eta horiekin "adierazkortasuna" bilatu nahi zuela azaldu zuen Agirrek. Ereserkiaren bideoa eman aurretik, horren grabazioan hartutako irudi bitxi edota umoretsuekin osatutako bideo txiki bat ikusteko aukera ere izan zuten atzo aurkezpenera joandakoek

Letra

Hau da Lagun Onaken ereserki berriaren letra:

"Jendea animatzen odola irakiten
azpeitiarron bihotza dago Garmendipen
Zelaian jartzen dugu gure gogo dena
sarri sufrimendutik dator gozamena!

Horrela hasi ginen, behin baten
eta jarraituko dugu guk Lagun Onaken
Horrela hasi ginen, behin baten
Gure herriak merezi duen onena ematen

Jende pila elkartzen gara hamabostero
eta ez gara ezer hau galdu ezkero
kantinan izango gaituzte gu bezero
Lagun Onak animatuaz buru bero ero

Horrela hasi ginen, behin baten
eta jarraituko dugu guk Lagun Onaken
Horrela hasi ginen, behin baten
Gure herriak merezi duen onena ematen

Gaur jantziko gara ta gu txuri urdinez
Lehen orain ta gero ilusio berdinez
Jarraitu behar dugu indarrik handinez
gure txikian gauza handiak eginez!

Horrela hasi ginen, behin baten
eta jarraituko dugu guk Lagun Onaken
Horrela hasi ginen, behin baten
Gure herriak merezi duen onena ematen

Gu Lagun Onaken!
Onenak ematen!".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide