Hemen da azaroa, heriotza eta iluntasuna ekartzen dizkigun hilabetea. Orduaren aldaketak negua nahi baino lehen helarazten digu, eguna motz geratzen zaigu eta barruetako goxotasuna bilatzen dugu; suaren abaroa noraezak guztiz irentsi ez gaitzan.
Hilerriak loratzen ditugu. Halloween, Arimen Eguna edo Gaba Beltza; begien aurrean nahi ez dugunera gerturatzeko moduak. Nahi gabe joaten zaizkigu ingurukoak, eta gizakiak nahi adina aurrerapen asmatuta ere, heriotzari izkin egiterik ez. Horixe guztiok zain dugun patua, noizbait iritsiko garela ziurtasunez dakigun helmuga bakarra.
Dolua, ezina, mina; maite dugunaren hutsunea erraietan, baina bizitzak beti aurrera eginarazten digu. Hil hurrean gaudenean ere maitasuna nagusitzen omen zaigu, baina galera handia da, eta gizakiok ez dugu maite galtzea, are gehiago geure bizitza dela badoana nabaritzen dugunean.
Une oro ari gara galtzen, baina etengabe ematen zaigu hasteko aukera berri bat. Ondoan ditugunak zaintzea, harremanak ureztatzea, ez ote daukagun aberastasun handienetako bat. Hil artean bizi, uneaz jabetu, goxatu eta goxarazi; ez dago besterik.
Babesa galtzen dugu. Aita, ama, aitona-amonak, ingurukoren bat galtzeak beldurra ematen digu. Barren-barrenean daramagun, bakarrik, babesik gabe geratzeko antzinako beldurra azalarazten zaigu, eta zapaltzen dugun lurra dardarka sentitzea, norberaren barruan arrakalak sortzen ikustea ez dugu batere maite. Bizitzak horiek ere bereak ditu baina.
Agur esatea
Ez da erraza, bizitzak zentzuren bat badu behintzat, zure ondokoaren gaixoaldia nahiz heriotza zentzu horren baitan sar daitezkeela onartzea. Ulertu ezinezkoa da guzti horretatik pasatzeak logikaren bat eduki dezakeela pentsatzea. Eta halako egoera latzek ikasgaiak ematen dizkigute, azalberritzen gaituzte. Bizitzaren absurdoa. Bizi izanaren edertasuna.
Gehienetan ustekabekoa da agur esatea. Norbait gaizki dagoela jakinda ere gorantz bultzatzen gaituzte aingurek. Prestatzen joaten zara, badakizu etorriko dela. Baina hala ere...
Lasaitasuna transmititzea, joaten uztea aipatzen dira sarri. Izu ikaragarria ematen zidan aitak bere ama hiltzear zela ondoan nola egon zen kontatzen zidanean. Ez nuen pentsatu ere egin nahi halako egoera bat bizitzea tokatuz gero ondoan egoteko gai izango ote nintzen.
Ikusi egin nuen itzaltzen ari zela. Ez nuen pentsatzen hain azkar joango zenik. Zotinka ateratzen nintzen ospitaleko gelatik komunera joateko aitzakian. Eta lasaitutakoan itzuli. Ez zen erraza hori guztia bizitzea, baina aldi berean, orduan sentitutako maitasun ikaragarria, patxada, gauzak behar bezala gertatzen ari ziren segurantzia... deskribaezinak zaizkit.
Anputazioak. Fisikoki gurekin ez egonda ere ondoan sentitzen ditugunak. Ondoloin goxo batez agurtu nuen agurrak hartzen zuen pisuaz unean gehiegi jabetu gabe. Heriotzari bizkarra emanda bizitzen saiatzen gara. Dagoeneko Elizak ez digu erantzun lasaigarririk eskaintzen. Paradisuak oporretarako nahi ditugu, bizitza osoaren sufrimendua jasateko obligaziorik gabe.
Jendearen goxotasuna zaizu beharrezko, baina aldi berean, inorekin egoteko moduan ez. Kontraesanak, mina, erraietatik erauzitako zeure-zeurea sentitzen zenuen atala. Berriro bizitzen ikasi behar.
Badator, bai, azaroa, naturan iluntasuna gailentzen den aroa; kolorerik, fruiturik preziatuenak eskaintzen dizkigun urtaroa, eguzkiak urruntasunetik argirik estimatuena luzatzen diguna.
Bizitza izan zaigu emana eta geuri dagokigu ahalik eta ederren zipriztintzea. Malkoz nahiz irribarrez, eskainitako aukera bakoitza eskertuz. Maitatuz. Biziminez.