Dapa, kultur sorkuntzaren asteazkeneroko zita bihurtzeko pronto

Uztarria.eus 2019ko aza. 29a, 09:59

Kulturzaleen aurrean eta lagunartean aurkeztu zuten atzo iluntzean Dinamoa sormen gunean Dapa, kultur sorkuntzari eta sortzaileei eskainitako ikus-entzunezkoen proiektu berria. Kultur sorkuntzaren asteazkeneroko zita bihurtzeko pronto dator Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak ekoiztu, Jalgik sustatu eta Fagorrek eta Tabakalerako 2deo Ikus-entzunezko Laborategiak babestutako proiektua.

Herenegun zabaldu zuten sarean orain arte egindako lanaren lehen emaitza, Juan Palacios zinemagile eibartarrari eskainitako erreportajea. "Beste hamar grabatuta" dituztela aurreratu zuen atzoko aurkezpenean Nora Alberdik; aurkezpenean ondoan izan zituen Yuri Agirrerekin eta Ander Mujikarekin batera, Daparen lantaldeko irudi, soinu eta produkzio lanetaz arduratzen da azpeitiarra. Banan-banan igotzen joango dira Internetera, "asteazkenero", bideo-erreportajeak. Xabier Gantzarain dapakideak gogoratu bezala, berezko tokia eta gordailua izango du bilduma osoak Dinamoa.eus webgune berrian. Dagoeneko eginda dituztenei beste sei erreportaje gehitzea da Dapakoen asmoa, eta horiekin lehen denboraldia osatzea. "Hortik aurrerakoari dagokionez, denborak esango du zer pasatuko den", esan zuen Alberdik.

Egoitz Arruti zinegotziak ere hartu zuen hitza Daparen aurkezpenean. Udalarentzat "sormena gakoa" dela adierazi zuen Arrutik, eta Dinamoaren potentziala goraipatu zuen, "eraikin bezala eta bertan sortzen den guztia" kontuan hartuta. "Auskalo noraino iritsiko den", esan zuen. Daparen moduko ikus-entzunezko proiektu bat gauzatzearen meritua ere azpimarratu zuen, arloaren "garrantziagatik" eta "zailtasunengatik"; eta gogora ekarri zituen, bukatzeko, udalak urtero ematen dituen Sorkuntza Bekak, eta horiek eskuratzen dituztenek egiten duten lana.

Hitzartzeen ondoren, eta antolatzaileek prestatutako mokaduez gozatu aurretik, orain arte argia ikusi duen Dapa bildumaren lehen erreportajeaz gain, datozen bi asteazkenetan sarera igoko dituztenak ikusteko aukera izan zuten, primizian, Dinamoan elkartutakoek: Rouge Elea zirku-antzerki konpainiaren gainekoa bata, eta Iñigo Astiz idazle eta kazetariarekin osatutakoa, bestea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide