Joan den asteko egun batean gertatu zitzaidan, iraultzaren aldeko lagun batzuek jarritako hitzordu batera joan beharrean, karitatea praktikatzeko hitzordu batean bukatu nuela: anbulatorioan odola ematen, hain zuzen ere, bizian aurreneko aldiz. Iraultzaile batzuen esplikazioak aditzen egon beharrean, egin nuena izan zen, beraz, ez jarrera xoxialdemokrata txepel bat ere, baizik-eta jarduera bete-betean krixtaudemokrata txintxo batean bukatu. Uste dut orain iraultzaileek holako zerbait egiteari "asistentzialismoa" deitzen diotela, aditzera eman nahirik bezala bihotz oneko hutsa izatea ez dela egokia edo baliozkoa, asuntoa buru on batzuek gidatutako prozesu historiko batean behar bezala kokatua ez baldin badago. Egia da karitatea edo asistentzialismoa edo dena delakoa maiz erabili izan dutela boteretsuek eta beren txotxongilo apolitikoek boterearen buru-bihotz beltzak zuritzeko; hori ere egia da: bihotz oneko nazkagarri jatorrez betea dago mundua.
Baina odola norbaitek eman behar du. Txerriaren odolarekin egin omen zituzten saioak, baina ez balio nonbait guretzat. Txerri-giltzurrunarekin bat baino gehiago dabiltza munduan, baina txerri-odolak ez du inor bizitzara ekarri. Pixkaterako balio omen dute itsasoko urak eta koko-urak ere, baina pixkaterako bakarrik, eta orduan norbaitek odola eman behar du, eta horretarako bi gauza behar dira: odol ona eta emateko gogoa. Lagun batek esan zidan bera odola ematen hasi zela istripu baten ondoren odola galdu eta besteren zainetako odolaren premia izan zuenetik; beste batek esan dit ezagutzen dituela bakarren batzuk odol-premia berbera gertatu baina sekula odolik emateko gogorik egin ez zaienak. (Ez naiz ari neure burua bihotz oneko gizaki eskuzabal moduan jartzen, ez hurrik eman ere. Nik orain artean pentsatu izan dut "beste batzuek egin beharrekoa" zela odol-emate hori, eta aitortu beharra daukat gainera odola ematen hasi naizela gehienbat esan didatelako odola atera eta berritzea oso ona dela osasunerako).
Odol-ematean ez dago glamourrik; ez dago heroismorik; ez dago guaitasunik; ez dago dirurik; ez dago ezer. Dagoen bakarra da elkartekoek "zorionak" ematen dizkizutela hara joateagatik. Pare bat aldiz aditu nuen “zorionak”, eta beharbada horrexegatik dira zorion horiek: ezeren irabazirik ez dagoen toki batera joaten "ausartu" egin behar delako.
Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzan.