Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak manifestazioa deitu du hilaren 29rako. Igandez izango da, beraz, Elkarrengana lotuz, kateak hautsi! lelopean egingo duten manifestazioa. Plazatik abiatuko da 19:00etan, "kapitalaren zapalkuntzen aurrean, langileak elkar babestearen eta batera antolatzearen garrantzia" aldarrikatuko duten protesta. Herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egin die Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistak.
Honako hau da Krisiaren Seme-Alabak Sare-Sozialistak kaleratu duen irakurketa:
"2019a amaitzear da, eta berarekin batera, krisialdiaren hamarkada dei dezakeguna ere bai. Baina ez krisialdia bera. Azken urtea herri langilearen aurkako ofentsiba munduko bazter eta eremu guztietan bereziki nabarmendu den urtea izan da. Historiako krisialdi guztietan bezala, kapitalak bere beharrak asetzeko langileriaren kateak estutzen jarraitzen du. Nazioarteko langileriaren askatasun politikoen ukapena muturreraino eraman du munduko hainbat lekutan: Bolivian, Txilen, Ekuadorren, Venezuelan...
Ofentsiba horren arrazoia bakarra da: irabazien eta etekinen eskasiaren garaiotan, oligarkia internazionalak eta bere erakundeek (multinazionalek, banketxeek, burtsak, FMI, NATO, NB...) beren botere kuotak mantentzeko eta handitzeko duten lehia basatia. Irabazi-gose horren isla dira Europako Batasunean azken hamarkadan jasan ditugun aldaketa estrukturalak ere. Europako potentzia nagusiak jada ez dira gai ongizate estatua mantentzeko, eta guztion susperraldirako formula omen diren horiek agerian uzten dute nork ordaindu behar duen bidesariaren prezioa. Migrazio politiken bidez, lan baldintzen eta langileen eskubideak murriztuz (2012ko lan erreforma, lanpostuko erailketak), prestazio sozialak eskuratzeko trabak jarriz (RGIaren erreforma proposamena, dirulaguntzen murrizketak, osasungintza eta hezkuntzako zerbitzuen eskastea), kontrol soziala areagotuz (kode penalaren erreforma, bideo-bigilantziaren normalizazioa)... alderdi eta agente nazionalek langileon gain jartzen dute ardura, oligarkien interesei jarraiki eta demokraziaren izenean. Herrialde guztietako langilearen bakantzea eta inpotentzia elikatzen dute, eta patrikan dirua duena babesten.
Aldaketa estruktural horiek, politika instituzionaletik haratago, eguneroko harreman moldeetan eta ohituretan eragitea dute helburu: itxura batean kontzienteak diren hautu guzti horietan. Modu horretan, herri langilearen baitan zatiketak eragiteko modu ikusezinak normalizatu eta elikatzen dira, boteredunen eskirol diren figura diziplinarioak sarituz: langileen eskubideak ukatzen dituzten enpresari eta enkargatu autoritarioak, emakumeen erasotzaileak, migratzaileen aurka diharduten xenofobo eta faxistak, gure aldarriak zapuzteko eskrupulurik ez duten sasi-demokratak... Gure antza izan eta alboan izan arren, ez dira gure lagunak. Erasoak eraso, pizturik jarraitzen du langile mugimenduaren duintasunak eta borrokarako izaerak; hortzak erakutsi dira Bizkaiko metalgintzan, erresidentzietan, pentsioen alde, zaintzaren esparruan, hezkuntzan, gune auto-gestionatuetan... Baina garaipen iraunkorrak eskuratzekotan, borroka epe luzerako helburuen barruan antolatzea ezinbestekoa zaigu: erresistentzia borroken eta bitartekariei eskariak egitearen paradigma gainditzeko garaia da.
Horregatik, ilusioz bizitzen ari gara Euskal Herrian autodefentsa eta auto-antolakuntza independentearen erakusle diren borroka moldeen garapena, hala nola genero auziaren lanketa kritikoa, langile eta ikasle autodefentsa sare ezberdinen borrokak, etxebizitza sindikatuaren sorrera... Langileok batzen gaituena gure zapaldu eta kolpatu izaeraz gain, elkar babesaz eta elkartasunez indarrak biderkatu eta zapalkuntza modalitate oro gainditzeko dugun betebehar historikoa da. Eskatzeak eta itxaroten egoteak ez ditu gure arazoak konponduko. Ezinbestekoa dugu zatiketaren aurrean modu bateratuan erantzutea. Horregatik, gure egiten dugu erasoen eta erasotzaileen aurkako borrokaren eta etorkizun askearen bide-orria elikatzeko ardura eta hautua. Beharrak eta borondateak elkartuta potentzia garelako".