Bebarrura ailegatu naizenean, bateko eta besteko publizitate orriz beteta ikusi dut gure buzoia. Umeentzako jostailu denda bi, supermerkatu kate bi, elektrotresna denda bat eta ordenagailu konpainia ultraezaguna.
Etxera sartu naizenean, banan-banan pasatu ditut propaganda orriak. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen: jostailu, arropa, elektrotresna zein ordenagailu, munduak nesken eta mutilen artean zatikatuta segitzen du, panpinak batzuentzat, autoak besteentzat; garbikariak niretzat, taladroa bikotekidearentzat... "Atzera ez dakit, baina aurreragi ez goaz halakoekin", pentsatu dut.
Behin sukaldean, irratia piztu. Gaur egungo umeen salda amniotikotan plastikoa dagoela esaten entzun dut aditu bat; gure mundu honetan, zaharrak direla plastikotan egosi gabe jaiotako bakarrak. Adituak hitz egiten bukatu duenean, iragarki bat sartu dute. Ezdakit Zein aseguru etxek ziurtatu dit ez daukadan bigarren etxean –lehena ere ez daukat jabetzan, ezta zertan eduki ere– okupa bat sartzen bazait, edo errenta ordaindu nahi ez dudan norbait maizter badaukat, bizkor asko botako duela NIRE etxetik. Segidan, ez daukadan –sekula edukiko ez dudan eta ezta zertan eduki ere– oporretarako etxean alarma jartzea aholkatu dit gizon ahots tenplatu batek. "Idiotak garela uste al dute hauek?", hasi naiz bakarrizketan.
Negarrez ala barrez hasi
Irrati katez aldatu dut. Albisteak. Ondarearen zerga ezabatzeko eskatu duela patronaleko buru batek; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 194.000 pertsona pobrezia larrian bizi direla; pentsiodunek eta adinean gora eginda daudenentzako erresidentzietako langileek mobilizizatzen segitzen dutela... Zerbitzu sozialen gainbehera albiste; gehien daukatenek gehiago izan dezateneko presioak ere bai. Eta iragarkien txanda hor ere: pentsio plan bat kontratatzeko aholkua etorri da lehenik; zure zaharra zaintzeko etxeko langilea aurkituko dizun enpresa ezin lehiakorragoaren gorazarrea segidan. 43 milioi pertsona unibertsitatea ordaindu ezinean, 28 milioi mediku zerbitzurik gabe eta 18,5 milioi pobrezia larrian dauzkan Ameriketako Estatu Batuetako eredua badator; inolako espanturik eta zurikeriarik gabe zaineratzen digute. "Hauxe bai, hauxe, zaintza iraultzea!", esan diot inori. Postre moduan, gure egungo bizi martxari eusteko ez dauzkagun bi planeta eta erdi beharko genituzkeela ahantzarazi nahi digun jaurlaritzaren iragarkia: "Birziklapenean oso ondo gabiltza, baina hobe dezakegu". Negarrez ala barrez hasi, dona dona katona egitekotan nago.
Sakelako telefonoa hartu, eta hasi naiz Twitterreko txioei begira. Hor ere, publizitate zaparrada: dela automobil marka batena, dela Hollywoodeko azken zinema ekoizpenarena, dela banketxe ustelarena... Mutikoa sartu da halako batean. "Iepa, telebista piztu dezaket?". Nik erantzun baino lehen piztu du. Irratia itzaltzeko esan diot, sikiera. Pantailan, apustu etxe bateko izena daukate jantzita saskibaloi jokalari ezin osasuntsuagoek. Irratian, "jokatzeari ez uztea da garrantzitsuena" edo antzeko zerbait esaten ari zen itsuen loteriaren iragarkia. Prime time betean. Eta beti da prime time eguneroko lupetza larrosa usainez kamuflatzen digun publizitatearen paradisu birtualean.
Plastifikatutako salda amniotikotan egosi ostean, SPAM honetara munduratuak gara, Salda Publizitario Antisozial Malapartatu zikinera