Ederra da sehaskaren epela, bizitzak erraza dirudi bertatik at begiratzean. Baina barroteetatik ateratzean handia da mundua, hotza eta arrotza. Ni ere goxo hazi eta hezia izan naiz Azpeitiko aire euskaldunaren magalean. San Inazioren sotanapetik atera ahala, ordea, airea kutsatuagoa dela jabetu nintzen; ahoa lasai zabaltzea geroz eta zailagoa zen.
18 urte betetzean, hiribururen batera joatea bururatu zitzaidan ikasketekin jarraitzera. Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolara egin nuen bisita lehenik, Gasteizera gero. Bai bateko bai besteko korridoreetan belarriak gorritu zitzaizkidan hainbeste erdal hiztun entzutean. Beraz, hiriburu euskaldunenera joateko nahia nuenez, Donostian egin nuen matrikula.
Usteak erdia ustela izaten duela entzuna nuen, eta Donostiarako bidaietan izan nuen teoria praktikan ikusteko aukera. Hizkuntza erabileraren arazoa lurraldearena izan ordez, geurea, erabiltzaileona, dela konturatu nintzen. Herri askotako jendea elkartzen ginen; bakoitza Euskal Herriko punta batekoa izanik, komunikatzeko erak era halakoxeak ziren. Hura hala, erraza zen elkar kutsatzea. Nork ez ditu ohi baino ateraldi eta txiste gehiago esan espainolez unibertsitateko garaian? Nik, tamalez, bai! Egoeraz jabetzea da lehenengo urratsa, eta egoskorkerian nork bereari eustea bigarrena. Ateraldi haietaz ohartu nintzenez geroztik, kontzientziaz eta inguruan eragiteko asmoarekin, euskaraz egiten nien guztiei, Euskal Herriko Unibertsitatearen teilatupean, logikaz, komunikazio bideak euskaraz izatea zelako euskal unibertsitatea ulertzeko modu bakarra.
Eta zu, donostiartu al zara inoiz? Igerilekuan zein okindegian euskaraz hitz egiten duten hainbat azpeitiarrek hiriburura doan autobusean esertzean hizkuntza aldatzen dute. Zergatik ote?