Zortzi abizen euskaldun

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko urt. 9a, 09:51

(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez, ez dut idatziko hain ezagun eta topikoz jositako, askok eta askok ikusi genuen filmaz. Zortzi abizen euskaldun dituen emakume argentinar xarmantaz, Mirentxutaz, ariko natzaizue. Beno, zortzi, bederatzi, hamar... abizen euskaldun dituen emakumeaz.

Kasualitate xelebreak badira gero... Agian batzuek beste izen bat erabiliko dute: patua. Duela hogeiren bat urte, Inauteri igandea. Boni laguna Tolosara doa jai arratsaldez, Urrakin barrena. Eguraldi petrala, negu-negukoa. Elur lapatxa bide ertzetan. Mendatetik gertu, auto bat bide ondoan, kieto, ez aurrera, ez atzera. Gure lagunak, samaritar on bezala, gelditu eta laguntza eskaintzen die. Autoko gidaria euskalduna, beasaindarra. Berehala jabetzen da, ordea, bidaideetako bat argentinarra dela, haren hizketaren doinuagatik. Eta, a ze kasualitatea: Boniren familiartekoa bizi den herriko maistra da emakumea, Glewkoa, Buenos Aires ondokoa. Gainera, andereak ezagutu egiten du Boniren senitartekoa. "Oh, síi. Ignacio el Vasco. Ya le conozco".

Mirentxuri esker

Beno bada, halabeharrezko topaketa hura medio, ondorio aberats eta ugari jaso dugu nik eta kuadrillak. Argentina ezagutzeko parada ezin estimagarriagoa izan dugu, Mirentxuri esker. Argentinara egindako bidaietan, aireportuan zintzo zain egoten zen; eta goizeko zazpietatik gertu hoteleko sarrerako gelan, presto hiria erakusteko. Ez geografía bakarrik, Argentinako historiaz ere asko ikasi dugu. Birraitonak eta aitonak nafarrak eta Beasaingoak zituen. Batzuk bizitza berri baten bila joan ziren Argentinara; eta besteak, bere aitona Alejandro beaisandarra bezala, polizonte, ihesi, Marokoko gerra saihesteagatik.

"Zenbat ahalegin, esfortzu eta neke... eta zenbat lortu zuten! Oi, asko zor diegu euskaldun migratzaileei", dio Mirentxuk. Gaur egun jubilatuta dago. "Guernica izeneko herrian hasi nintzen lanean. 05:30ean jaiki, trena edo busa hartu, eta zuzendaria zain izaten genuen erregelarekin eta tinta gorriarekin... Berandu iritsiz gero, deskontua. Inoiz ez nintzen berandu ailegatu", kontatu du, harro. "Sei urte igaro nituen herri horretan, urtetik urtera eskola berriak ezagutuz. Euria egiten zuenean, katiuska luzeekin joan behar, asfaltorik apenas baitzegoen. Eta beste 32 urte egin nituen beste eskola batean, Glewn". Hona etorritako bidaietako batean ikastolara eraman nuen, eraikina ezagutu zezan, eta harrigarria egin zitzaidan haren komentarioa: "Jesus, leihoetako kristal guztiak osorik daude! Eta hormetan ez dago idatzirik...".

Politikaz ere mintzatu izan zaigu anderea, nahiz eta lazgarria egiten zaion. Saminduta du arima eta benetako sufrikarioa adierazten du politikoen jokabidea aztertzean. Bera argentinarra sentitzen da, baina begira zer dioen: "Zuk badakizu Euskal Herria maite dudala. Nire sustrai guztiak hangoak dira, euskaldunak. Han etxean bezala sentitzen naiz, eta nire birraitona-amonez eta aitona-amonez sarri pentsatzen aritzen naiz. Nola ihesi etorri ziren lur oparo bila. Topatu zuten, eta jakin ezazu, ni argentinar peto-petoa izan arren, eurek erakutsita aunitz maite dudala Euskal Herria".

Maria Ignacia Larumbe, Iturriaga, Iceta, Aramburu, Apesteguia, Elustondo... Mirentxu, emakume xarmanta. Zorioneko gu, ezagutu zaitugulako eta hainbat une jori zurekin partekatzeagatik. Eta zorionekoa Paulinoren autoaren matxura hura. Kasualitatea, patua, destinoa, zoria, adurra... ze inporta?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide