Askotan isilean egin ohi den lana ikusaraziko dute aurtengo San Sebastian egunean. Hain zuzen ere, trukean ezer eskatu gabe adinekoei nahiz beharra dutenei laguntzen aritzen den jendea omenduko du Azpeitiko Udalak egun horretan. Pastoraltza eta Nagusilan taldeetako kideak nahiz beren kabuz boluntario aritzen direnak igoko dira udaletxera datorren asteleheneko haurren danborradan.
Pastoraltza taldeko kideak dira Mari Tere Txapartegi (Aizarna, 1946) eta Rosa Mari Alberdi (Azpeitia, 1943), eta Nagusilan taldekoak Loli Zurutuza (Azpeitia, 1954) eta Maite Gonzalo (Moraleja, Espainia, 1955) –azken horrek 41 urte daramatza Azpeitian–. Bi taldeek antzeko zereginak egiten dituzte, baina badituzte beren berezitasunak.
Pastoraltza taldekoak astean behin, asteazkenetan, San Martin egoitzara joaten dira, eta egoiliarrekin karta jokoan nahiz berriketan aritzen dira. "Batzuek ez dute familiarik, eta ahalegintzen gara haiekin egon eta konpainia egiten", azaldu du Txapartegik. Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni zentrora ere joaten dira zenbait taldekide, eta eguneko zentrora ere bai. Horrez gain, Parrokiako talde bat diren heinean, Azpeitiko Sebastian Donearen eliza garbitzea ere beraien ardura da.
Nagusilaneko boluntarioek ere antzeko zereginak gauzatzen dituzte, baina ez dute Elizarekin inolako loturarik; talde "akonfesionala" da. San Martin egoitzara, Loiolako jesuitengana, Jesus Maria komentura eta Antxieta etxera joaten dira laguntzera. Nagusilan Gipuzkoako erakunde bat da, eta herri guztietan antzeko funtzionamendua du. Aurten, gainera, 25 urte beteko ditu elkarteak.
Lotura estua
Pastoraltza eta Nagusilan berez bi talde ezberdin diren arren, lotura estua dute elkarren artean, eta hainbat ekintza antolatzen dute elkarlanean. Esaterako, San Martin egoitzako jarduera jakin batzuk elkarrekin prestatzen dituzte: inauteriak, sansebastianak, saninazioak, antzezlan txiki batzuk, Loiolara txokolatea jatera egiten duten irteera... "Nahiz eta bi talde izan, geure artean ondo konpontzen gara", dio Zurutuzak.
Pastoraltza taldean, hamahiru bat kide dira, eta beste hogei inguru Nagusilanen. Boluntarioek argi dute zein den beren zeregina: beharra dutenei eta bakardadean dagoen jendeari laguntzea, batez ere, adinekoei. Guztiek daramatzate urte mordo bat zeregin horretan: bederatzi-hamar Zurutuzak, hamalau Gonzalok, 20-22 Txapartegik eta 40 bat Alberdik. Azken hori bere kabuz hasi zen boluntario lanetan, eta gero batu zen Pastoraltza taldera. "Neure kabuz hasi nintzen San Martin egoitzara bisitak egiten. Ama ere horrela ibiltzen zen, eta harekin joaten nintzen. 40 urtean, aste guztietan joan naiz, hutsik egin gabe", esan du.
Txapartegi zerbait egiteko gogoak bultzatu zuen boluntario lanetan aritzera. "Gure adinean, askotan ez duzu jakiten non sartu, eta aurrena, eliza garbitzen hasi nintzen. Ondoren, beharra zutenei laguntzera pasatu nintzen, eta oso gustura nabil ordutik. Orain, asteazkena iristen denean horixe izaten da nire lehentasuna: San Martin egoitzara joatea".
Denek diote "sekulako betetasuna" ematen duela egiten dutenak. "Eman baino gehiago jasotzen duzu, sekulako satisfazioa eragiten du", azaldu du Gonzalok. Zurutuzak dio egoiliarrek "etxekotzat" hartzen dituztela boluntarioak. "Noizbait normalean baino lehenago alde egin behar badut, 'zergatik?' galdetzen dit egoiliar batek. Aitari baino baimen gehiago eskatu behar izaten diot", azaldu du Zurutuzak. "Maitagarri batzuk dira", erantsi du Txapartegik.
Boluntarioak: beharrezkoak
Omenaldiak ilusioa egiten diela aitortu dute boluntarioek; "beti egiten du ilusioa", esan du bateren batek. Dena dela, batzuei "erreparo pixka bat" ere ematen die, lana "isilean" egitera ohituta daudelako. Hala eta guztiz, aukera baliatu nahi dute jendea beraien taldeetara batzera animatzeko. "Uste dut omenaldia badela modu bat zer lan egiten dugun ikusarazteko eta herritarrek boluntarioen zer behar dagoen jakiteko", adierazi du Gonzalok.
Dena den, jendeari halako zereginetara animatzea kosta egiten zaiola dio Zurutuzak. "Badauzkat kuadrillan 'orain ere lanetik al zatoz?' galdetzen didatenak. Eta nik esaten diet gustura egon naizen leku batetik natorrela, bestela ez nintzatekeela joango. Niretzat betegarria da egiten duguna, eta niretzat ez da lana. Jendeak miresten du egiten duguna, baina gero kostatu egiten zaie gauza bera egitera animatzea. Jendeari egoitza leku tristea iruditzen zaio; nik esaten diet lekua ezagutzeko, eta gero hitz egiteko. Herritarrek buruan duten ideia hori ez da erreala. Hasieratik oso gustura hartzen zaituzte bertakoek, eta hori eskertzekoa da".
Kasualitatea edo ez, emakumeak dira lau elkarrizketatuak. Haiek azaldu dutenez, beste herri batzuetan gizon gehiago daude boluntarioen taldeetan, eta Azpeitian batzuk badauden arren, gehienak emakumeak dira. "Ea gizonak ere animatzen diren", esan dute.
Datuek diotena berresten dute lau boluntarioek: egungo gizartean, bakardadea da "arazo handienetako bat". Horren jakitun izanda, besteei laguntzea "beharrezkoa" dela sentitzen dute. Argi dute beraiek egiten dutena zer den: "Benetako hutsune bat bete". Eta hutsune hori, besteena ez ezik, norberarena ere izan daiteke, zenbait kasutan. "Behar duenari laguntzeko hasi nintzen boluntario lanetan, eta konturatu nintzen hainbeste zela bueltan jasotzen nuena, egoista naizela eta neuretzako dela boluntariotza", azaldu du Gonzalok.