Agortu zaizkio jada pare bat aste hasi berria den urteko egutegiari, eta urtero legez, azpeitiarrok hain geureak ditugun festak iristear dira: sansebastianak eta danborrada, alegia. Ospakizunek jatorria Donostiak XVI. mendean jasandako izurrite batek eragindako kalteetan duten arren, haren ondorioz Antigua auzoko Sebastian Deuna elizara hiritarrek egindako prozesioak eta otoitzak medio, 1957an iritsi zen gure kale bazterretara danbor-hotsen zirrara. Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias donostiar apaizek elkarri eginiko galdera batek piztu zuen gero herri-mugimendu bihurtu denaren sugarra: "Zergatik ez danborrada, Azpeitian?". Herriko parrokiako zaindaria Sebastian martiria dela kontuan izanik, ez da harritzekoa hirian martxa onean zena herrira inportatu nahi izana.
Ez ziren errazak izan hasiera haiek, nolanahi ere. Garrantzia bitala izan zuten hainbat boluntario taldek eta elkartek. Oargi edota Herri Zale mugimenduetan lanean zebiltzan herritarren bultzadak eman zieten zentzua festari eta horren eboluzioari. Urteak pasatu ahala, danborradaren babes soziala areagotu da, eta gaur egun, azpeitiar gehienongan pizten dituen ilusioa eta poztasuna itzelak dira. Gaurko gaua, hazkunde horren piramide amaiezinean, beste mugarri bat izango da, ez baita herri batentzat bere herritarren nahiak eragindako bulkadak baino gauza indartsuagorik. Asko dira plazako kokapenarekin, lekuarekin eta tarteekin kezkatuak; taldeak kabituko ez garenaren susmoa ere oso zabaldua dago, baina izan argi, denon artean sortzen dugun aniztasun koloretsuak ez duela mugarik, ez metro karratu zehatz eta gainditu ezinik. Azpeitiarrok erabakiko dugu zenbat, nola eta zergatik hazten den danborrada, eta merezi ote duen ugaritzen jarraitzeak. Ni baiezkoan nago; urtarrilaren 19ko gau magiko horretan, kolektibo zoriontsu eta festazale baten parte sentitzen baikara guztiok, jotzaile zein ikusleok.
Goza dezagun, bada, esku artean daukagun altxor zenbaezinaz, gure belaunaldi zaharrenei zertxobait kostatu baitzitzaien horri guztiari sustrai sendoak ezartzea. Aipamen berezi bat egin nahi nioke denok belarrian eta bihotzean gordeak ditugun melodien eta doinuen sortzailea den Jose Luis Frantsesenari. Sansebastianak ez lirateke berdinak izango haren aportazio musikalik gabe; pertsonalitatea eman dio herri-festari eta zenbait doinurekin herritarrok paregabeki identifikatzea lortu du: hala nola, aise gozatzen dugun Mandioko Polkarekin, esaterako. Eta eskerrak, azkenik, aitari, berarengandik jaso baitut festa honekiko atxikimendua eta maitasuna. Aurten 40 urte beteko ditu danborradan berak eta bere talde Barratsuk. Bada zerbait. Efemeride hau baliatu ezazu, aita, orain arte erakutsi dituzun konpromisoa eta kariñoa berresteko. Zorionak!
Gora Sansebastianak! Gora gure danborrada! Gora AZPEITIA!