Eguberriz

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko urt. 27a, 10:01

(Itziar Aranguren)

Olatx Arangurenek 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Urte bat gehiago bizkar gainean. Egutegi berriak paretan zintzilik jarri eta zaharrak botatzeko unea. Atzera begirako tartea aurrera egin nahi bada. Neguan sartzea, egunak luzatzen hastea, eguzkipe goxoaren desira. Soildu dira zuhaitzak baina badator argia, barruetako goxotasuna bilatzen dugu, suaren bueltan ahal bada.

Ez dauka zentzu handiegirik urtea antolatuta daukagun moduak. Enperadore nahiz elizgizon egoskorren eternitaterako nahia darama sakonean. Emakumerik ez tartean. Honetan ere agintetik ezarriari men, nahiz eta inposatutako denbora neurtzeko modu honek gure barneko denborarekin inolako zerikusirik ez izan. Hala ere, zenbat baldintzatzen gaituzten jaiegunek, Eguberriek nahiz urteko beste zenbait egunek.

Gure aiton-amonek ereintza, uzta jasotze eta abarrak urteko santutegiaren arabera antolatuta izaten zituzten. Baina lurra atondu, egurra moztu, lehortu nahiz lanketarako prest izateko zereginean ilargia nagusi oraindik. Egurrezko habeak mendez mende eraikitzen joandakoaren sostengu.

Bizitzea tokatu zaigun garaian badirudi aurrekoetatik jaso duguna zalantzan jarri eta geure ekarpenak gaineratuta, aurrera egiteko garaia dugula. Bidean beldur, ezjakite edo zapaltzen dihardugun zoruaren sendotasunik eza nabariak izan daitezke; aurrekoen lekukotasuna, jakinduria, katebegia traizionatzen ez ote garen ari, itzalean marmarka.

Aldaketarik gabe ez dago bidea egiterik, ez garatzerik. Habeak, harria, egurra, sua, lurra, basoa, etxea hain sakralizatuak ditugu... Ez da erraza nondik hasi jakitea amets zuten guztia eskaini baina eman dizutenak ondoan ez daudenean.

Etorriko denari lekua

Urtearen bukaera-hasiera honek txikiak ginenekoak ekartzen dizkigu sarri gogora. Opariak, familia mahaiaren bueltan... dena eder eta argitsu iruditzen zitzaigunekoa. Baina memorian aztarka hasten bagara ahalegin handirik egin gabe topatuko ditugu orduan ere bazirela haserrealdiak, gehiegi edandakoak, elkarri ezkutuan gorde eta botatakoak, sestrak. Familia nahiz jendarte perfektuaren ilusioa barru-barruraino sartu digute, eta zaila egiten zaigu gatazkek, hanka sartzeek, nahi gabe esandakoek, emandako nahiz hartutako minek, negarrek, pozek, ezinek ere egiten gaituztela onartzea. Jendartea zerbait izatekotan hori garela familia, lagun talde, bikote, hirukote edo nahi den formatua hartuta ere. Ederrak kontsideratzen ez ditugun guzti horiek ere aberasten, gutzen, edertzen gaituztela.

Urte berria dugu aurretik, baliagarriena hartu eta gainontzekoari joaten uzteko garaia. Etorriko denari lekua egitekoa. Olatuen joan-etorrien antzera, horixe bizitzaren legea.
Kontsumismo ikaragarri batek bultzatzen gaitu generorik onenak etxekoentzat erostera. Jan-edanak batzen gaitu. Kalera ateratzen garenean badirudi aurretik ardo batzuk edan gabe ez garela gai mahai bueltan izango garenekin urtean behingo otordua elkar banatzeko, bizitzeko. Gerra, gosetea edo gabezia handiak pasatu dituztenen ondorengoak garela nabaritzen da halakoetan edo kontsumismoak zeharo ito gaituela bestela. Gabezia garaietan baino hobeto eta elkarrekin gaudela ospatu beharrean ardo onduz, txanpainez, kalte egiteraino irensten ditugun otorduz mozkortzen gara. Nork gehiago egingo, bukaerarik gabeko lehian sartuta ikusteraino geure burua.

Gehiegikeriaz zipriztintzen ditugu maiteen ditugunak, edalontziak gainezka egiteraino bete, urdailak gaixotu, gibelak usteldu. Ahaztu egiten zaigu gure gehiegikeria munduko pertsona askoren gabeziaz egindakoa dela. Ebasten dizkiegun baliabideak zaborretara botatzen ditugula, atzera egiteko aukerarik gabe. Lurra bakarra da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide