Lerrook idaztera eseri naizenean apaingarriz josita aurki daitezke bazterrak, girlandak eta argitxoak nonahi, eta jendeari gustatu egiten zaizkiola esango nuke. Haurrak jolasean, gurasoak tabernetan; herriko plaza leporaino. Giroan nabari da Gabon garaiak gurean duen karga kulturala, egun bereziak baitira Gabonak, eta iritzi diferenteak topa daitezke sasoi horretan ematen diren dinamiken inguruan.
Bada egun hauetako kontsumo gaixoa salatuko duenik, baita Gabonen magia mistifikaturik kontraesanok bigarren mailaratzeko joera daukanik ere. Salerosketen gorakada beldurgarria dakarren opari festa eta senidetasun sentimenduaren aupatzea dira Gabonen oinarrizko elementuetatik bi. Oparia bere horretan, sinbolo bezala nahi bada, zerbait oso duina eta defendagarria iruditzen zait; ekintza altruista, desinteresatua, emateko borondatea adierazten duena, zugandik aparteko norbaiten onura bilatzen duena... Eta senidetasun sentimendua ere halatsu; ingurukoekin dauzkagun loturak estutzea, indartzea, elkarrekin egoteko beharra, denbora konpartitzeko guraria. Kontua da merkatuak nola baliatzen dituen nardagarriki jatorriz positibotzat dauzkadan elementuok, eta nola irabazien logikari joko borobila eginez –maitasunak asko saltzen du– erabat husten dituen zentzuz. Beldurrak gose denean edozer jaten duen ez nago ziur –Anari dixit– baina merkatua beti da gose, eta komeni bazaio harrapatutakoa irensten du bere organismoan integratzeko.
Familiaz egin nahi nituzke bi hitz, Gabon garaian presentzia berezia hartzen duen nukleoa delako, batez ere. Nire iritziz, gero eta bakartuago gauden norbanakoen heltzea da jendarte hau, eta bakartze hau ekonomia krisialdi bortitz baten testuinguruan ematen dela kontuan izanda, familiaren funtzioa oinarrizkoa eta fundamentala da jende askorentzat, eta gazte gehienontzat. Ezin da gutxietsi trukean deus eskatu gabe zugatik dena emango duen egitura bakarraren garrantzia. Orokorki, komunitate zantzuak antzeman dakizkiokeen azken lubakia dela esango nuke.
Miseriaren aurpegiak
Ez nuke, halere, familiaren apologian erori nahi, birpentsatu beharreko eta erro-erroko kritika merezi duen instituzioa da familia ere. Jende askorentzako kartzela da familia eta jende horrek guztiak komunitate bat behar eta merezi du bizitzeko. Desegituratutako etxeetan bizi direnak, bankuek etxea desegituratu nahi dietenak, bakarrik bizi diren adinduak, adinduok zaintzen dituzten emakume migranteak, arrazagatiko edo identitate sexualagatiko bazterkeriak azpiratuak... miseriaren aurpegi ezberdinak dira, iraute hutsera behartuak. Behar materialak –aterpea, beroa, jatekoa– eta materialak ez direnak –kariñoa, entzungo gaituen norbait, gauzatuta sentituko garen espazioak– behar ditugu guztiok. Elkartasunezko harreman horizontalak –karitateaz bestelakoak– zentroan jartzen dituen komunitate sendoak behar genituzke, hotzetik, gosetik, eta arazo bakoitzetik irtenbidea izan dezagun borrokatuko direnak. Pentsatzen baitut, urte sasoi honetan, hotza hotzagoa izango dela abarorik ez daukanaren hezurretan, eta lehenaz gain, bakardadea berunezkoa bihurtuko dela jendarte honek zokora errefusatuentzat.