Zerbait oker eginaren damua erakutsi eta berriro horrelakorik ez egiten saiatuko zarela agindu. Horrelako zerbait esan nahi duela uste dut barkatu hitzak. Oso oker ez banago, dotriñan ikasitakoak zeharo ahaztu ez bazaizkit behintzat, jainko jaunak ere bere semea gure artera bidali eta gure bekatuak barkatzeko bere seme maitea gurutzean iltzatu zuen. Bai, gero hirugarren egunera piztu zen.
Kontua da, hitzen esanahia ere, energiaren antzera, eraldatzen joaten dela. Hitzei guri komeni zaigun esanahia itsasten diegu. Eta barkatu hitzarekin hori gertatzen ari da. Esango nuke nik, barkatu hitza lehen orain baino garestiagoa zela. "Barkatu" esatea kostatu egiten zitzaigun. Batetik, gure okerra onartzen genuelako; eta bestetik, okerra zuzentzeko borondatea azaltzen genuelako.
Gaur egun, barkatu hitza oso merkea da. Erraz, errazegi erabiltzen da. Berehala barkamena eskatzen dugu baina ez damua erakusteko; barkatuk erreseteatzeko balio digu, borragoma lana egiten du. Barkamena eskatzearekin baietz, zerbait gaizki egin dugula ahopean onartzen dugu baina urkoari esaten diogu ahazteko, kitto, pasatu dela eta goazen aurrera. Eta handik bi minutura oker berdina egin eta berriro "barkatu" esan eta lixto. Hitzak berak errurik ez badu ere, barkatu hitza gorrotatu egiten dut. Entzun orduko sutan jartzen naiz, nola liteke hain hitz ederrari eta hain ekintza txalogarriari balio osoa kendu. Barkatuko didazue, baina barka ezina da.
Urte osoan gaizki egin edo idatzitakoak zuek ere Urbietari barkatu, ez dut uste lan handirik izango duzuenik. Eta indarrean den 2020ak, tarteka bada ere, poza ekar dezala zuen bihotzetara.