"Zaintza da iraultza”, esan zidan aspaldi lagun on batek. Arrazoia ematen diot ordutik eta horretan oinarritu dugu gure harremana, baina zaintza erdigunean jartzea ertz asko dituen kontzeptu lausoa izan daiteke.
Gorputzaren eta osasunaren zaintza nahiko helburu iraultzaileak lirateke urtea hasi berri dugun garaiotarako. Horregatik, agian, urte berriarekin, Kirol Patronatuaren eskaintza zabalari men egingo diogu.
Gure adimena eta arima ere zaindu ditzakegu. Horretarako, "tristuraren industriak guretzat sortu dituen antsiolitiko eta kantuak, makrobiotika eta liburuak, konstelazioak, terapiak, sare sozialak eta farmazi"-en artean aukeratu dezakegu (badakizue, Anariren aipu bat idazteko edozein aitzakia zait baliagarri).
Agian, gu zaintzeko modu onena planeta zaintzea litzateke. Elikadurari (jaten duguna omen gara) eta, bide batez, jasangarritasunari arreta jartzen badiegu, bi txori tiro batez (barkatu, natura zaindu nahi badugu tirorik ez txoriei). Beraz, azken belaunaldiko mugikorrean Greta Thunbergen berriak irakurtzen ditugun bitartean agertu zaigun arropa jasangarriaren iragarkiari sakatu diogu, modan egon daitekeen zerbait online erosi dezakegulakoan. Elikagunera erosketak egitera goazela eskegi dugu erosi berri dugun jertse naturazalearen irudia sare sozialetan: #izanaldaketa, #fridaysforfuture; bi txio tiro bakarrean.
Eta horrela ibiltzen gera erosiz sortuz gure aukerak, atsedenik hartu gabe. Gure zaintza ere eros daitekeelako. Erosten dugun gure zaintza erakusten dugulako. Zaintza erdigunean jartzea norbera zentro bihurtzea dirudielako aspaldian.
Eta zer egiten dugu besteenganako zaintzarekin?