'Ebakia' dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Hiromi Yoshida 2020ko ots. 27a, 09:03

Hiromi Yoshidak 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Esne pixka batekiko kafeari ebakia esaten zaio euskaraz. Lagun zegamar batek (euskaldun zahar peto-petoak) dio ebakia esateari gorrotoa diola, gaztelaniazko cafe cortado hitzaren kalko hutsa eta euskaraz zentzurik gabekoa delako. Dena den, ebakia esatea zabalduta dago, baita Ipar Euskal Herrian ere. Noiz hasi ote ziren cafe cortadori ebakia esaten?

Euskaltzaindiaren Euskararen Corpus Estatistikoan begiratuta, Xabier Gereñok 1990eko ipuin batean erabiltzen du. Hiztegietan, berriz, Elhuyar Hiztegian (2000) kafe ebaki ageri da, baina 3000 Hiztegian (2002) ez da ageri; Euskaltzaindiaren Hiztegian ebaki jartzen du. Eta horrekin batera, honako ohar hau: "Beharbada komeni da (kafe) ebakia ere biltzea cortado adierazteko (2007-07-17)".

Beraz, 1990ean behintzat, ipuin batean azaldu zenetik –ahoz lehenagotik erabiliko zen, noski– hamazazpi urte igaro eta gero, Euskaltzaindiak onartu egin zuela dirudi, eta Euskara Batuaren Eskuliburuan honela dio: "Kalkoa berez ez da baztertzekoa... kalko batzuk egokiak izan litezkeelako, hizkuntzak beretzat naturaltzen dituen neurrian"; eta (kafe) ebakia, diru beltz eta abar omen dira kalko egokiak. Kalko okerrak, berriz, ilea hartu eta abar. Baina zein den egokia eta zein ez erabakitzea arbitrarioa da; hasieran aipatu dudan zegamar horri ebakia ez zaio batere egokia iruditzen, euskaltzainei egokia iruditu arren.

Lagun horrek mailegua den kortaua erabiltzen du, kalko desegokia baino naturalago iruditzen baitzaio. Maileguak baztertzeagatik erabil daiteke kalkoa; izan ere, kalkoak behintzat itxura euskalduna du (nahiz eta barrutik arrotz izan). Eta euskara hutsezko hitza erabiltzea? Lagun azpeitiar batek dio bere aitak "kafea esne pixka batekin" zioela. Hori oso jatorra da, baina tamalez, tabernetan-eta erabiltzeko luze samarra... Lazkaoko irakasle batek esne-kafea hitza proposatu omen zuen, baina ez zen batere zabaldu... eta kalko egokia omen den ebakia nagusitu da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide