Koronabirusa Azpeitian

Maria Zunzunegi: "Oso garrantzitsua da gehiegizko informazioa saihestea eta jasotakoa iturri fidagarrietatik datorrela bermatzea"

Uztarria.eus 2020ko mar. 17a, 10:21

Zerikusi gutxi dute gurean gaur astebeteko egunerokotasunak eta gaur egunekoak. Larrialdi egoera, etxean konfinatzeko agindua, hainbat zerbitzu murriztuta... "Ez dugu aurretiazko esperientziarik eta ziurgabetasuna eta kontrol eza sentitzen ditugu", dio Maria Zunzunegi psikologoak (Zestoa, 1988) COVID-19ak eragindako krisiaren eta muturreko aldaketen gainean. Zailtasunak zailtasun, egoera guztiei "kutsu positiboa" atera ahal zaiela ere uste du. Hori lortzeko eta eguneroko berri eta ezezagun honi aurre egiteko hainbat tresna eta gomendio proposatu ditu.

Ezohiko egoera batek hankaz gora jarri du jendarte osoaren bizimodua, egun batetik bestera.

Egoera berrien aurrean, jokaera ohikoa da aurretiazko esperientzietara jotzea arriskuaren balorazio bat egin ahal izateko, baina kasu honetan, ez dugu aurretiazko esperientziarik eta ziurgabetasuna eta kontrol eza sentitzen ditugu. Ziurgabetasunaren eta kontrol ezaren aurrean beldurra da ohiko erantzuna, alerta mantentzen laguntzen gaituena. Beldur hori ezberdina da guztiongan, eta norberak egoera berriak edota aldaketak kudeatzeko dituen gaitasun psikologikoen arabera, egokitzeko prozesu batetik ondoez psikologiko bateraino joan daiteke ondorioa.

Kasu honetan oso garrantzitsua da gehiegizko informazioa saihestea eta jasotako informazioa iturri fidagarrietatik datorrela bermatzea. Gaiaren gainean egunean behin jakitea nahikoa litzateke. Egun osoa telebistara eta ordenagailura so edota mugikorretik zintzilik egoteak ez du batere laguntzen lasaitasuna mantentzen.

Egun osoa edo ia osoa etxetik irten gabe egotea tokatzen da, eta luzerako izan daiteke horrela. Zer zailtasun sor ditzake horrelako egoera bati aurre egiteak?

Gure egunerokotasuna hankaz gora jarri da, eta bat-batean, metru koadro gutxitan eta etxekoekin bat, preso sentitzen gara. Nork bere espazioa izateko zailtasunak ikusten ditugu: zereginik ez izatea, haurrak nola entretenitu ez jakitea, geure buruarekin egon behar izatea...

Zer gomendio emango zenituzke zailtasun horiei aurre egiteko?

Lehenik eta behin, etxean gelditzearen erabakia inposatua izan beharrean norbere erabakia dela sinestea; horrek kontrol sentsazioa emango digu. Bestalde, etxean errutinak ezartzea gomendatuko nuke, modu horretan egunean zehar ekintza ezberdinak antolatu ditzakegu, eta horrela eramangarriagoa izango da etxean egondako denbora. Etxean egonik ere, kirola egitea behar-beharrezkoa dela deritzot haurrentzat zein helduentzat, errutina horren barruan egunero kirolerako tarte bat gordetzea gomendagarria da. Etxeko gela ezberdinak erabil ditzagun nor bere buruarekin egoteko denborak bermatzeko, eta batez ere, saia gaitezen ohikoak ez ditugun jarduerak egiten. Familian jolastea, aspalditik egiteko genituen txukunketa lanak egitea, Gabonetan oparitu ziguten liburua irakurtzea, elkarrekin hitz egitea, kirola familian era dibertigarrian egitea, sukaldean aritzea, errezeta berriak prestatzea denon artean... Badira aukerak egun hauek aberasgarriak izateko.

Ohiko harreman sozialak etetea dakar, besteak beste, egoera honek. Horiei beste bide batzuetatik eusteko alternatibak zeintzuk izan daitezke?

Izaki sozialak garenez gero, harreman sozialak mantentzea beharrezkoa dugu. Aurrez aurreko elkarrizketak ezinezkoak izanik ere, gaur egun bide asko ditugu maite ditugunekin hitz egiteko: telefono deiak, bideokonferentziak, mezuak... Adineko pertsonen edota bakarrik bizi direnen kasuan, gai honek garrantzia handiagoa du. Maite dugun norbait bakarrik edota psikologikoki ondoezik dela badakigu, dei diezaiogun! Saia gaitezen, ordea, mugikorretik zintzilik ez egoten. Erabil dezagun teknologia zentzuz, eta saia gaitezen gainerako denbora etxekoekin elkarbanatzen, edota geure buruarekin egoteko aprobetxatzen.

Bakarrik bizi diren pertsonentzat, bereziki adinekoentzat, bakardadea areagotzea dakar etxetik irten ezinak. Nola lagundu pertsona horiei?

Aurrez aipatu bezala, harreman sozialak mantentzea beharrezkoa dugu, eta garrantzitsua izango da telefono bidez haiekin kontaktua areagotzea. Gogorarazi diezaiegun errutina bat izatea garrantzitsua dela eta edozein kasutan bakarrik ez daudela. Beraiek deitzeko zain egon beharrean, garrantzitsua izango da geuk telefonoa hartu eta beraiei deitzea.

Etxean ume txikiak dituztenak ere ari dira egoeraren zailtasuna azpimarratzen. Zer esango zenieke horiei?

Umeek jolasa, mugimendua eta estimulazioa dituzte beharrezko eta gogoko. Betiko jokoak erreskatatu ditzakegu, eta Interneten ere mila aukera topa ditzakegu jolas edo eskulan berriak egiteko. Etxeko betebeharren ardura izatea ere oso osasuntsua izango da umeentzat, adinean adineko ardurak ezarrita, beti ere. Txikienek ere beren ardurak izan ditzakete, hala nola otorduak prestatzen eta mahaia jartzen laguntzea, edo garbiketan parte hartzea. Errutina baten barruan garrantzitsua izango da aisialdia, jolas didaktikoak eta kirol jarduerak bermatzea.

Egoera berri honen aurrean haurrek ere kezkak eta beldurrak izan ditzakete. Beraz, saia gaitezen dituzten zalantzak naturaltasunez argitzen.

Askori, berriz, lana etxetik egitea tokatuko zaie egunotan; hain justu, etxeko denak bertan direla. Lana eta etxeko bizitza tajuz antolatzeko gomendiorik bai?

Beharrezkoa izango da mahaiaren bueltan esertzea eta bakoitzak dituen beharrez hitz egitea. Horren harira, errutinak adostu beharko dira, eta bakoitzak bere espazioa eta denbora izan ditzan bermatu. Kasu batzuetan -haurrekin, adibidez- baliagarria litzateke denen artean taula bat egitea eta horma batean jartzea.

Osasun larrialdi baten ondorioak pairatzen ari da gizarte osoa. Gaixotzeko edota ingurukoak kutsatzeko beldurrak are gogorragoa egin al dezakete egoera?

Gogora dezagun hartutako neurriak birusaren hedatze prozesua saihesteko edo gutxitzeko direla, eta ez gaixotasunak berak duen larritasunarengatik. Ez dezagun ahaztu neurri hauek aldi baterako direla. Kasu honetan, aurrez aipatu bezala, gehiegizko informazioa kalterako dugu. Berma dezagun jasotako informazioa fidagarria dela, eta egunean behin albistegia entzunda nahikoa izango dugu.

Beldurrari eta ziurgabetasunari aurre egiteko botikarik onena zein da, zure ustez?

Informazioaren kudeaketa egokia egiten saiatzea, errutinak ezartzea eta denbora hau aukera baliagarri bat bezala ikustea. Egoera orori atera diezaiokegu kutsu positiboa, eta kasu hau ez da salbuespena. Saia gaitezen etxekoekin eta gure buruarekin harremanak estutzen edota sendatzen, besteak eta gure burua hobeto ezagutzen, eta ohi ez bezala, kalitatezko denbora elkarbanatzen. Eta laguntza profesionala behar duela iruditzen zaionari, beharrezko kontsultak egiteko zalantzarik ez izatea eta psikologoarengana beldurrik gabe jotzea eskatuko nioke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide