Astelehena da gaur, baina oso ezohiko astelehena. Koronabirusak sortutako alarma egoera tarteko, jendea apenas dabil kaletik. Etxetik atera diren herritarren gehiengoa erosketak egiteko edo lanera joateko irten da kalera. Saltoki gehienetan, farmazietan, bankuetan nahiz okindegietan Koronabirusaren aurkako neurri bereziak hartu dituzte.
Okindegietako ordutegiak murriztu dituzte, eta 08:00etatik 13:00etara izango dira zabalik. Tabako denden Gipuzkoako elkarteak ere saltokietako ordutegia murriztea adostu du. Modu horretan, 10:00etatik 13:00etara irekiko dituzte datozen egunetan tabako saltokiak.
Banketxeek beren bezeroek egin beharreko gestioak Internet bidez egin ahal izateko neurriak hartu dituzte, eta banketxeetako langileek bezeroekin harremana telefonoz edo Internet bidez egitea lehenetsi dute, baina bulegoetako ateak irekita dituzte oraindik. Dena den, bulegora bertaratzen diren herritarrekin osasuna bermatzeko neurriak hartzeko konpromisoa agertu dute.
Correos zerbitzuak ordutegia murriztea erabaki du. Aurrerantzean, goizez soilik zabalduko dituzte bulegoak: hau da, 09:30etik 12:30era. Lantaldea ere bi zatitan banatu dute; zerbitzu publikoa emateko ezinbestekoak diren beharginak soilik ariko dira lanean.
Saltoki handiek nahiz janari dendek irekita jarraitzen dute, nahiz eta denda bakoitzak neurri zehatzak hartu dituen Koronabirusaren aurrean. Azoka Plazako Elikaguneak, esaterako, neurri zehatzak ezarri ditu, eta horien berri eman die bertako bazkideei eta bezeroei. Honako hauek dira horietako batzuk: Elikaguneko ordutegia murriztu dute eta aurrerantzean 09:30etik 12:30era nahiz 17:30etik 19:30era irekiko dute saltokia. Posible den kasu guztietan erosketak aldez aurretik egiteko eskatu dute, 688 68 86 96 telefono zenbakira idatzita edo deituta. Denda zabalduko duten arren, ez dute utziko saltokian bost pertsona baino gehiago egoten.
Enpresa askotako beharginak etxetik lanean ari diren arren, badira etxetik lan egin ezin dutenak ere, eta horien artean daude obretako edo eraikin enpresetako langileak. Eskualdeko kaleek utzi duten argazkia jaso du Erlo Telebistak, eta egoeraren berri emateko honako erreportaje hau egin du.