Osasun larrialdiarekin batera dator krisialdi ekonomikoaren itzala. Nola eta zertan eragin dezake jarduera ekonomikoaren asteetako geldoaldiak edo etenaldiak?
Geldirik gaudenean gutxiago ekoizten eta saltzen da eta, ondorioz, aberastasun gutxiago sortzen da. Aberastasunaren murrizketak, hasieran, enpresen irabazietan eragingo luke zuzenean. Baina enpresek biziraun dezaten mekanismoak daude, murrizketa hori zati batean langileek paira dezaten. Ondorioz, tentsioak sortzen dira soldatei eta lanpostuei dagokienez ere. Mekanismo horietako bat orain hainbeste entzuten diren lan kontratuen behin-behineko suspentsioak dira. Oraingo honetan, geldialdia hain bat-batekoa eta erabatekoa izanik, oso azkar ari dira lotura horiek gauzatzen, eta eraginak familietara iristen.
Merkataritza, ostalaritza eta hainbat zerbitzu guztiz gelditu dituzte, baina beste sektoreetako enpresak ez. Zergatik?
Oraingo geldialdiak gizarte isolamendua du helburu, hau da, gizabanakoak elkarrengandik urruntzea. Horrek ostalaritzaren eta merkataritzaren zenbait alorretan berehalako eragina du, jarduera pertsonen arteko harremanean oinarritua dagoelako. Jarduera horietako batzuk zuzenean debekatu egin dira osasun irizpideak jarraituz. Eragina, beraz, azkarra eta erabatekoa izan da. Baina horrek ez du esan nahi industrian, adibidez, eraginik ez dagoenik. Jarduera industrialean diharduten hainbat enpresa, adibidez, arazoak edukitzen ari dira ekoizpen prozesurako behar dituzten osagaiak, Txinatik etorri beharrekoak neurri handi batean, iristen ez zaizkielako. Beste batzuek, automozio sektoreari lotutakoek, adibidez, pixkanaka jarduera gelditzea aurreikusten dute, bezero dituzten enpresak gelditzen ari diren neurrian. Beste batzuk, segurtasun neurriak bermatzeko dituzten zailtasunengatik ixten ari dira. Beraz, industriari eragina beste modu eta erritmo batzuetan ari zaio iristen.
Hala ere, ez dira gutxi dagoeneko martxan jarri dituzten bolada baterako lan erregulazio espedienteak, eta zuzenean lanik gabe gelditzen ari diren beharginak. Enpresak ez al daude gehiago eusteko moduan?
Zaila da 'enpresak' multzo bakar moduan ikustea. Enpresen artean egoera desberdinak egongo dira, eta jokaera desberdinak ere bai. Egongo dira langileak mantentzeko ahalegina egiten duten enpresak, baita langileekiko arduragabeak diren jarrerak ere. Horren aurrean, garrantzitsua izango da geldialdi honek zenbat irauten duen ikustea. Geldialdi labur bati eusteko baldintzak egon daitezke,; luzatzen bada, modu horretako neurriek goraka egingo dute. Bestalde, garrantzitsua izango da ez bakarrik gobernuek enpresentzako laguntzak ematea, baizik eta laguntza horiek benetan behar dituzten enpresetara irits daitezen mekanismo egokiak definitu ahal izatea.
Koronabirusa Txinan eragiten hasi zenean aurreikusi al zitekeen bizi dugun egoerara iritsiko ginela?
Uste dut galdera honi erantzuteko osasun gaietan aditua izan behar dela eta zientzialari batzuek esan dute jada beren ikerketen arabera aurreikusita zegoela horrelako zerbait gerta zitekeela. Galdera da gizartea, gobernuak zein herritarrak, prestatuta al geunden azkarrago erreakzionatzeko. Uste dut gizarte moduan ikaragarrizko ikasketa prozesua egiten ari garela gertatzen ari dena ulertzeko, bakoitzak geure betebeharra barneratzeko eta horren arabera jokatzeko. Neurri gogorragoak lehenago hartu balira, ulertzeko eta onartzeko prest al geunden? Dena den, uste dut etorkizunera begira ikasketa garrantzitsua izango dela hau, edo ikasten saiatu beharko genuke behintzat.
Zer egoeratan harrapatu du pandemiak Euskal Herriko ekonomia?
Administrazioaren eta enpresen aldetik, nahiko ondo. EAEn administrazio publikoa egoera hobean dago, adibidez, Espainiakoa baino, eta alde horretatik, krisiaren kontrako politikak martxan jartzeko erreserba gehiago du. Gure ssasun zerbitzua, bestalde, nahiko ona da, eta Interneterako konexio handia izateak ere laguntzen du. Zerga-ahalmena hemen izateak ere malgutasuna ematen digu; Barrixek iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko COVID-19aren kontrako zerga-neurriak hartu dituela. Era berean, enpresen zorpetzea nahiko baxua da eta orain arteko errentagarritasuna ongi zegoen. Alde txarrak ere baditugu; zahartze tasa, adibidez. Produkzio kate globalei hain lotuta egotea ere gure kontra dator une honetan, eta aldi baterako kontratuen hedadura ere arriskutsua da.
Eta zer egoeratan utz dezake? Aurreikusi al daiteke?
Krisi honek aurreko beste krisi batzuekiko oinarrizko desberdintasun bat dauka: osasun krisi bati dago lotuta eta horren bilakaera oso garrantzitsua izango da ekonomiak jasango dituen ondorioak aurreikusterakoan. Besteak beste, geldialdiaren iraupena osasun krisiaren iraupenari lotuta egongo da. Ezin dugu ahaztu, gainera, gure ekonomian eragina izango duen osasun krisia ez dela soilik hemengoa. Pandemia baten aurrean gaude eta beste herrialde batzuetan birusarekin gertatzen denak eragina izango du gure ekonomian ere. Ondorioz, zaila da etorkizuneko egoera zein izango den esatea.
Erakundeak hasi dira hainbat neurri iragartzen, ekonomiari eusteko. Nola baloratzen dituzu orain arteko neurriak? Egokiak iruditzen al zaizkizu? Nahikoa izango al dira?
Egin dugun hausnarketaren arabera, neurrien eraginkortasuna ezin dugu baloratu nola gauzatuko diren ikusi arte. Lehen aipatu dut, adibidez, enpresei laguntzerakoan mekanismoak bideratu beharko direla laguntzak benetan behar dituzten enpresei helarazteko.
Zeintzuk dira, uneotan, ekonomiarentzako botikarik egokienak?
Eskuartean dugun krisiari aurre egiterakoan garrantzitsua izango da aurreko krisialdietatik ikasitakoak kontuan edukitzea. Ildo horretatik, ahalegina egin beharko da kredituaren kolapsoa saihesteko; izan ere, horrek asko luzatu dezake krisitik ateratzeko prozesua. Dena den, neurriak sistema finantzarioa bera arriskuan jarri gabe hartu beharko dira, eta horrek esan nahi du errazak ez diren orekak bilatu beharko ditugula. Bestalde, austeritate politikek izan dituzten eraginak ulertzea eta defizitari beldurra galtzea komenigarria izango da, beharra dagoen momentuetan inbertitzeko erabakiak hartu daitezen. Azkenik, garrantzitsua izango da zenbait gai, estatu mailaz haratago, Europa mailan modu eraginkorrean lantzea.