Iraganeko argazkiak behatzen, bukatu ezinean genbiltzan liburuko azken orriak xahutzen edota plataforma digital ospetsu guztiek eskaintzen duten edukia pupilak erre artean ikusten. Horrela igaro dugu jada astebete. Joan zen ostiralean, egun nonahikoa bihurtu den gaia indarra hartzen hasi baitzen, maila guztietako hezkuntza zentroak itxi zirenean. Ondoren etorri dira zerbitzu anitzen itxiera eta norbanako guztion konfinamendu beharrezkoa. COVID-19arena, XXI. mendeko bigarren krisi handitzat jo dezakegu jada, 2008ko gatazka ekonomikoarekin batera. Ez nuke egungo informazio sumendi etengabea elikatu nahi testu honekin, gaiari buruz txukun jardun daitezkeen profesional ugari baitaude. Aste honetan ezkutuan geratu den berri bat izango dut hizpide, hala ere.
Jakinekoa da, Espainiako monarkiak ez dituela garai onenak bizi. Hiritarrok osasun-alerta bortitz honi aurre egiteko ahaleginetan gabiltzan bitartean, erregearen familia aspaldidanik barnean enkistatua duen gaitz pandemiko bati aurre egin ezinik dabil. Korrupzio sistematikoari, alegia. Igandean jakin genuen, egun errege emeritua den Juan Carlos I.ak Saudi Arabian duen kontu opaku baten onuradun nagusia egungo errege Felipe VI.a dela. Valle Inclánek zioen Alfontso XIII.a lapurra izanagatik bidali zutela erbestera espainiarrek, ez bere erregetzaren eskasia zela eta. Arazoa ez da egungoa, beraz. Posizio pribilegiatu baten babesean, norbere interesen onuran eginiko negozio partikular ez oso garbiek ezin dute izan onarpenik demokrazia heldu baten egitura konstituzionalean. Eredugarritasunak izan behar luke, lehendik ospea galdua duen instituzio baten helburu nagusia. Nahaspila ugari dago oraindik argitzeke, erortzear den gaztelu ahul baten azken hondakinak jasoko dituen putzu ilunean.
Demokrazia garaiko lehen koalizio gobernua ustekabean iritsi den egoera honi aurre nola egin asmatu ezinik dabilen bitartean, kalean bere kontra entzuten ziren kazeroladekin bat eginik, erregea ezohiko mezu batekin zuzendu zitzaien herritarrei asteazkenean, bigarren aldiz bere erregealdian. Orduan ere, kartutxo baliotsu bat alferrik xahutu zuen, zazpi minutuko diskurtso soil, emoziorik gabeko eta autokonplaziente batean, familia arazoei buruzko hausnarketak eta autokritikak ez baitzuten tarterik izan. Dagoena dagoen moduan uztearen estrategia hainbestetan erabiliak, jada ez dio balio monarkiari, gaur egun, Espainiako gobernuaren egonkortasuna, errepublika defendatzaile irmoak diren zenbait alderdi independentisten esku dagoela kontuan izanik. Garai hobeak oroitzen dituzten fanatikoek osatutako alderdiek kongresuan indar handia lortu duen arren, erregeak fitxa mugitu beharko du, sistema demokratikoak konturatzerako bota baitiezaioke behin betiko xake-matea. Jarrai beza partidak.