Independentziatik esklabotzara

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2020ko mar. 25a, 09:00

Txetxu Urbietak 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zein da munduko ofiziorik eskasena? Erantzun zaila. Asko eta sakon pentsatu ondoren, erantzuna badut. XXI. mendean aita izatea da mundu honetan dagoen ofiziorik eskasena. Osalan ere izan bedi jakitun, alegia, Urbietaren burutapenarena. Etxe bakoitza mundu bat izango da, bakoitzak izango du bere ukitua eta bere ñabardura, baina uniformizazioaren aroan, ardizte –denok artalde bereko ardi egiteari deitzen zaiona– garaian, aita denok antzeko arazoak eta komeriak ditugu.

Jaio berritan kuarentenako zaindari gara. Dena da beldurra, dena da kezka. Hain dira ahul eta hauskorrak! Ondoren haien bizkartzain bihurtzen gara, umeak nora gu hara, motxila, jostailu eta tramankulu guztiak hartuta. Haurren artaldea aurretik, Seguritaseko aitak atzetik. Jakin nahiko nuke asteburuetan gure oinordekoen atzetik batetik bestera alferrikako zenbat zeobi isurtzen dugun. Eta gero nerabezaroa dator. Psikologo edo psikiatra bihurtzeko unea. Dena da zalantza, dena da kezka, baina erabakirik ez. Kottaue gure txikiye, zuk hartu erabakia. Eta hamarretik bederatzitan kottauek nahi zuen erabakia hartu ez duzunez, egurra zuretzat. Berea eta hurbileko guztiena. Erauntsia! Eta aterperik ez! Jarraian gaztaroa etorriko da. Mundu berri bat deskubritzeko garaia. Etorkizuna jokoan. Daukagun dena emateko garaia. Eta gero lanean hasiko dira, baina dituzten lan baldintza mixerableekin, ba badakizu, etxetik ezin alde, etxetik ezin bota. Eta ospa egiten dutenean, hor datoz biloba karrotxoan dutela, eta aitona jubilatu berriak berriro parkera joan behar. Ez aseguru eta ez lan kontratu. Etengabeko 155ean bizi behar. Indepentzia oihuak entzun eta esklabotzatik ezin atera. Baina zein ederra den bizitza. Are gehiago Realak irabazten duenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide