Mikrobiotak osasunean duen garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa dugu. Izan ere, hesteetako igarotze prozesuan ez ezik, inmunitate, endokrino, gernu... sistemekin ere badu lotura. Ohiko baldintzetan, heste meheak ez du ia bakteriorik izan behar, mantenugaiak liseritzeko eta xurgatzeko gunea baita. Kolonean, berriz, mikrobiota aberats eta anitza aurkitu behar dugu.
Baina mikrobiotak aldaketak izan ditzake mikroorganismoen aniztasunean edota kopuruan, hainbat faktoreren arabera; eta, ondorioz, SIBO izeneko prozesu patologikoa hasten da. Kalkuluen arabera, populazioaren %35ak izan dezake bakterioen gehiegizko hazkunde hori. Koloneko bakterioek beren habitat naturala utzi, heste mehera iritsi eta arazoak eragiten dizkiote kaltetuari: sabeleko distentsioa eta mina, flatulentzia, meteorismoa, hesteetako igarotzearen alterazioak, esteatorrea... Tratamendu antibiotikoak, nutrizionalak eta psikologikoak eskatzen ditu SIBOk.
Azalpen honetan erabilgarria izan daitekeen informazioa jaso nahi izan dut, baina horrek ez ditu, inolaz ere, osasungintza profesionalera egin beharreko bisitak ordezkatzen. Izan ere, halako kasu bakoitzarekin behar bezainbesteko ebaluazio eta tratamendu pertsonalizatua egin behar da.