Koronabirusa Azpeitian

Handiak zarete

Itulain-Olea familia 2020ko api. 7a, 11:53

Nafarra zen gure ama, Erriberako Funesekoa, eta harro zegoen bertakoa izateaz, nahiz eta bere bizitzako zatirik handiena Azpeitian eman zuen bizitzen (51 urte luze). Horretaz ere harro zegoela uste dut, baina hori ez da garrantzitsuena; pertsona ona eta umila zela bai.

Senideok, behintzat, harro gaude berataz. Asko ikasi genuen berarengandik, eta egun hauetan gertatu zaigun pasarte konkretu batekin are harrotasun handiagoa dugu. Ze seguru gaude, bera zen bezalakoa zelako gertatu da.

Gure ama apirilaren 1ean zendu zen. Minbiziak azkar eraman du. Garai gogor honetan joan da, bizitzen ari garen egoera latz honen bueltan utzi gaitu. Esaten dutenez, gizakiaren alde txarrena azalaratzen duen egoera horietako batean. Ba ingurugiro honetan, Azpeitiko txoko baten, Funesetik urruti antzean, azpeitiar baten (eta gero beste batzuen) alderik onena azaldu da, egoera pertsonal zain honen aurrean gu zuzenean ikutuz.

Gure gurasoen auzoan, egundoko alkartasun adierazpen ekitaldiak "antolatzen" dira egunero 20:00etan (eta 17:00etan, 21:00etan...) balkoietan. Ama hil eta berehala, gure amaren bizilagun batek egun horretako balkoietako txalo zaparrada (eta minutu bateko isilunea eta kandelak ateratzea) gure amaren oroimenez egiteko baimena eskatu zigun. Gure baietzaren ondoren, horrelaxe egin zuen bere balkoitik.

Batzuk ezer ez zekitela nabarmena zen, beste batzuk gero deitu ziguten, baina denek errespetuz eta zintzo jarraitu zuten eskaera konturatu orduko.

Egoera honetan, Napafarroako Erriberatik Azpeitira etorritako emakume on bati egin ziezaioketen detailerik ederrena egin zioten gure amaren bizilagun baten gizatasun adierazpen handi bati esker. Eta familia bezela, ezin harroago egon gintezke horrelako pertsonez inguraturik bizi garela jakinda. Amak zerbait ondo egingo zuela pentsatu nahi dugu, baina zuek ere asko erakutsi duzue.

Beraz, eskerrikasko gure amaren auzokoei, baina bereziki Maria, Esteban eta bere seme-alabei. Handiak zaretela erakutsi diguzue.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide