Ikurrina zintzilikatu zutenekoa

Jexux Arrizabalaga 2020ko api. 9a, 11:05

Argazki muntaia.

Oker ez banago, 1976a izango zen. Ziur nagoena da oraindik ikurrina ez zela legezkoa, jazartua zela, eta norbait ikur hori jartzen harrapatzen bazuten, zigortu egiten zutela kartzelarekin. Gainera, bat baino gehiago izan ziren atxilotuak eta torturatuak. Hala eta guztiz, mendietan izaten ziren erromerietan (Urbian, Ernion, Xoxoten...), eliz dorreetan eta abarretan, gero eta maizago azaltzen ziren; oro har, herritarren pozerako.

San Inazio bezpera zen: 00:00 inguruan, gazte batzuek ikurrin handi bat atera zuten Erdikale barrenean. Eskuekin altxatu, eta bere azpian batzuk eta atzetik gehienak, "Ikurrina bai..." eta independentziaren aldeko oihuak egine joan ziren kalean gora plazaraino, eta kioskoan jarri zuten ikurrina.

Ez zen denbora luzea igaro guardia zibilak zetozela abisatu zutenerako. Taberna guztiak itxiarazi zituzten, eta kalean zebilen jendeak ihes egin zuen. Gehienek Komuntzo aldera jo zuten, hau da, Izarraitz mendian gora. Asko izan ziren kolpatuak.

Hurrengo goizean, San Inazio egunean, parrokiako eguna izaten da, eta Donostiako Gotzaiak meza nagusia eman ohi du. Egun hartan, eliz eta herri agintariek begien aurrean izan zuten ikurrina elizara sartzerakoan; izan ere, denbora luzean egon zen zintzilikatuta. Epe laburrera legeztatua izan zen.

Beste bandera guztiak bezala, zerbaiten sinboloa da ikurrina: izan liteke estatu batena, nazio batena, herri batena, kirol talde batena eta abar. Sinbolo edo ikur horietako batzuk herriak hautatuak dira, eta beste batzuk goitik inposatuak; eta hiritarren onarpenik gabeak ere badira.

Nik uste dut ikurrinak gure historiarekin, gure memoriarekin, lotura estua duela, eta gaur egun, euskaldunok geure ikurra dugula, alegia zazpi herrialdeok onartu dugun ikurra dela. Gainera polita da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide