Euskal migrazioak (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2020ko api. 17a, 10:31

(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aurreko idatzian genion euskal migrazioaren historian zein garrantzitsua izan zen XIX. mendekoa. Jakin dezagun, axaletik bederen, nola moldatzen ziren hain bidaia luzeak egiterakoan; gehienetan zorigaitzez jositakoak eta batzutan, tamalez, tragedian bukatzen ziren bidaiak. Horietako kasua da Leopoldina Rosa fragatari gertatutakoa.

Kontua da, bidaia egiten hasten zirenak ez zirela pobreenak. Izan ere, baliabiderik gabe ez zegoen modurik bidaia ordaintzeko. Maiz, erabakia hartzerako, aurrez senideren bat izango zuten "amestutako" lurraldean eta hark helarazitako deiari jarraiki ausartuko ziren urratsa egitera. XIX. mendean, emigrazioa sustatzeko enpresak sortu ziren, batik bat Ipar Euskal Herrian. Boteredun eta dirudun jauntxoen eskutan zegoen Ameriketara jendea garraiatzeko kudeaketa. Era berean, hango gobernuak ziren emigrazio bultzatzaile nagusienak, etorkinei abantailak eskainiz. Egia da, ordea, odisea hasten zuten askok eta askok ezer gutxi galtzeko zutela, eta bidaiaren baldintzez-eta informazioa eskas. Bidaia haietako batean, 1881.ean Mariscal Excelmea ontzian gertatutakoaren kontakizuna da hau: "...285 pasaiari ontzigainean bilduta. 130 besterik eraman behar ez zituela esan ziguten. Baina ordezkarien eta armadoreen artean ia 300 sartu zituztela eta, ondorioz, jakiak agortu zirela eta egun bateko errazioak zortzi egunerako behar zuela izan, bestela antropofago bihurtu beharko genuela". Lurraldera iritsitakoan, sarritan harrera ez zen espero zena izaten. Gobernuak aurrez egindako promesak ezerezean gelditzen ziren. Areago oraindik: bidaia ordaintzeko erdi esklabotzan aritutako euskaldunen testigantzak bildu dira.

Leopoldina Rosa

1842ko apirilean Baionan ontziratu ziren 240 migratzaile Montevideoruntz, bizi baldintza hobeen bila. Bada, itsasoratzea urtarrilaren 20an zuten aurreikusia. Beraz, bi hilabete luzez, portutik urrun bizi zirenak nekez biziko ziren, bidaia txartelean aurrezkiak xautu ondoren. Zergatik hainbesteko atzerapena? Besteak beste, Baionako barra perilosagatik, eta batik bat, itsasoaren egoerarengatik. Irten aurretik bi bidaiari hil ziren, istripuz. Helmugara iristear zeudela,nekainaren 9an, hiru eguneko ekaitza jasan ondoren, Castillo izeneko kostaldean zegoen uharria jo zuen ontziak. Lurra gertu zegoen, baina migratzaile gehienek ez zekiten igerian. Soka bat itsas ertzera eramaten saiatu ziren, bainanekaitzak galarazi zien. Bidaiari gehienak kabinan babestu ziren, baina ekaitzaren atzaparretan hainbeste ordu pairatu ondoren, ontziaren hondakinak hondoratu ziren. 72 bidaiari bakarrik irten ziren bizirik. Elisabeth Salaberriren testigantzan oinarritutako kontaketa da hau, bere ahizpa Kattalinekin batera bizirik ateratako migratzailea. Biak lekuko izan ziren nola Hipolito Frappaz kapitaina, guztiz akituta, bertan hil zen. Imajinatzen dut hurrengo egunetan Uruguaiko itsasertzeko panorama hura, gorpuak uretan kulunkan. Hunkigarria. Gaur egun barruak berdin astintzen zaizkigu Greziako, Italiako edo beste irletako ur ertzetan etorkinen hilotzak ikusita. Historia errepikatu egiten omen da. Egia.

Bi ataleko idatziari amaiera emateko, honatx aholkutxo bat, irakurle: Amets Arzallusen eta Ibrahima Balde ginear etorkinaren Miñan liburua irakurtzea. "Ibrahimaren bizitzaren kronika da nobela hau, hark ahoz eta Ametsek letraz idatzia", dio azalak. Azala pinportatzeko ez ezik, barruak astintzeko modukoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide