Betirako diren ikaskizunak

Uztarria.eus 2020ko api. 18a, 16:50

Arantzazuko ikasleak eta fraideak. Laugarren ilaran, erdi-erdian, aurreko ilarako fraidearen atzekoa da Aizpuru. (IƱaki Aizpuruk utzitakoa)

11 urte zituztela joan ziren fraide eskolara Iñaki Aizpuru eta Juan Mari Olaizola, eta ordutik lotura estua sentitzen dute Arantzazurekin bi azpeitiarrek; bakoitzak bere erara. Garai hartako oroitzapenak ekarri dituzte gogora 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian Atzera begira atalerako, Elena Marguello kazetariaren eskutik.

Bizitzarako ikaskizun gogorra bezain polita bizi izan zuten Iñaki Aizpuruk (Azpeitia, 1953) eta Juan Mari Olaizolak (Azpeitia, 1954) gaztaroan. 11 urte besterik ez zituzten maletak egin eta Arantzazuko fraide eskolara joatea erabaki zutenean.

Sasoi hartan, Arantzazuko fraideak eskolara joaten zitzaizkiela gogoratzen du Olaizolak, hurrengo urtera begira hara nork joan nahi zuen galdezka: "Orduan ez zeuden orain dauden irtenbideak; horixe zegoen eta nik izena eman nuen". Aizpururi ere eskolan eman zioten Arantzazura joateko azken bultzadatxoa: "Ama eta biok belarriko min handiarekin ibiltzen ginen. Egun batean, ama Arantzazura joan zen, eta belarria igurtzi zioten, eta harrezkero, ez zuen min gehiago izan. Ni izebak eraman ninduen 9 urterekin, eta akabo nire belarriko minak ere". Arantzazuko eskolara joan nahi al zuen galdetu ziotenean, beraz, "segituan" eman zuen baiezkoa Aizpuruk. "Amari sekulako nahigabea eman nion, baina han joan nintzen".

Ikasturte osoa Arantzazun igaro ostean, udan itzultzen ziren Azpeitira. "San Inazio festen inguruan etortzen ginen etxera, eta hamabost bat egun igarotzen genituen hemen, eskolara itzuli aurretik", gogoratu du Aizpuruk. "Ez zen ohikoa" Arantzazun gurasoen bisitak jasotzea, azaldu du Olaizolak. "Orduan ez zegoen kotxerik, eta gurasoak urtean behin egiten zen erromesaldiaren zain egoten ziren guri bisita egiteko". Hala ere, lagunen gurasoak bisitan joaten zirenean, "etxekoen paketeren bat edo beste" iristen zitzaiola oroitu du Aizpuruk, eta Gabonetan Pello Zabalak "pozten" zituela: "Akordeoia jotzen zuen, txisteak kontatu... Ezin ginenez etxera itzuli, gu pozteko modua beti topatzen zuek hark".

Sasoi hartako egunerokotasuna samurtasunez gogoratzen dute bi azpeitiarrek. Musikarekin esnatzen ziren egunero, jantzi, garbitu eta bakoitzak bere ohea egin behar izaten zuen. Kaperan errezatu, gosaldu eta eskolara joaten ziren. Eguerdian, bazkaldu eta denbora librea izaten zuten berrio eskolara sartu aurretik. Iluntze aldera, berriz, solfeo edo abesbatza klaseak izaten zituzten. Olaizolak ondo gogoratzen du bazkal orduan "banaka" pulpitura nola igotzen ziren eta bertan nola irakurri behar izaten zuten: "Beste guztiok isilik egon behar izaten genuen hura entzun bitartean. Batzuetan, hitz egiteko baimena izaten genuen, baina agindu hori jaso arte, isilik egon beharra genuen".

Eskolatik kanpo, mendiarekin lotutako oroitzapen asko dituzte biek ala biek. "Kirol asko" egiten zutela dio Aizpuruk: "Iturri Gorri deituriko toki bat dago Urbia azpian, eta han futbol zelaiak eta baratzeak genituen". Aizpuruk badu egun horietako oroitzapenik. "Día de campo delakoak egiten genituen urtean bizpahiru aldiz", gogoratu du. "Urbiara joaten ginen, gosaldu, eta eguerdira arte, denbora librea izaten genuen". 13 urte inguru zituela, beste sei lagunekin batera Aizkorri aldera igotzen hasi eta lagun batek "hik ba al dakik Aizkorritik San Adrianera jaisten?" galdetu ziola gogoratzen du Aizpuruk. Eta hark baietz erantzun ziola dio, lehenago ere bi aldiz egina zuela buelta hura eta: "Horixe egitera joan ginen, eta lainoa sartu zen. Behera eta behera joan ginen, eta konturatzerako, Zegaman azaldu ginen. Eguerdian, denak gure bila aritu ziren Urbian. Guk, berriz, taxi bat hartu genuen Zegaman, eta Arantzazura itzui ginen. Gero, handik berriro Urbiara". Fraideen "ardura aurpegiak" gogoan ditu.

Oroitzapen "gogorrak" zein "politak" ekartzen dizkie Arantzazuk Olaizolari eta Aizpururi. Garai hark bizitzarako "oinarri oso onak" eman zizkiola adierazi du Olaizolak: "Naturarekin kontaktu handia izaten erakutsi ziguten, mendian ibiltzen. Naturarekin harremana izateko leku oso ederra da Arantzazu. Leku berezia da, bakartia; norbere buruarekin egoten ikasi genuen, eta horrek gerorako asko balio izan dit". Aizpuru bat dator Olaizolaren hitzekin: "Zaplazteko asko jaso bagenituen ere, ikasteko modu ona zen. Gauzak errespetatzen eta gauzei balioa ematen irakatsi ziguten". Gainera, Olaizolak gogora ekarri du nondik datorkion euskararekiko sentitzen duen errespetua: "Bitoriano Gandiaga maisu izateko zortea izan genuen, eta euskararekiko sentitzen zuen interesa erakutsi zigun hark".

Fraide bai, fraide ez...

Batak bi urte egin zituen Arantzazun; besteak, berriz, lau. Olaizolak "penatxo" bat baduela adierazi du. Izan ere, bigarren urteko udan, etxera itzuli zenean, Arantzazuko agintea zuen pertsonak "gurasoentzako eskutitz bat" eman zion: "Eskutitza ireki genuenean ikusi genuenez, hango eskoletarako ez nuela balio-edo eta hobe izango nuela etxean gelditzea jartzen zuen". Notizia hura "pena handiz" jaso zuen Olaizolak; izan ere, "tristura" sortzen dio garai hartako Arantzazuko kultur mugimenduan ezin egon izanak. Aizpuruk, berriz, lau urte pasatu zituen Oñatiko auzoan: "Kurtso bat errepikatu nuen matematikan txarra nintzelako".

Fraide eskola batean ikasi izanak ez zion Olaizolari fraide izateko gogorik piztu: "Ez nuen behin ere planteatu fraide izatea. Gainera, 10 urterekin ezin da jakin handitan zer izan nahi duzun". Aizpuruk, aldiz, "planteatu" izan zuen fraide egitearena, "erromes ibiltzea edo horrelako zerbait" izan zuen buruan. 15 urte ingururekin, ordea, "galderak sortzen" hasi zitzaizkion, eta "albo batera" utzi zuen ideia hura. Olaizolak gogoratzen du Azpeititik zortzi bat lagun joan zirela beren sasoian Arantzazura, eta horietako bat iritsi zela meza ematera: "Gure hazia utzi genuela esan daiteke".

Gaur egun, biek gordetzen dute harreman berezia Arantzazurekin, bakoitzak bere erara. Aizpuru orain urte batzuk hasi zen hango koruan kantatzen, eta inguru haiekin erlazioa "pixka bat galduta" bazuen ere, orain "oso pozik" sentitzen da "berreskuratutako harremanarengatik". Ahal izanez gero, hamabostean behin abesten du Arantzazuko koruarekin: "Joaten naizen bakoitzean esaten didate beraiekin bazkaltzen geratzeko. Gero eta gutxiago dira, eta konpainia gustura hartzen dute; neu ere gustura joaten naiz haiengana". Olaizolak, bere aldetik, "bakardadean" bizi duen harremana du Arantzazurekin. "Noizean behin eta bakarrik" joaten dela adierazi du: "Eskutitz hark fraideekiko distantzia bat eragin zidan, baina tokiarekin harreman ederra dut".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide