Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideok oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua martxan jartzeko asmoa genuela plazaratu genuen duela aste batzuk. Orain arte, proiektuaren xehetasun teknikoei eman diegu garrantzia, eta, orain, egitasmoaren helburu eta arrazoi politikoak mahaigaineratzea eta aldarrikatzea dagokigu. Bizi dugun egoera, alarma egoera soil bat izatetik urrun, salbuespen egoera bat da. Begien bistakoak diren emaitzek –heriotza tasak, lan baldintza negargarriak, eskubide sozialen bat-bateko deuseztapenak…–, hartu diren neurrien izaera erakusten dute. Neurri horiek, osasun larrialdiari baino, krisialdi ekonomikoak epe ertainean izango dituen ondorioak pairatuko ditugun herri sektoreen erantzun antolatua desgaitzera bideratuta daude. Horri aurre egiteko, COVID-19aren etorrerarekin batera,'Antolakuntzari salbuespenik ez' dinamikari ekin genion. Orduz geroztik, hainbat tresna jarri ditugu martxan Gazte Koordinadora Sozialistarekin batera.
Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuaren ideia hasieratik buruan genuen arren, proiektua gauzatzeko hartu behar izan ditugun segurtasun eta osasun neurri guztiek egitasmoa nahi baino beranduago aurkeztera behartu gaituzte. Zirkulazio eskubidearen anulazioa babesteko bortxakeria polizialaren aurrean lege bermeak eskaintzeko eta gezurraren aurrean jardun politikoa eta sektore kolpatuenekiko elkartasuna antolatzeko beharrezko osasun bermeak zein diren ikertu behar izan dugu. Horri lotuta, lanok egin ahal izateko osasun materiala eskuratu behar izan dugu. Bi elementu horiei –osasun bermeak ete lege bermeak– eskatzen duten seriotasunez erantzutea lehenengo aurrebaldintza izan da guretzat, eta horrela egin dugu.
Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankua martxan jarriko genuela jakinarazi genuen egunean bertan jarri ginen Elikagai Bankuko kideekin harremanetan, gure ekimenaren berri emateko. Haiei esan genien bezala, elikagaiez gain, oinarrizkoak diren beste hainbat produktu biltzea da gure helburua, herritarron parte-hartze jarraia sustatuz, elkartasunaren irismena handitzeko. Esku artean ditugun kasu gordinek prozesua azkartzera behartu gaituzte.
Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Elikagai Bankuak 90 familiari elikagaiak banatu dizkietela ikusteak herriko sektore kolpatuenen beharrizan egoera egiazkoa dela adierazten digu. Hala ere, Elikagai Bankuaren erabiltzaileen igoera, pozteko arrazoi baino, herriko errealitate gordinari erreparatu eta etorri ahal denaren lehen argazki tamalgarria besterik ez da guretzat.
Esan bezala, aurreikusi dezakegun testuinguru ezegonkor eta bortitzaren aurrean, epe luzerako ezinbestekoa izango zaigun langileon elkartasuna antolatzea da gure intentzioa. Erakunde publiko ezberdinen momentuko gaitasun eta borondateak barne mugak dituela berehalakoan nabarmendu ez arren, kanpo zorraren eta langabeziaren estatistikei begiratuta, erakunde horien aurrekontu "sozialak" galtzera kondenatuta agertzen zaizkigu. Horregatik, bizitzako esparru guztietara zabaldu ahal den elkartasun dinamikak bultzatzea da helburua, sektore kolpatuenen defentsa kolektiboaren bitartez erantzuteko gaitasunak eraikiz. Alarma egoerak etxeetan giltzapetu gaitu, eta langileen aurkako eraso eta neurri guztiak inolako oposiziorik gabe ezarri ahal dizkigute. Badira jada alarma egoera salbuespen egoera dela dioten ahots kualifikatuak. Honen aurrean, ezinbestekoa zaigu egoera hau erabat normalizatzen duten politiko profesionaletatik haratago, herritarrok politika egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu eta berau praktikara eramatea. Segurtasun neurriak ziurtatuta, gure askatasun politikoa defendatzeko garaia da.
Guzti hau esanda, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure dinamikari mota guztietako ekarpenak egiten ari zareten herritar guztiei.