Aste nahasiak eta intentsoak bizi izan ditugu San Martin egoitzan. Urrun gelditu zaigu gure ohiko egunerokoa. Baina, aldi berean, asko ikasteko balio izan diguten asteak bizi ditugu.
Erabaki zailak hartzea tokatu zaigu. Zaila baita familiei bisitak mugatzea, erresidentzia ixtea edo adinekoak logeletatik ez irteteko erabakia hartzea. Erabaki gogorrenak ere on beharrez hartu ditugu. Eta azkenean, jaso ditugu COVID-19aren proben emaitzak, eta inor kutsatuta ez dagoela jakinda, pozik gaude. Lanean segitzeko indarberrituta.
San Martin egoitzan beti sentitu dugu herritarrek bere sentitzen dutela gure etxea. Beti izaten dugu jendea laguntzeko prest, bisitara edo ekintzaren batera etorrita. Aste hauetan ezin izan dugu horrelako ezer egin. Ateak itxita ditugu, baina sentitu dugu jendearen babesa eta laguntza.
Gure antolaketa eta gure egunerokoa erabat aldatu dizkigu COVID-19ak, eta plantila indartu behar izan dugu egoera berriari aurre egiteko. Langileek erakutsi diguten lanerako konpromisoa eta lanaz gain, adinekoekin izan duten begirunea txalotzekoa eta eskertzekoa da benetan. Saiatu gara egoerarik txarrenean ere geure onena ematen. Teknologia berriek ematen dituzten aurrerapenekin, familiek beren aita-ama edo aiton-amonak ikus eta entzun ditzaten zubiak eraiki ditugu. Enpatia oraindik eta gehiago lantzeko tartea hartu dugu, pertsonekin lan egiten dugu eta ederra bezain konplexua baita hau.
Hasiera-hasieratik ondoan sentitu dugu herria. Herri erdian gaude, eta sentitu dugu herritar askoren bihotzean ere bagaudela. Gurean beti izan dira ateak irekita; orain, aterik ireki ezean, telefonoa dugu irekita. Boluntario sare ederra dugu, adinekoei lagundu eta konpainia egiten dietenak. Nagusilan, Hurkoa, Pastoraleko zein norbanako boluntarioak gure etxeko kide dira. Aste hauetan ere gure ondoan ditugu. Telefonoz deitzen digute zer moduz gauden galdetzeko, eta badira adinekoekin telefonoz harremana mantentzen dutenak ere.
Eskertu nahi ditugu alkatea eta udala ere, hasiera-hasieratik ondoan eta laguntzen aritu direlako: egoitza egokitzen, prebentziorako neurriak eskuratzen... Herriko enpresa, denda, ikastetxe eta bestelakoek ere eman edo utzi digute materiala. Hau guztia benetan ezinbestekoa izan da lehen asteetako material eskasiari aurre egin eta modu seguru batean lan egiteko. Eta desinfekziorako benetan lagungarri diren suhiltzaileak ere ez ditugu ahaztu nahi, lau egunean behin gure etxea desinfektatzera etortzen baitzaizkigu. Hori guztia gabe, gure etxeko egoera ez litzateke berdina izango, dena errazteko eta beharrezko prebentzio neurriak hartzeko ezinbestekoa izan baita denen laguntza.
Pandemiaren txarrena pasatu dugula dirudi, guk ere lasaitu ditugu pixka bat neurriak. Hasi gara pasiloetara irteten, neurri guztiak hartuta. Oso pixkanaka egin beharko dugu normaltasunera buelta. Gurean oso makal egin beharreko kontua da deseskalada famatu hori. Badakigu familiak eta bestelakoak gurera etortzeko desiatzen zaudetela, mormala den bezala, baina pazientzia pixka bat eskatu behar dizuegu. Guk ere gure normaltasunera itzuli nahi dugu lehenbailehen, baina normaltasunaren aurretik gure adinekoen osasuna zaindu behar dugu.
Eskerrik asko, bihotzez.