Koronabirusa Azpeitian

Ondokoa etxeko

Uztarria.eus 2020ko mai. 12a, 21:02

Itxialdiak harreman berezia sortu du auzotarren artean. Askotariko ekintzen bilgune bilakatu dira teilatupeak, eta horietako batzuen adibideak jaso dituzte 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian Julene Frantzesena, Anartz Izagirre eta Ihintza Elustondo kazetariek.

Jose Antonio Agirre plaza

Martxotik hona, Azpeitiko auzorik martxosoenetariko bat bilakatu da Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plaza; auzotarrek ez dute balkoietara atera eta dantzan eta abesten hasteko abagunerik galtzen. Hango bizilaguna da Paola Moto (Azpeitia, 1994), eta balkoietan "jende asko" ikusten duela aitortu du: "Kalera ateratzeko gogoa sumatzen dut azken asteetan, baina jendea ondo ari da betetzen agintarien mandatuak. Balkoietan jende asko ikusten dut, eta poza ematen dit horrek".

Konfinamenduaren lehen egunetan, auzoko DJ bat musika jartzen hasi zela, baina bizilagun batzuen kexak medio, musikaren ordutegia murriztu behar izan zuela azaldu du Motok. Orain, beste auzotar bat aritzen da musika jartzen; 19:30ean hasita, hiru ordu laurdeneko saioa egiten du. Motok azaldu duenez, auzoan musika jartzen hasi ziren horien aldeko lapiko-jotzea ere egin zuten, auzotar asko ez baitzeuden konforme kexarekin.

Argi du Motok: alarma egoeraren bueltan Jose Antonio Agirren sortutako giroak bizilagunen arteko harremana hobetzeko balio izan du. "Supermerkatuan edo okindegian auzokoak ikusi eta hizketan hasten gara orain. Balkoietan gaudenok ere, begiratu eta irribarre txiki bat egiten diogu elkarri". Azpeitiarraren arabera, Jose Antonio Agirreko auzotarrak parte-hartzaileak dira, oro har: "Bada balkoira ateratzen ez den jendea ere, baina batzuk egunero irteten gara". Badu une gogoangarri bat Motok. Konfinamenduko egun batean, Whigfield abeslari daniarraren Saturday Night kantaren koreografia osoa egin zuen auzotar batekin balkoitik balkoira. "Halako momentuak sortzen dira", azaldu du.

Martxoan eta apirilean, musikaz gain, beste hainbat ospakizun ere izan zen Jose Antonio Agirre plazan. Aberri Eguna berezia izan zela dio Motok, eta azaldu du Espainiako Errege Koparen finala jokatzekoak ziren egunean Realeko eta Athleticeko kamisetak eta banderak atera zituela jendeak balkoira. Horrez gain, balkoian Um Blem Ble abestu eta topa egin zutela ere adierazi du. Hark nabarmendu du datozen asteetan auzoan ekitaldirik balego, "oso gustura" parte hartuko lukeela horietan ere; eta festak auzoan jarraipena izan dezan espero du.

 

Damaso Azkue

"Balkoietan elkartzean, hizketan aritzen gara, eta txantxetarako uneak ere izaten dira. Gero, baina, beste kontu bat da bakoitzak nola daraman konfinamendua". Ianire Sagarnaren (Azpeitia, 1997) hitzak dira. Damaso Azkue auzuneko bizilaguna da, eta alarma egoera ezarri zutenetik girorik ez zaie falta han. "Damaso auzo parrandero samarra da, eta horrek ere laguntzen du", aitortu du.

Bingo eta musika saioekin hasi zena, danborradara, trikiti saioetara edo urtebetetze ospakizunetara zabaldu dute. "Larunbat gauetan eta igande eguerdietan musika jartzen dugu, eta balkoiak apaindu izan ditugu egun jakinetan". Gainera, badira Damasoko festa usainera gerturatu diren herritarrak. "Soreasu auzuneko jendea ere batzen da festara, musika handik ere entzuten baitute; mugikorren argiak pizten dituzte han daudela adierazteko. 20:00etako txaloen ostean, trikiti pieza batzuk jotzen dituzte Soreasuko bizilagun batzuek, eta ondoren, Damasokoek".

Hiru lagun aritzen dira antolaketa lanetan, Whatsappez, eta Sagarnak zubi-lanak egiten ditu gero: "Auzoko festetarako dugun taldera bidaltzen ditut mezuak, gainerako auzotarrek ere jakin dezaten zer prestatu dugun". Egitasmoek "erantzun ona" izaten dutela azaldu du: "Jendea gustura egoten da, hori adierazten digute txaloen edo garrasien bidez".

Konfinamendua hasi aurretik ere ezagutzen zuten elkar auzotar gehienek. Hala dio Sagarnak: "Laratz taberna bertan izateak ere lagundu du harremanetan, eta zer esanik ez auzko festak ospatzeak". Hark uste du konfinamendua harremanak saretzeko baliagarria izan dela: "Orain jende gehiago ikusten da balkoietan, bizilagunekin hitz egiten, kantuan... Bakoitzak bere bizimodua egiten zuen orain arte, eta ez ginen jabetzen inguruan genuen guztiarekin. Dena den, hau bukatzean ikusiko dugu gauzak aldatu egin diren edo lehengora itzultzen garen".

Jai giroko ekitaldiak "ondo eta errespetuz" egiten dituzte, badakitelako auzoan jende asko bizi dela eta denek ez dutela festarako gogo bera izango. Dena den, ekitaldiak antolatzeari uztea burutik pasatu ere ez zaiela egin azaldu du. "Gogoa eta umorea dugun bitartean eta jendearen erantzuna jasotzen badugu, aurrera segituko dugu". Hala dio: "Damaso auzo ederra da: festa girorako prest egoten da jendea, elkarrekin kontatzen dugu laguntza behar dugunean... Jaietan ere islatzen da hori; batzuk aritzen gara antolatzen, baina egunean bertan asko laguntzen du jendeak".

 

Urrestilla

Urrestillako hainbat txokotatik entzun daitezke Zerraldeko auzotarrak bingoan jolasten. Marian Uranga (Urrestilla, 1962) da bingoa antolatzen duen bizilagunetako bat, itxialdia hasi zenetik dihardu horretan. "Astean behin hasi ginen bingoa egiten, eta orain, lau egunetan egiten dugu". Etxean egindako bingoa ateratzen du Urangak balkoira: "Etxean lepoko bat topatu genuen, eta hari bolak kendu eta zenbakiak jarrita, bingo bat egitea otu zitzaigun". 3-10 urte bitarteko hamar ume inguru bizi dira Zerraldeko etxebizitzetan, eta hasieran, ume haiekin marrazkiak egiten hasi zirela azaldu du Urangak; ondoren etorri zitzaien bingoaren ideia.

Jokoa hastera doala jakinarazteko, bozgorailutik bi kanta jartzen ditu Urangak: Auntxa trikitilari urrestildarraren kalejira eta Urrestilla herria da abestia. Orduan, Zerraldeko bi etxebizitza blokeetako haurrak, gaztetxoak eta helduak balkoietara ateratzen dira, eta bingoa hasten da; 19:00 inguruan hasi eta 20:30 ingurura arte irauten du. Guztira, hemeretzi bat pertsonak parte hartzen dute jokoan, eta sailkapena osatzen du Urangak: "Linea egiten duenak bost puntu lortzen ditu, eta bingo egiten duenak hamar. Eguneko sailkapena bidaltzen dugu Whatsapp taldera".

Lehendik ere bazuten harremana Zerraldeko auzotarrek, baina konfinamenduak harremana hobetzeko balio izan duela azaldu du: "Urrestilla herri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar, txikiteoan-eta elkarrekin ibiltzen baikara. Halere, konfinamenduak harremana zabaltzeko balio izan du".

Urrestillako bizilagunak dioenez, bingoan ehun puntu lortzea jarri zuten hasieran helburu, baina jokoak izan duen arrakasta ikusita mila puntura luzatzea aztertzen ari dira: "Jendea nazkatzen den arte jarraituko dugu bingoa egiten. Momentuz, ez dugu saririk jarri, baina ikusiko dugu gero zer egiten dugun, askariren bat edo...". Urrestildar asko Zerraldeko bingoari begira egongo dela aitortu du Urangak: "Herri txikia izanik, Urrestillan leku askotatik entzungo da bingoa, eta jendeak enbidia apur bat pasatzen duela ere esango nuke".

 

Loiolabide

Etxean sartuta egon behar den eta mundua geldirik dagoela dirudien honetan, bizitzak aurrera jarraitzen du. Baita heriotzak ere. Apirilaren 1ean hil zen Mikel Itulainen (Azpeitia, 1970) ama, minbiziarekin. Koronabirusa tarteko, orain arte hain ohikoak izan diren agurrak ukatu dituzte, baina horren faltan, auzoaren elkartasuna eta babesa sentitu ditu Itulainek. Loiolabiden bizi zen ama, eta senitartean nahi bezala egin ezin izan zioten agurra auzoan egin zioten. "Emozionantea" izan zen.

"Barrua mugitu zidan gertatu zenak. Ama hil eta berehala, gure amaren bizilagun batek egun horretako balkoietako txalo zaparrada –eta minutu bateko isilunea eta kandelak ateratzea– gure amaren oroimenez egiteko baimena eskatu zigun. Gure baietzaren ondoren, horrelaxe egin zuen bere balkoitik", azaldu du Itulainek. Balkoietatik egindako ekitaldi xume horrekin agurtu zuen auzoak, beraz, Itulainen ama. "Nik ez nuen horrenbesteko harremanik bizilagun horiekin, eta ziur aski, horrek mugitu zidan barruan zerbait. Harremanik ez duzun jendeak horrelako zerbait egitea... Amak, badirudi, bizilagun batzuekin hartu-eman estua zeukala".

Auzoak adierazi zuen elkartasuna ikusita, zera pentsatu zuen Itulainek: "Hainbeste merezi zuen gure amak". Ama nolakoa izan zen pentsatzera eraman du gertatutakoak: "Ona behintzat bazen; sentipen horrekin gelditu naiz". Esker ona sentitu zuen Itulainek auzotarren aldetik. "Sentitu nuen jende ona badagoela oraindik. Bultzada bat eman zidan gertatu zenak; 'dena ez dago galduta', pentsatu nuen".

Konfinamenduan jendearen onena eta txarrena ateratzen ari dela diote, baina gauza onei erreparatu die Itulainek. "Konbentzituta nago txarrerako ez dela izango; gauza onak ekarriko ditu honek. Elkartasuna, batez ere. Edozein momentutan nola alda daitekeen dena... Konturatu gara ez garela ezer eta denon beharra daukagula. Umilak izan behar dugu, hainbeste harrokeria gabe. Elkarri lagundu eta gauza onak opa behar dizkiogu. Alderdi hori atera daitekeela pentsatzen dut. Esperantza badaukat".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Enparan kalea

Espainiako Gobernuak konfinamendua agindu bezain laster hasi zen Enparan kalean musika eta festa. Garazi Santestebanen (Azpeitia, 1992) arabera, lehen egunak "oso ederrak" izan ziren, eta jende asko atera zen balkoietara abestera eta dantzatzera.

Santestebanek dioenez, lehen egunetan beste auzotar batzuk hasi ziren musika jartzen, baina beraiek etxean bozgorailu handi bat zutenez, erreleboa hartu zieten haiei: "Hasieran, ostegunetan, ostiraletan eta zapatuetan hasi ginen musika jartzen. Une batetik aurrera, ordea, musika jartzea ohikoa bilakatu zen, eta orain, zapatuetan bakarrik jartzen dugu". Lehen, 21:00etatik 21:45era arte luzatzen zuten saioa. Egun, baina, 20:30ean hasten dira musika jartzen, eta tarte laburragoan aritzen dira horretan. Musika aukeratzerakoan, arrakasta duten abestiak errepikatzen dituztela dio Santestebanek.

Enparan kalekoak "auzotar martxosoak" direla azaldu du: "Danborradako kantu bat jarrriz gero, auzotarrak balkoietara sardeskak eta goilarak eskuetan atera eta baranda jotzen hasten dira". Dena den, aitortu du hasierako egunetan animo gehiagorekin zegoela jendea. Halere, oraindik ere balkoietan "dezenteko anbientea" egoten dela esan du.

Auzotarren arteko harreman sarea hobetzeko ere balio izan die konfinamenduak Enparan kaleko auzotarrei. Santestebanek dio balkoiak "sozializatzeko gune" bilakatu direla, eta lehen elkarren artean ezagutzen ez ziren auzotar askok elkar ezagutzen dutela orain: "Orain badakigu lehen ezagutzen ez genituen auzotar askok non egiten duten lan, seme-alabarik ba ote duten, nola doakien konfinamendua... Gure arteko harremana sakondu egin da". Bestalde, auzoko haurrek eta gaztetxoek beren artean harremana egin dutela ere azpimarratu du azpeitiarrak.

Gaur-gaurkoz musika jartzen jarraitzeko asmoa dutela iragarri du Santestebanek, eta azpimarratu du ez dutela bizilagunen kexarik izan orain arte: "Auzotarrei esan genien kexarik bazuten jakinarazteko". Kalera ateratzen uzten duten momentua "kolosala" izango dela ere nabarmendu du hark, eta horren berri izatean bi orduko musika saioa egingo dutela ere bai, ospatzeko.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Arauntza

"Ondo, baina pixka bat aspertuta" dago Jon Alberdi (Azpeitia, 1999). Arauntzan bizi da, herrigunetik aparte eta naturatik hurbil. Baserrian ari da konfinamendua igarotzen, etxekoekin batera. "Aguantatuko dugu, baina azkenerako kontua luzatzen ari da, eta aspertzen ari gara. Baina egoera zein den ikusita, uste dut etxean egotea dela onena".

Bizilagunen komunitateak sortu diren honetan, badira konfinamendua nahiko bakartuta pasatzen ari direnak ere. Horietako bat da Alberdiren familia. "Hemen, gure baserria baino ez dago. 800 metrora dago Odria baserria, eta Etumeta aldera, beste baserri dezente daude. Gertuena ditugun bizilagunak 800 metrora daude".

Baserrian bizitzea askotan kalterako izaten den arren, "parrandatik itzultzeko eta", oraingo honetan, zorteko sentitzen da Alberdi. "Pilotan ezin dut egin, baina eskuak mantentzen saiatzen naiz. Garajean-eta pilotak pixka bat ukitzen ditut; egia esan, hemen bizita, fisikoa lantzeko nahikoa leku daukat. Etxe ondoan esprint batzuk egiteko tokia ere badut. Bizi naizen lekuak abantaila dezente dauzka, alde horretatik". Kaleko pisu batean entrenatzea "nekezagoa" izango litzatekeela uste du pilotariak.

Honela igarotzen du eguna Alberdik: "Goizean jaiki, kirol pixka bat egin, bazkaldu, eta arratsaldean, beste kirol pixka bat eta baserriko lanak". Izan ere, baratzea eta animalia batzuk dituzte etxean, eta horrek “arnasa” hartzeko aukera ematen diela azaldu du pilotariak. “Kalean baino aukera gehiago dugu hemen. Ezin naiz kexatu. Naturatik gertu egonda, eguna errazago pasatzen dut. Ez naiz geldirik egotekoa, eta uste dut kalean sufritu egingo nukeela. Hemen, errazagoa da arnasa hartzea eta entretenitzea, eta hori alde etorri zaigu. Askotan, kalterako izaten da baserrian bizitzea, baina oraingoan, alderantziz tokatu da".

Herritik aparte bizitzeak bere alde onak dituen bezala, ingurukoekin komunikatzea faltan sumatzen du Alberdik. Kalean hain ohiko bihurtu diren txaloak, adibidez, ez dituzte jotzen Arauntza baserrian. "Kaleko txaloak entzuten dira hemendik", dio. Dena den, alde onari begiratzen dio Alberdik. "Hala ere, nahiago dut hori gabe ni nagoen lekuan egotea, horrekin asko dauden bezala kaleko etxe batean egotea baino". Lagunekin afari bat egitea da gehien faltan sumatzen duena.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Barrenetxe

Bizilagun baten urtebetetze festarekin hasi zena, ospakizun multzo handi bat bilakatu da Sanjuandegiko Barrenetxe auzoan, eta auzotar horietako bat da Maixol Rezola (Azpeitia, 1971): "Hasierako egunetan, auzotar baten urtebetetzerako bertso bat prestatu genuen, eta bizilagunon artean kantatu genion. Gero, etxepeko beste batek galdetu zuen ia apirilean beste bizilagunen baten urtebetetzerik ba al zen, eta horrelaxe hasi zen guztia".

Asteburuetan ospatzen dituzte Barrenetxekoek urtebetetze festak, eta Whatsapp bidez antolatzen dituzte horiek: "Urteak betetzen dituen bizilaguna Whatsappeko taldetik botatzen dugu, eta hark zer zaletasun dituen enteratzen gara, festa antolatzeko", azaldu du. Behin bizilagunaren inguruko informazioa jasota, asteburuko programazioa egiten du Rezolak, eta ondoren, programa auzoko Whatsappeko taldera bidaltzen du: "Zapatu arratsaldetan egiten ditugu urtebetetze festak. Ordu jakin batean balkoira ateratzeko eskatzen diogu urteak betetzen dituenari, eta hark denok mozorrotuta ikusten gaitu eta zorionak kantatzen diogu". Askotariko mozorroak egin dituzte orain arte: "Festa batean ipotxez mozorrotu ginen, bizilagun bati perretxikoak asko gustatzen zitzaizkiolako".

Urtebetetze festez gain, beste hainbat ospakizun ere egin dute auzoan azken hilabeteotan. Duela aste batzuk "Bermuteo Elegantie" egin zuten, Elegante Egunaren Barrenetxeko edizioa, eta auzotarrek beren elegante trajeak balkoira ateratzeko aprobetxatu zuten abagunea: "Mutil batzuek neskaz janzteko aprobetxatu zuten Bermuteo Elegantie; eta neskek, mutilez". Horrez gain, astero-astero pintxo-poteoa eta bingoa ere egiten dituzte, beste hainbat ekintzaren artean.

Rezolak dio konfinamenduak auzotarren arteko harreman sarea hobetzeko balio izan duela: "Orain, 20:00etan txalo egitera ateratzen zara, eta amaitutakoan ikusten duzu auzotar batzuk berriketan gelditzen direla balkoietan. Lehen horrelakorik ez zen gertatzen". Kexaren bat edo beste ere izan dutela aipatu du Rezolak: "Bizilagun bat kexatu zen, baina guk orduak oso ondo errespetatzen ditugu, eta gure urtebetetze ospakizunek ez dute ordubete baino gehiago irauten". Gaur-gaurkoz, bizilagunek festarekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du Rezolak, eta konfinamendua amaitu arte jaiak ez duela etenik izango beren auzoan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Goikokale

Goikokalen bizi da Jon Ibarzabal (Azpeitia, 1989), eta giro ederra da nagusi haien etxearen inguruan. "San Jose egunean edo, laugarren solairuko andre batek musika jarri zuen, suabe antzera, eta jendea balkoian gustura ikusi nuen". Orduan otu zitzaion ideia Ibarzabali: "Bafle batzuk dauzkat, eta horietatik musika jartzen hasi nintzen". Ordutik, ostiral eta zapatu iluntzeetan eta igande eguerdietan, ez da musikarik falta izaten haien auzoan. "Eta ez badut jartzen, berehala hasten da jendea: 'Ez al duk musikarik jarri behar?'".

Ibarzabalek bozgorailuetatik musika jarri zuen batean, bi emakume mozorrotuta atera ziren balkoira. "Orduan, batzuk txapelak janzten hasi ziren, besteak ez dakit zer... Hurrengo astean, berriz, Sevillako Apirileko Feria egitea otu zitzaien". Horrelaxe hasi ziren, pixkanaka, etxean egon beharreko egunak festa momentu bilakatzen: batean, 1980ko hamarkadako musika jarri zutenn; bestean, Realaren eta Athleticen arteko finala ospatu... "Jendeari bizipoza ematen diote halakoek, zalantzarik gabe. Zain-zain egoten dira".

Tronpeta ere jotzen du Ibarzabalek: "Nire urtebetetze egunean jo nuen lehen aldiz. Pankartak-eta atera zituzten auzokoek, eta Zorionak zuri kantatu zidaten. Orduan, kantu bat eskainiko niela esan nien, eta pasodoble bat jo nuen". Bost minuturako sakelako telefonoa jo eta jo ari zitzaion. "Horrexegatik ez nuen nahi jotzea, banekielako herri guztian bideoak zabalduko zirela". Behin estreinatuta, ordea, gehiagotan ere animatu da musikaria: "Esaten dute tronpeta Erdikaletik, Santutxotik... entzuten dela". Laguntzailea ere badu hark. "Inguruan bizi da saxofoia jotzen duen azkoitiar bat".

Gauza bereziak egin dituzten arren, oro har, asteburuetan musika jartzen du balkoian Ibarzabalek, eta jendeak trago bat hartuz balkoian egoteko aprobetxatzen du unea. "Ideia bat egiteko: hoteletan gauetan egoten diren musika ekitaldi horietan jartzen dituzten moduko kantuak jartzen ditut". Kexarik ez dute jaso momentuz: "Are gehiago: aurreko batean, udaltzainak ere musika entzuten ikusi nituen".

Bizilagunen artean beste harreman sare batzuk sortzeko balio izaten ari da konfinamendua, Ibarzabalen iritziz. Haren auzoan, "familia giroa" sortu dela dio. "Familiakoekin fisikoki egon ezin dugun honetan, ingurukoak bilakatu dira familia, bizilagunak".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide