Triste nago. Apirilaren 22a da. Seigarren astea konfinamenduan. Kulturgileak greban dira. Maite Larburuk atzoko Berrian zioen "era guztietako eskaerak egin dizkidatelako. Guztia sortzaileak oraindik ere lanean ari direla erakusteko aitzakiarekin, baina doan". Eta ni, azken orduan, Uztarriarako zerbait idatzi nahian. "Kulturgileekiko mentalitatea da Euskal Herrian aldatu behar dena. Dohainezko eskaera horiek lotsa eman beharko lukete, ezinegona sortu eskatzen duenarengan: ultramarinoan patata kiloa dirurik gabe eskatuko bagenu bezalaxe". Neure egin dut Larburuk esandakoa. Indartsua iruditu zait, partekatu beharrekoa.
Hilabete eta erdian ez dut apenas haurrik ikusi, Whatsappeko argazki edo bideo deien bidez ez bada. Jolas parkeak prezintaturik daude. Irribarrea, jolasa, kolorea, bizi-poza falta zaizkigu kaleetan. Zorte pixka batekin, zuek artikulu hau irakurtzerako haurrak jolasean ikustearen plazera berreskuratzen hasiak izango gara.
Ez dut nahi
Ez dut adinekoak, haurrak, gaixoak lau pareten artean egotera kondenatzen dituen estatu nahiz erkidego batean bizi nahi, eta berdin zait espainiarra, frantziarra edo euskalduna bada. Argi geratu zen gurean nork agintzen duen. Confebaskeko burua irratian entzun besterik ez zegoen Sanchezek edozein motako jarduera ekonomikoak bertan behera geratzen zirela adierazteko dekretuaren berri eman zuen biharamunean. Apokalipsiaren lau zaldunak trostan jarri zituen. Herritarrei patxada eta itxaropena zabaldu beharreko garaian, izua eta ezinegona ereiten, irabaziak armamentu nahiz azpiegitura militarra produzitzetik poltsikoratzen dituzten enpresek ere ateak ixteko agindu zelako, besteak beste. Urkullu eta Tapia hark jotako doinuan dantzan.
Ez dut denoi dagozkigun erabakiak inolako azalpenik gabe hartzen dituzten agintarien menpe egon nahi. Azokak bertan behera utzi nahi izan dituzte, denda txikiak itxi. Saltoki handietako ilaran otzan nahi gaituzte; erosketak Internet bidez egiten eroso, plataforma handien irabaziak potolduz. Bitartean, inolako diru iturririk gabe edo laguntzen bidez agindutako apurren zain geratutako zenbat jende! Irratia edo telebista piztuz gero, Netflix edo HBOren bidez filmak nahiz telesailak kontsumitzeko aholkatuko digute. Otzan. Erromatar agintariek herriari ogia eta zirkua eskaintzen zizkioten; guri Netflix, Amazon eta supermerkatuak.
Lana etxeraino sartu zaigu, eta ez dugu kexatzerik. Asko eta asko lanik gabe geratu dira, beste asko lanera joatera behartu dituzte edo behartuta daude, segurtasun neurriak bermatu aurretik. Tutoretzak bideo deien bidez, egoera berrira egokitutako ebaluazioak, ikerketarako artikuluak aurkeztu beharreko epeak mantendu egin dira. Lanak ez du izan etenik. Koronabirusak ez du udaberriko oporrak zer diren ulertu. Baina zereginek gainezka egindakoan, sortu nahi genuena ateratzen ez zenetan egiten genituen ibilaldiak edo igerialdiak ezin eginda gaude. Erosketak egitera ateratzea arnasbide bakartzat, maite den jendearekin fisikoki topo egiteko modu bakartzat.
Izaki sozialak gara. Izaten ditut jendearekin nekatutako aldiak, baina nire fede bakarrenetakoa bizitzarengan, jendartearengan, eta bereziki, haurrengan daukadana da. Behetik sortzen den mugimenduan, boterean, sinesten dut. Txikiaren handitasunean. Ez dut erasotzailearekin bizitzera behartzen duen konfinamendurik nahi; ez dut zaintzearen aitzakian itotzen gaituen inoren menpe egon nahi. Ardura norbanako bakoitzarena da, ez beste inorena. Triste nago, baina maite ditudanei besarkada bat lasai emango diedan eguna amets.