Koronabirusa Azpeitian

Ohol lantegia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2020ko mai. 14a, 10:31

(Itziar Aranguren)

Jon Gurrutxagak 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zaila zait zerbait diferentea aurkeztea, esan denetik apartekoa; ezberdin formulatua, sikiera. Ezin dut, edo gogoz arraskatu beharko nuke. Besoak antxumatuta nago, egitearen eta egotearen arteko espazio geldoan; ez egiteko, ez egoteko.

Gogoan dut, Madrilen bizi ginela, tarteka bertso-eskola egiten genuela lagun bertsolari batek eta biok etxeko egongelan. Hasieran, gai librean hasten ginen: molde honetan inguruko erreferentziei tiraka, publikoa interpelatuz, elkarri erantzunez, momentuko elementuak hizpidera ekarriz eta limatuz osatu ohi du bertsolariak saioa. Bertso-bazkari-afarietan ohikoena den formatua da. Kontua da, hasi, hasten ginela, baina hamar minutu pasatzerako, berriz hasierako laukitxora itzultzen ginen, aurrez ateratako gaien errepikapen gogaikarriaz geure buruak aspertu eta Bertsoa.comi gaiak eskatzea erabakitzen genuen arte.

Orain ere, antzeratsu sentitzen naiz. Datuak, hildakoak, datuak, irudiak, txaloak, balkoiak, irudiak, polizia egurrean, irudiak, isunduak, datu-jasa, Whatsapp, Facebook, fake news, osasun langileak, haurrak, datu ezkutaketak, sendatutakoak eta despeditu gabeko hildako gehiago. Zaparrada horren azpian desinformazioa zarra-zarra, ezjakintasuna eta egonezina galanki eta egiaren ukazioa nonahi. Eta informazioaren faltan, egiaren faltan, giza garunaren hausnar ahalmena erdira murrizten da, ekoitzi ere hala moduz ekoizten du. Ohol lantegira pinurik sartzen ez bada nekez aterako da oholik.

Etxean geratzeko exijitu ziguten, zentzudunak izateko, eta harrotasunez bezala hitz eman genuen etxean geratuko ginela, arrazoizko kausa baten partaide ginelako. Umorea eta kontzientzia zibikoa higatu egiten dira, ordea, egun denak berdinak direnean. Orduan, amorratzen hasten gara erakundeen kudeaketa kaskarragatik, osasun irizpideekin bat ez datozen neurri justifikaezinengatik, langile sektore ezberdinen esplotazio basatiagatik, poliziaren inpunitateagatik edo bizilagunen begiradek ere poliziarenak diruditelako. Jarri direnak baino maskara gehiago erori dira azken hilabeteotan.

Fikzioa errealitate

Mundualdi honetan inork ezagutu gabea jazo da. Kontakizun distopikoak hezurmamitu dira; fikzioa errealitate ukigarria da orain. Etxe-zuloetan -batzuk beste batzuk baino zuloagoetan– lotuta gauzkate, eta beldurrez gaude, orokorrean. Ondo justifikatutako beldurra da. Asko eta asko pita baten gainean aurkitzen garelako, babesgabe, zaurgarritasun erabatekoan. Ekonomia kapitalistan eta harekiko guztizko dependentzian bizi ginela ezagun genuen, baina ispilua muturrean lehertzea beste gauza bat da.

Ortzemugarik ez dakusagu, eta eman dizkiguten iragarpenak ezin makurragoak dira. Dena ez da ilun, halere. Egoeraren larritasunean, jendeak batzera egin du. Hamaika izan daitezke adibideak: elkartasun dinamikak martxan jarri dira, autoantolakuntza sareak indartu dituzte ikasleek, apunte bankuak edo klase partikular autogestionatuak sustatuz; tokiko ekimen borondatezkoak abiarazi dira; elikagai bankuak, zaintza sareak, premiazko gaien etxez etxeko banaketak... konpromiso militante harrigarriz, osasun protokolo zorrotzak betez eta karitatetik urruti, oso urruti. –Hainbestek amestua den– dena bukatzen den egunean, larrialdi egoeran suspertu diren kimu emantzipatzaile horiek guztiak indartzen eta babesten segitu beharko genuke, erresistentzia antolatu beharko genuke, kapitalaren gurpil gupidagabeak mazpildu eta asimila ditzan –gaitzan– nahi ez badugu, bederen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide